Irakurriena
- 1. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 2. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
- 3. Cocoon bioteknologikoak lantoki berria inauguratu du proteina birkonbinatuak ekoizteko
- 4. Izan zirelako gara, eta garelako izango dira
- 5. Abian da 2024-2025 ikasturtea Mondragon Unibertsitatean
- 6. Lortek zentro teknologikoko zuzendaritzatik Eusko Jaurlaritzara
- 7. Pedro Sanchezek MONDRAGONen Kunshan Parkea bisitatu du, Txinan
- 8. MONDRAGONeko kooperatibak protagonista, gizartearen erronkei erantzunak ematen
- 9. Pello Rodriguezen gidaritzapean lehenengo bilera egin du Kontseilu Orokorrak
- 10. Mundukideko kooperanteen Topaketa Arantzazun
Basque Culinary Centerren graduatu den ia %100ak lortzen du lana
% 100eko enplegagarritasuna. Horietako 10etik 7 zuzendaritza-postuetan edo erdi-mailakoetan daude, gazte-gazteak izan arren. Basque Culinary Centerrek azterlan bat egin du «Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduko titulatuen garapen profesionala» gaiari buruz. Lehen hiru promozioen egoera aztertu da -2015, 2016 eta 2017-, eta ikusi da tituludunen laneratzea ia % 100ekoa dela oraindik ere.
Lehen promozioan (2015ekoan) langabezia-tasa % 2koa baino ez zen, eta azken bi urteetan ia ez da kasurik erregistratu (% 1). Gainera, erantzukizuneko lanpostuetan ari direnen kopuruak gora egin du. Horrela, zuzendaritzako edo erdi mailako postu batean daude azken promozioko tituludunen % 68, aurreko ikasturteko % 55en aldean. Guztira, hiru promozioetan % 63 inguru dira, batez beste, erantzukizuneko postuetan lanean ari direnak.
Datu horiek are esanguratsuagoak dira bi datu hauei erreparatzen badiegu: gradudunek lana eskuratzeko behar izan duten denbora oso laburra izan dela –azken promozioak duela bederatzi hilabete eskas amaitu zituen ikasketak– eta tituludunak oso gazteak direla –haien batez besteko adina 24 urtekoa da–. Horrela, sumatzen da langile horiek ibilbide oparoa izango dutela beren lanbidean.
Ikasleen enplegu tasa aztertuta, %20 kudeatzaileak dira, %16 sukaldariak eta %13 prestatzaileak. Gainera, gerenteen kopurua %5era igo da.
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiaren ustez, «datu horiek bermatu egiten dute Gastronomiako Graduko geure ikasleei ematen ari gatzaizkien hezkuntza». «Gure fakultatean –dio ikastetxearen arduradun nagusiak– beti izan dugu argi zein garrantzitsua den uztartzea kualifikazio goreneko hezkuntza, ikasketa-prozesua sendotuko duten ezagutza teorikoekin hornitua, eta prestakuntza praktikoa, ikasleei lan-merkatuan azkar eta malgutasunez sartzeko aukera emango diena. Lortutako datuek gure eredua bermatzen dute, eta erakusten digute zein den gure gradudunen ibilbide profesionala eta askotariko lanbideetan ari direla lanean»
Lan-egoera
Azken promozioko (2017) ikasleen enplegu-tasaren xehetasunak aztertuta, ikusiko dugu % 20 kudeatzaileak direla, % 16 sukaldariak –behera egin du kopuru horrek, eta gora, aldiz, gerente, kudeatzaile edo taldeburuenak–, eta % 13 prestatzaileak. Gainera, gerenteak tituludun guztien % 5 dira, 2016ko promozioaren % 2ren aldean.
Enpresa-mota
Halaber, azterlanak azaltzen du zer motatako enpresatan egiten duten lan Basque Culinary Centerreko tituludunek. Horrela, 2017ko gradudunen % 56k jatetxe batean egiten du lan, eta sektore horretan laneratzen dira ikasleen erdiak baino gehiago. Gainera, ikerketa-enpresak ageri zaizkigu bigarren postuan –jatetxeen ondoren– tituludunek lana lortzen duten enpresen artean, kolektibitateen ehuneko berberarekin. Gainerako tituludunek hoteletan, elikagaigintzan, okintzan edo opilgintzan, retailean eta ekitaldietan egiten dute lan, besteak beste.
Ibilbideak
Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako ikasleek hiru ibilbide hauta ditzakete beren prestakuntzan: Elikagaigintza, Sukaldaritzako Abangoardia eta Berrikuntza, Negozioak eta Ekintzailetza. Azken promozioan, ikasleen % 41ek Sukaldaritzako Abangoardiaren ibilbidea aukeratu dute. Bestalde, aurreko ikasturtearekin alderatuta, 11 puntu igo da Elikagaigintzako espezializazioa hautatzen duten ikasleen ehunekoa, eta orain % 29koa da. Berrikuntza, Negozio eta Ekintzailetzako ibilbidea aurreko ikasturteko zifra paretsuetan geratu da: ikasleen % 30.