Basque Culinary Centerrek eta AgroBankek Impulso Agro aurkeztu dute, nekazaritzako elikagaien alorreko talentu gazteen lehen belaunaldia

Ekimen honen bidez, nekazaritzako elikagaien sektorearen eta sektore gastronomikoaren oraingo eta etorkizuneko erronka handiak talentuz, berrikuntzaz eta konpromisoz aurrera ateratzen ari diren 40 urtetik beherako 40 profesional aintzatetsi dira.
Card image cap
2025/06/30

Basque Culinary Center eta AgroBank, CaixaBank-eko nekazal negozio lerroa, erakundeek Impulso Agro ekimenaren lehen belaunaldia iragarri dute. Ekimen honen bidez, nekazaritzako elikagaien sektorearen eta sektore gastronomikoaren oraingo eta etorkizuneko erronka handiak talentuz, berrikuntzaz eta konpromisoz aurrera ateratzen ari diren 40 urtetik beherako 40 profesional aintzatetsi dira. 

Nekazaritzako elikagaien sektorea goitik behera aldatzen ari dira 40 talentu gazte horiek beren ideia ausart, jasangarri eta eragin handikoekin —besteak beste, alkoholik gabeko ardoak, behientzako sentsore adimendunak eta beste proiektu asko garatu dituzte-. Hona hemen haien ekimenetako batzuk: erleentzako bioaterpeak sortzea, sagardoa eta artilea berrasmatzea, kombucha saridunak merkaturatzea, abeltegi adimendunak diseinatzea, pistatxo-laborantza bultzatzea Espainian, arraza autoktonoak berreskuratzea eta nekazaritza birsortzaileko proiektuak sortzea. Tradizioa, zientzia eta teknologia uztartzeko duten gaitasunari esker, landa-ingurunea suspertzen ari dira, eta, gainera, gizartearekin gero eta lotura estuagoa duen nekazaritzako elikagaien sistema berritzaile eta jasangarriago baterako bidea markatzen dihardute.

Impulso Agro ekimenaren parte gisa argitaratu da hautaketa, zeinaren helburua baita lehen sektorea eraldatzen ari diren proiektuak sortu dituzten gazteak ezagutaraztea eta babestea eta, aldi berean, eragile guztiak elkartuko dituen komunitate bat sustatzea. Hazteko, inspiratzeko eta sarean lan egiteko balioko du sare horrek.

Joxe Mari Aizega: "Basque Culinary Centerrek uste sendoa du belaunaldi berriek paper erabakigarria dutela nekazaritzako elikagaien sektorea eta sektore gastronomikoa eraldatzeko lanean"

Nekazaritzako elikagaien sektoreak funtsezko papera du garapen ekonomikoan eta sozialean, eta erronka ugariri egin behar die aurre: berrikuntza, klima-aldaketa, eraldaketa digitala, belaunaldien arteko erreleboa, profesionalizazioa, elikagai-segurtasuna, kontsumo-ohituren aldaketa, etab. Eta erronka horietako bakoitza aukera bat da sektore dinamiko, jasangarri eta lehiakorrago bat eraikitzeko. Testuinguru horretan, belaunaldi berriek funtsezko egitekoa dute sektorearen bilakaera eta erresilientzia bermatzeko. Horregatik, AgroBank eta Basque Culinary Center erakundeek bi urtez behingo ekimen hau bultzatu dute, jakin bai baitakite talentu gaztea babestea funtsezkoa dela sektorea eraldatzeko. Nekazaritzako elikagaien sektorea errotik eraldatu nahi da, ekoizteko, elikatzeko eta elkarrekin bizitzeko modu berriak eraikiz.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak azaldu duenez, Basque Culinary Centerrek uste sendoa du belaunaldi berriek paper erabakigarria dutela nekazaritzako elikagaien sektorea eta sektore gastronomikoa eraldatzeko lanean: "Horregatik, guretzat ekintza estrategikoa da AgroBank erakundearekin batera Impulso Agro ekimena garatzea, nekazaritzako elikagaien sektorean sortzen ari den talentua babesteko eta ezagutarazteko. Izan ere, lehenago egin ditugun beste ekimen batzuekin batera, sektorearen etorkizunarekiko dugun konpromisoa indartzen du”.

DSC_2572.jpg

40 urtetik beherako 40 gazte
Impulso Agro ekimenaren lehen edizio honetan, nekazaritzako elikagaien kateko profil-espektro zabal bat ordezkatzen duten 40 profesional esanguratsu hautatu dira. Basque Culinary Center eta AgroBank erakundeetako profesionalek eta sektoreko beste eragile espezializatu batzuek osatutako aditu-batzordeak hilabeteetan egindako lan zorrotzaren emaitza da zerrenda hori. 

Helburua izan da nekazaritzako elikagaien sistemaren etorkizuna aldatzeko ahalmena duten proiektu eraldatzaileak zuzentzen dituzten gazteak (40 urtetik beherakoak) identifikatzea. Diziplina anitzeko ikuspuntua eduki behar dute, ekoizpena, elaborazioa, banaketa, merkaturatzea eta gastronomiarekiko lotura barne hartzen dituena, besteak beste.

Gaur egungo nekazaritzako elikagaien sektorearen erronka eta aukera nagusien isla diren kategoriatan multzokatu dira hautatutako profilak: gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuna, belaunaldien arteko erreleboa, berrikuntza eta ikerketa, ekintzailetza eta sektorearen profesionalizazioa, eraldatze digitala, kontsumo-ohituren bilakaera eta produktuaren eta gastronomiaren arteko lotura. Aniztasun horren bitartez, elikadura, premia gisa ez ezik, balioa, lurralde-garapena eta ongizate soziala sortzeko bide gisa ulertzen duen belaunaldi berri baten konpromisoa ordezkatzen dute proiektuek.

Mondragon Unibertsitateko Zientzia Gastronomikoen fakultatea