Irakurriena
- 1. Danobatgroupek Enpresa Berrikuntzaren Saria jaso du lidergo teknologikoan egindako 70 urteengatik
- 2. MONDRAGON errotuago Katalunian, Barcelona Circular proiektuan parte hartuz
- 3. M&A operazioak, MONDRAGONen Finantza Foroaren IX. edizioaren ardatz
- 4. Lasterketa Solidarioaren X. edizioak inoizko parte-hartzerik handiena izan zuen
- 5. Dikar-ek Ternua erosi du, kooperatibaren hazkundea bultzatzeko eta marka Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko
- 6. Kidek 50. urteurrena ospatu du
Berrikuntza gastronomikoa saritu dute Eroski eta Basque Culinary Center-ek
Eroskik eta Basque Culinary Centerrek berriro ere bultzatu dituzte, bosgarren urtez jarraian, Eroski-BCC Onenak aitortza ekitaldia, BCC alumni komunitateko kideen proiektuak babesteko helburuarekin. Proiektu horiek elikadura eta gastronomia ulertzeko modua eraldatzen ari dira, eta nabarmentzen dira tokiko produktuarekiko konpromisoagatik, iraunkortasunagatik eta berrikuntzagatik; hain zuzen ere, bi erakundeek partekatzen dituzten balioak. Aurten, Esther Merino izan da aitortuetako bat, alkoholik gabeko NoLo edarien garapenean eta hartzidura artisauen tekniketan aitzindaria. Halaber, Lola Palacio ere saritu dute, Iñaki Gomezekin batera Asturiasko Villaviciosako Castiello de Selorion dagoen Alenda jatetxearen sustatzailea bera; eta Jon Iñaki Yurrebaso, Bizkaiko Axpen dagoen Mendi Goikoa Bekoa jatetxe eta hotelaren jabea.
Proiektuak elikadura eta gastronomia ulertzeko modua eraldatzen ari dira, eta nabarmentzen dira tokiko produktuarekiko konpromisoagatik, iraunkortasunagatik eta berrikuntzagatik
Aitorpenen banaketa Basque Culinary Centerren egin da, Miramonen (Donostia), eta ekitaldian izan dira, ikastetxearen ordezkari, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia, eta Vicente Atxa, Patronatuko presidente eta Mondragon Unibertsitateko errektorea. Eroskiren aldetik, bertaratu dira Rosa Carabel, kooperatibako CEOa, eta Asun Bastida, Taldeko Harreman Instituzionaletarako eta Komunikazio Korporatiborako zuzendaria. Bertan izan dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak, baita Donostiako gaur egungo alkate Jon Insausti ere. Horietaz gainera, topaketan izan dira, era berean, nekazaritzako elikagaien industriako ehun profesionaletik gora eta erakundeak, elkarteak eta hedabideak. Bertaratuek esperientzia gastronomiko paregabea izan dute, hiru sarituen eskutik prestatutako platerak eta edariak dastatuta.
Hitza hartu duenean, Rosa Carabelek azpimarratu du berrikuntza eta tradizioa uztartzen egin duten lana: "Eroskin berrikuntzaren alde egiten dugu, gure sustraiak galdu gabe, eta bertako ekoizleekin elkarlanean aritzen gara, ikuspegi bat partekatuz: gure eskualdeen aberastasun gastronomikoa zaintzea, biodibertsitatea babestea eta gure nortasunaren parte diren langintza tradizionalei bizirik eustea. Gure ustez, etorkizuna eraikitzeko inspirazio-iturri da tradizioa; horregatik aitortzen ditugu gaur gure gastronomiaren onena zainduz etortzekoa dena irudikatzeko ausardia dutenak".
Joxe Mari Aizegak, berriz, hauxe azpimarratu du: "Bosgarren urtez jarraian emango ditugu Eroski-BCC Onenak aitortza sariak. Ekimen hau sortu zenean, gure helburua zen gure ikasle ohietako askok duten espiritu ekintzailea ikusaraztea, lan bikaina egiten ari baitira tokiko produktuaren, iraunkortasunaren, osasunaren eta berrikuntzaren arloan. Aitortza hauen ibilbide sendoak erakusten du nolako talentua duten gure ikasgeletatik pasatu diren gazteek. Ekimen hau Eroskirekin batera garatzeak, berriz, adierazten du biok gaudela konprometituta belaunaldi berriekin, etorkizuneko gastronomia eta elikadura markatuko dituzten belaunaldiekin, hain zuzen".
2025ean aitortutako talentuak
Esther Merino, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetan graduduna Basque Culinary Centerren, aitzindaria izan da alkoholik gabeko NoLo edariak sortzen eta hartzidura artisauen teknikak garatzen. Kopenhageko Noma eta Alchemist jatetxeetan izandako prestakuntza-esperientzien ondoren, BOWS sortu zuen, bere metodologia propioa duen aholkularitza gastronomikoa. Irakasle ibili da Basque Culinary Centerren, eta berriki Sagarmut aurkeztu du, Zapiain sagardotegiarekin elkarlanean garatutako bermuta. Haren lanaren ardatza da freskagarri industrialen alternatiba osasungarriak sortzea, tokiko eta sasoiko osagaiak erabiliz. Jardun horrek sektorearen eraldaketa irudikatzen du: edari iraunkorragoen aldeko bidea, tradizioa eta berrikuntza uztartuz eta lurraldean balioa sortuz.
Lola Palaciok, berriz, Sukaldaritzako Berrikuntza eta Kudeaketa Masterra egin zuen Basque Culinary Centerren, eta, Iñaki Gomezekin batera, Alenda jatetxearen jabea da, Castiello de Selorion (Villaviciosa, Asturias). Sei urtez Ricardo Sotres sukaldariarekin lan eginda (Retiro de Pancar jatetxean), 2023an ireki zuen Alenda, eta geroztik Michelin Gidaren aitortza eta Eguzki Repsol bat jaso ditu; hala, Asturiasko gastronomiaren erreferente bihurtu da. Iraunkortasunean eta zero kilometro ereduan oinarritzen du bere proposamena: Llastresko merkatuko arrain freskoak eta bere baratzeko berdurak. Arreta pertsonalizatuaren eta giro atseginaren bidez, bezeroek asturiarren ingurunearekin konektatzen dute, eta horrek agerian uzten du gazte ekintzaileak lidergoa hartzen ari direla lurraldearekiko arduratsuagoak diren ereduetara eboluzionatzeko.
Eroski – BCC Onenak aitortza ekitaldietan, aditu-batzorde baten bidez hautatu izan dira Basque Culinary Centerreko graduan edo master edo programa profesionalen batean trebatu diren profesionalak
Azkenik, Jon Iñaki Yurrebaso Sukaldaritza Zientzien eta Arteen arloan graduatu zen Basque Culinary Centerren, eta Mendi Goikoa Bekoa jatetxe eta hotelaren jabea da (Axpe, Bizkaia). Gastronomiaren 100 talentu gazteetako bat dago kontsideratua. Eskarmentua Torres anaiekin eta Dani Garciarekin harturik, 26 urterekin ekin zion Mendi Goikoa Bekoa jatetxeari, 2021ean, pandemia betean. Haren lanak Eguzki Repsol baten aitortza jaso du. Euskal gastronomia eta kultura berreskuratzean oinarritzen da haren proposamena: tokiko eta sasoiko produktuak erabiltzen ditu, eta parrillan egiten duen lanagatik nabarmentzen da. Lurraldearekiko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa argi islatzen da gertuko ekoizleen alde egiten duen apustuarekin, eta, horrela, eskualdearen garapen ekonomikoan laguntzen du.
Eroski – BCC Onenak aitortza ekitaldietan, aditu-batzorde baten bidez hautatu izan dira Basque Culinary Centerreko graduan edo master edo programa profesionalen batean trebatu diren profesionalak. Horiek proiektu propioak jarri dituzte martxan berrikuntzarekin, iraunkortasunarekin eta tokiko produktuekin konprometituta; hiru kontzeptu horiek dira gastronomia lokalaren oinarria eta etorkizuneko elikaduraren ardatza, eta bi erakundeek modu aktiboan sustatzen dituzte beren ekimen guztietan.