Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko errektore izendatua izan da

Izendapena 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.
Card image cap
2026/09/24

Mondragon Unibertsitateko presidenteak bidalitako komunikatuan jakinarazi da, Unibertsitateko Kontseilu errektoreak ezohiko bilera egin duela eta Lander Beloki, egungo Enpresagintza Fakultateko Dekanoa, Mondragon Unibertsitateko errektore berri izendatzea erabaki duela. Izendapen hori, 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Era berean, jakinarazten da egungo errektoreak, Vicente Atxak, 2026ko abenduaren 31n amaituko duela Mondragon Unibertsitatearen buru gisa egin duen lana, karguan hamabi urte eman eta hirugarren agintaldia bukatzean.

Komunikatuan aipatzen da haren lidergoak modu esanguratsuan lagundu duela Mondragon Unibertsitateak gizartean duen eragina sendotzen bai eta Unibertsitatearen hazkundean eta naizoateratzean. Bereziki nabarmentzen dira haren giza kalitatea eta konfiantzazko harremanak sortzeko duen gaitasuna eta horrek arrasto sakona utziko duela bai Unibertsitatean, bai bertako kide guztiengan.

Kontseilu Errektoreak bere esker ona eta aitortza adierazi dizkio Vicente Atxari bere konpromisoagatik eta egindako lan baikinagatik, Mondragon Unibertsitatea posizio sendoan uzten baitu etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Azkenik, Kontseilu Errektoreak bere konfiantza osoa adierazi dio Lander Belokiri etapa berri honetan Mondragon Unibertitateko buru izateko. Era berean, nabarmendu du haren ibilbideak eta esperientziak berme sendoa eskaintzen dutela Unibertsitatearen erronkak eta aukerak arrakastaz gidatzeko.

Lander Beloki Mendizabal

Lander Beloki (Zaldibia, 1971) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Bertan egin zituen unibertsitate-ikasketak eta ondoren doktorego-tesia, mikroekonomiaren eta industria-antolakuntzaren arloan espezializatuta.

1999an hasi zen Mondragon Unibertsitatean lanean, Enpresagintza Fakultateko Ekonomia irakasle eta ikertzaile gisa. 2005az geroztik, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa da, eta ardura hori MU Enpresagintza S.Coop.-eko zuzendaritzarekin eta MIK S.Coop.-en ikerketa-arloko zuzendaritza-erantzukizunekin uztartu du. Mondragon Unibertsitateko zuzendaritza-taldeko kidea ere bada.

Bere ibilbidean zehar, kooperatiben, enpresen eta erakundeen inguruko hainbat eginkizun ere bete ditu. Eroskiko Kontseilu Errektoreko kide eta Lagun Aro Segurosen Administrazio Kontseiluko kide izan da, eta aditu gisa parte hartu du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean. Horrez gain, EITBko komunikabideekin ohiko kolaboratzailea izan da ekonomiari lotutako gaiak aztertzen.

Bere ibilbide profesionalari esker, unibertsitatearen, enpresaren eta kooperatibismoaren esparruen ezagutza zabala eskuratu du, bai unibertsitate-kudeaketan bai hainbat erakunde kooperatibotako gobernu-organoetan izandako esperientziaren ondorioz. Esperientzia horiek aukera eman diote unibertsitatearen, enpresaren eta kooperatiba-ereduaren arteko harremanaren ikuspegi integrala garatzeko, baita horiek garapen ekonomiko eta sozialean duten ekarpena ulertzeko ere. Euskara, gaztelania eta ingelesa hitz egiten ditu.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa