Irakurriena
- 1. M&A operazioak, MONDRAGONen Finantza Foroaren IX. edizioaren ardatz
- 2. Lasterketa Solidarioaren X. edizioak inoizko parte-hartzerik handiena izan zuen
- 3. Dikar-ek Ternua erosi du, kooperatibaren hazkundea bultzatzeko eta marka Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko
- 4. Kidek 50. urteurrena ospatu du
- 5. Kooperatibak eta ekonomia soziala: gertutik eraldatzen
- 6. Eusko Jaurlaritzak eta Konfekoopek euskal industria-kooperatibismoarekin kontrastatu dute Euskadi 2030 Industria Plana
MONDRAGON errotuago Katalunian, Barcelona Circular proiektuan parte hartuz
 
                      Lehen ere Kataluniako egunerokoan eragile garrantzitsua bazen MONDRAGON, orain helduleku bat gehiago izango du Bartzelonan. Barcelona Circular 3.400 metro kuadroko espazio berri bat da, enpresa gazteentzat eta haiek dakartzatzen soluzio teknologikoentzat irekia egongo dena. Ekimen publiko-pribatua, Mondragon Unibertsitateak, TeamLabsek eta Barcelona Activak kudeatuko dute.
Argi azpimarratu zuen ideia hori Pello Rodriguezek, MONDRAGONeko presidenteak, bere hitzaldian: “MONDRAGON errotutako proiektua da Katalunian. 10.000 lagunek egiten dute lan gure kooperatiba eta negozioetan, eta oso sektore anitzetan gainera. Gaur berrikuntza eta ekintzailetza gaiak dakartzagu Mondragon Unibertsitatearekin, baina hor daude Ausolan, Caprabo, Onnera Group, baita Ribinerf edo Sentinel bezalako negozio teknologikoak ere, eta nola ez, LABORAL Kutxak Katalunian abiatu duen zabalkundea. Gure apustua sendoa da benetan”.
“MONDRAGON errotutako proiektua da Katalunian. 10.000 lagunek egiten dute lan gure kooperatiba eta negozioetan, eta oso sektore anitzetan gainera".

Bartzelonako alkate Jaume Collboni ere, pozik agertu zen Barcelona Circular-ek hirian duen txertatze estrategiko eta ekarpenarekin: «Gaur inauguratzen dugun ekipamendua lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, ekonomia zirkularraren polo iraunkor bat abian jartzeko. Horrek aukera emango digu klima-aldaketaren arrazoiak borrokatzeko, baina baita negozioa eta aukerak sortzeko ere, bai hirian, bai auzotar guztientzat ere».
Barcelona Circular
Bon Pastor auzoan kokatua (Sant Andreu), formazioa, berrikuntza eta ekintzailetza uztartzen dituen espazioa da Mondragon Unibertsitatearen eta TeamLabsen apustu berria Katalunian. 100 ikasletik gora hartuko ditu ikasturte bakoitzean 3.400 metro koadroko espazio honek, eta dagoeneko, bertan dihardute 15 enpresek, aurretik TeamLabsen Bilbo, Madril, Malaga edo Valentziako esperientzietan ere egin izan den bezelaxe. MONDRAGONen zigilua dakar Barcelona Circular-ek, industriaren eraldatze digitala bilatzen duelako eta jasangarriagoak diren eredu zirkularrak sortu nahi dituelako, beti ere inguruan eragin positiboa sustatuz. Talentua erakartzeko eta kalitatezko lan postuak sortzeko giltzarria izango da proiektu berri hau.

Industria- eta jasangarritasun-aldaketarako polo bat, kokapen estrategikoan
Espazio guztiak proiektuaren lau ardatz estrategikoren arabera diseinatu dira:
• Talentua eta prestakuntza. Ekipamenduak sektorearen eta enpresen errealitatearekin lotutako prestakuntza praktikoa eskaintzen du, learning by doing metodologiaren bidez. Jada martxan da Liderazgo Emprendedor e Innovación (LEINN) gradu ofiziala, 200 gazte baino gehiagorekin, 16 enpresa eta 300 proiektu sortu dituztenak, baita Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoan Unibertsitate Masterra ere; biak Mondragon Unibertsitateko tituluak dira. Ekipamenduak, gainera, Bon Pastor auzoko industria-sarearen beharretara egokitutako prestakuntza-programazioa eskainiko du.
• Ekintzailetza eta negozio-eredu berriak. BAC Bartzelonako industriaren eraldaketa bultzatzeko zentro gisa kokatzen da, ekintzailetzaren bidez. Horretarako, proiektu, startup eta enpresa sendotuentzako inkubazio eta azelerazio programak ditu, ekonomia zirkularra eta ETEen eraldaketa digitala sustatzeko. Ekipamenduak 50 coworking plaza, fabrikazio digitaleko tailer bat eta materialak optimizatzeko eta hondakinak murrizteko tailer bat ditu. Gaur egun bertan daude Kataluniako Hondakinen Klusterra, TechTourism klusterra, Plástico Precioso elkartea eta Eix Besòs enpresen elkartea.
• Enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza. Polo berriak berrikuntza-laborategi bat dauka, industria-ETEei gaur egungo erronkei aurre egiten laguntzeko. Berrikuntza-prozesuen bidez ideiak eta metodologia berriak identifikatzea ahalbidetuko du, eta ekipamenduaren prototipatze-espazioa enpresen eskura egongo da haien soluzioak sortzeko. BACek, gainera, gazte talentua industria-sarean txertatzen lagunduko du, lehiakortasuna handitzeko.
• Komunitatearekin konektatzea. BACek doako programazioa eskaintzen du, berrikuntzari eta negozio-ereduen eraldaketari, lidergoari, ekintzailetzari, ekonomia zirkularrari eta industria 4.0ari buruzkoa. Sektoreko erreferenteei zein gazteei zuzenduta dago, sinergiak eta lankidetza sustatzeko. Gainera, espazioa erabilgarri egongo da ekosistemako ekitaldiak antolatzeko, komunitatea indartzeko helburuarekin.
 
     
     
   
                         
                                   
                                   
                                   
                                   
             
                         
                        