Irakurriena
- 1. Elkartasuna nagusi Mundukideren lasterketan
- 2. Jokin Umerez izendatu dute Eneako zuzendari nagusi
- 3. Bazen behin Behobia Donostian
- 4. Pello Rodriguezek "enpresa egiteko beste modu bat" aldarrikatu du BANG à BIG 2026 ekitaldian
- 5. "Elektrifikazioak, kostuen gaineko presioak eta jasangarritasunak berrasmatzera behartzen gaituzte"
- 6. Eskuratu TERNUA produktu sorta
“Robotak ez dira AA gorpuztuak soilik. Gure arloan garapen handia dago egiteko”
Lehenengo esaldiak aho bete hortz utzi nau. “Adimen Artifizialaren garapen azkarraren ondorioz jendeak uste du robotikaren arloa ere izugarri garatu dela eta ez da horrela. Bi arloek lotura estua dute baina AAk ez bezala, robotika oraindik ez dago Ex Machina pelikulak irudikatzen zuen moduan”.
Hasteko, eta nire amak ulertzeko moduan azaldu iezadazu zer den robotika kognitiboa.
Robotika kognitiboa da robotikaren azpieremu bat. Pertsonen edo animalien gaitasun kognitiboak robotari nola bideratu ikertzen duen eremua. Adibidez, arrazoitzeko gaitasuna, memoria, komunikatzeko gaitasuna, animalien jarrerak imitatzeko gaitasuna… hori guztia da robotika kognitiboan ikertzen dena.
Oraindik oso kanpo kontzeptuala da.
Bai, eta bide luzea dugu aurretik. Gure lana, ikertzaileon lana, gizakiaren eta robotaren arteko interakzioan oinarrituta dago. Robotika kognitiboa humanoideetan dago zentratuta, baina gu industria eremuko robotetan oinarritzen gara bereziki.
“Gauza kritikoetako bat izan daiteke garapena askoz azkarrago doala garapen horien inpaktua ulertzea baino. Ikerketa askoren helburua da gaitasunak garatzea. Baina, garapena ematen ari da jakin gabe nolako inpaktua izango duen gugan edo robotekin dugun interakzioan”
Adimen Artifizialak eta bisio artifizialak roboten pertzepzioa hobetzeko gaitasun handia dute, baina oraindik orain robotak gizakiarekin harreman ona izateko jauzi handia dago, ezta?
Hori da gure ikerketaren eszenatoki bat. Baina, bai, robotek badute informazioa prozesatzeko gaitasuna, bereziki Adimen Artifizialaren garapena hain handia denean. Robotika kognitiboa eta Adimen Artifizialaren aplikazioa eskutik doaz. Nire tesiak arlo horretan du abiapuntua.
Orduan eta AAren aplikazio handiagoa, robotaren interakzio gaitasun handiagoa?
Bai, izan daiteke. Baina ze punturaino gaitasun horiek dira interesgarriak interakziorako? Gauza kritikoetako bat izan daiteke garapena askoz azkarrago doala garapen horien inpaktua ulertzea baino. Ikerketa askoren helburua da gaitasunak garatzea. Baina, garapena ematen ari da jakin gabe nolako inpaktua izango duen gugan edo robotekin dugun interakzioan. Gaur egun, AArekin eta Large Language Model-arekin (euskaraz Hizkuntza Eredu Handia) gure gaitasun kognitiboak AAri eman dizkiogu.
Esadazu, Nagore. Oraindik gure bizilagunaren robotari eskaileretan egunon esatetik urruti gaude, edo?
Bai. Lasai egin dezakezu lo. Lan handia dago oraindik egoera horretara iristeko.
Tesiaren hirugarren urtean zaude eta lau urteren bueltan burutzea espero duzu. Zein unetan zaude orain?
Alde batetik pertsonen perspektiba eta galdera humanozentristak roboten garapenean txertatzeko metodologiak garatzen ari gara. Bestetik, robotek dituzten gaitasun kognitiboak ulertu eta hauek nola pertzibitzen diren ulertzen saiatzen ari gara.
“Robotek badute informazioa prozesatzeko gaitasuna, bereziki Adimen Artifizialaren garapena hain handia denean. Robotika kognitiboa eta Adimen Artifizialaren aplikazioa eskutik doaz. Nire tesiak arlo horretan du abiapuntua”
Robotek gurekin konbibentzian bizi daitezen, datu asko behar izateaz gain, ulertu behar dute mundua guk, gizakiok, esperimentatzen dugun moduan. Zuk esandakoa da hori. Azalduko mesedez?
Pertsonek sesgo kognitibo ugari ditugu eta mundua gure perspektibatik ulertzen dugu. Hala, saiatzen gara ulertzen zein fenomeno ematen diren pertsonen eta roboten artean. Horrekin lotuta, interesgarria deritzogu robota diseinatzerakoan sesgo horiek kontuan izatea.
Zorionez edo zoritxarrez robotari asko geratzen zaio ulermen soziala, zentzua edo giza adimena izateko, ezta?
Asko aurreratu badugu ere oraindik asko falta da esaten duzun eszenatokira iristeko.
Edozelan be, aurten bizi izan ditugu Txinan, Roboten aurreneko Olinpiar Jokoak.
Europan mugak askoz zorrotzagoak dira Txinan eta Ameriketako Estatu Batuak baino, bere gauza on eta txarrekin betiere. Gure legediak testak egiteko, hirietan frogak egiteko, muga ugari jartzen dizkigute. Txinan eta AEBetan ez dago horrelako mugarik, eta horren adibide aurtengo Olinpiar jokoak Txinan. Edozelan be, komiko samarrak iruditu zaizkit.
Zenbat kalte eta onura egin dio AAren garapenak roboten arloari
Robotak ez dira AA gorpuztuak. Gure arloan garapen handia dago oraindik egiteko. Robotak aspaldikoak dira eta AArekin garatu dira, bai, baina ez gara oraindik Ex machina pelikulak irudikatzen zuen errealitatera iritsi. Bestalde, esan daiteke AAren gaurko garapenak, Yo robot pelikulak irudikatzen zuena gainditu duela. Gaur egun jada, ezagutzen ditugu makinaz, chatGPTz, maitemindu diren pertsonak.
Gertutik
Zer nahiago ikerketa edo irakaskuntza?
Ikerketa.
Itsasoa edo mendia?
Zumaiarra izan arren, mendia.
Galtzeko leku bat?
Iratiko basoa.
Musika talde bat?
Nakar, Merina Gris, Berri Txarrak…
Janari gogokoena?
Janari indiarraren oso fan naiz.
Lau urtez Txinan egon zinen, ezta?
LEINNetik joan ginen, eta ikaskide batekin enpresa bat sortu genuen Go for visual izenekoa. Esperientziarekin asko ikasi nuen.