Ikerlanek eta Secure MLk elkarlanean jardungo dute adimen artifizial seguruagoa eta fidagarriagoa sustatzeko

Lankidetzaren helburua da adimen artifizialeko sistemak babesteko gaitasun aurreratuak enpresen eskura jartzea, sektore kritikoetan gero eta presentzia handiagoa duten teknologien segurtasuna, pribatutasuna eta fidagarritasuna indartzeko.
Card image cap
2026/10/15

Adimen artifiziala eraldatzen ari da enpresek produktuak diseinatzeko, prozesuak optimizatzeko eta erabakiak hartzeko duten modua. Hala ere, teknologia horien erabilera azkarrak arrisku berriak ere sortzen ditu zibersegurtasunari, pribatutasunari eta sistema adimendunen osotasunari dagokienez. Erronka horri erantzuteko, Ikerlanek eta SecureMLk elkar ulertzeko memorandum bat sinatu dute, adimen artifizialaren segurtasunaren eta pribatutasunaren arloan lankidetzarako aukerak aztertzeko.

Akordioak Ikerlanen eta SecureMLren sortzaile Stjepan Piceken artean urteetan eraikitako harremanari jarraipena ematen dio. Picek nazioarteko erreferentea da adimen artifizialari aplikatutako segurtasunaren ikerketan.

Lankidetza honen bidez, bi erakundeek teknologia aurreratuak merkatura eramateko prozesua bizkortu nahi dute, adimen artifizialeko sistema sendoagoak, seguruagoak eta fidagarriagoak garatu eta erabili ahal izateko.


Gero eta handiagoa den erronka bati erantzutea

Adimen artifiziala sektore ekonomiko guztietan hedatzeak enpresa eta erakundeen mehatxu berriekiko esposizioa areagotzen du. Adimen artifiziala produktuetan, zerbitzuetan eta azpiegitura kritikoetan txertatzen den heinean, ezinbestekoa da sistema horiek erasoen aurrean duten erresistentzia, informazioaren babesa eta haien funtzionamenduaren fidagarritasuna indartzea, bizi-ziklo osoan zehar.

Testuinguru horretan, Ikerlanek eta SecureMLk ezagutza eta gaitasunak partekatuko dituzte datozen urteetako erronka teknologiko handienetako bati heltzeko: adimen artifizialean oinarritutako sistemak zaurgarritasunen, manipulazioen eta erabilera desegokien aurrean babestea.

«Adimen artifiziala indar handiz ari da sartzen produktuetan, prozesuetan eta azpiegitura kritikoetan, eta haren segurtasunak ere erritmo berean egin behar du aurrera. SecureMLrekiko lankidetza honek gure gaitasunak indartzeko aukera emango digu, enpresek adimen artifiziala konfiantzaz erabil dezaten eta haren potentzial guztia modu seguru eta arduratsuan aprobetxa dezaten funtsezkoa izango den esparru batean», adierazi du David Gonzálezek, Ikerlaneko Zibersegurtasun eta Konfiagarritasun arloko arduradunak.

Lankidetza bi esparru nagusitan oinarrituko da. Batetik, datuak aztertzeko edo iragarpenak egiteko erabiltzen diren adimen artifizialeko sistemak babestea izango du ardatz. Sistema horien segurtasuna bizi-ziklo osoan landuko da, datuen kudeaketatik eta ereduen entrenamendutik hasi eta abian jartzera, erabiltzera eta eguneratzera arte, informazioa eta ereduak erasoen eta manipulazioen aurrean babesteko.

Bestetik, adimen artifizial sortzailearen eta zereginak egiteko gai diren agente adimendunen segurtasuna landuko da. Tresna horiek ebaluatuko dira, baita erantzunak prestatzeko dokumentuak eta bestelako informazio-iturriak kontsultatzen dituztenak ere, besteak beste, jarraibide maltzurren bidezko manipulazioaren, informazio-filtrazioen edo baimendu gabeko ekintzen aurrean.

Gaitasun osagarriak, enpresetan eragina sortzeko

Lankidetzak oso osagarriak diren gaitasunak uztartzen ditu. SecureMLk adimen artifizialaren segurtasunari buruzko ezagutza espezializatua eskaintzen du, baita mota horretako irtenbide aurreratuak eskatzen dituzten erakunde handiekin dituen harreman-sare zabala ere. Ikerlanek, berriz, ikerketa aplikatuan, garapen teknologikoan eta segurtasun eta zibersegurtasunean duen ezagutza enpresa-sarera transferitzen duen esperientzia jartzen du lankidetzaren zerbitzura.

Gaitasun osagarri horiei esker, bi erakundeek garapen teknologiko berriak bultzatu, baterako ekimenetan parte hartu eta segurtasunaren eta konfiantza digitalaren ikuspegitik bereziki zorrotzak diren sektoreetan jarduten duten erakundeei erantzunak eskaini nahi dizkiete.

Ikerketa zentro teknologikoa