Bazen behin Behobia Donostian

Milaka jarraitzaile eta ‘hater’ batzuk ere baditu Behobia Donostia lasterketak. 60 urte baino gehiago dituen maratoi erdi popularrak milioika pausu bultzatu ditu urteetan eta dozenaka historia dotore, hunkigarri, mingarri, barregarri eta baita kooperatibo ere. Horietako bat da Jabi Garciak, Anabel Aranzadik, Irati Garciak eta Xabi Garciak osatzen duten familiarena. Aitak 27 edizio ditu hanketan, amak 25, alabak 3 eta semeak 2. Aurten, Garcia-Aranzadi familiak, beste behin, urteko egunik espezialena bilakatuko du azaroaren 8a. 61. Edizioa, Behobia-Donostia handia. 30 mila parte-hartzaileen artean izango dira laurak. Beste behin, elkarrekin Behobiako irteeran eta ondorengo Donostiako Boulevardeko festan eta familia bazkarian.
Card image cap
2026/10/16

Historia polita eta familiarra da Garcia-Aranzadi atxabaltarrena. Eta oso kooperatiboa. Jabi Copreciko zuzendari nagusi, Anabel Fagor Ederlan Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna LPPn, eta Irati zein Xabi alaba-semeak Mondragon Unibertsitateko ikasle izandakoak eta une honetan lan mundurako jauzian. Laurak, elkarrekin, egingo dute beste behin Aretxabaletatik Donostiarako bidea. Gero, lasterketan, bakoitza bere erronkari erantzuten saiatuko da. Ama eta aita elkarrekin, eta alaba-semeak ikusi behar. Hankek, norbere sasoiak, eguraldiak eta gainerako faktoreek erabakiko dute.

_M6A4195.jpg

1992tik Behobia Donostian

Jabi Garciak 1992an egin zuen aurreneko Behobia Donostia, Suitzara ikastera joan aurretik. Ondoren, itzuleran, 1996tik aurrera ahal izan dituen guztiak egin ditu, “tartean bi ebakuntza izan ditut, bizkarrekoa eta bihotzeko arritmia baten harira egin zidatena, eta COVID sasoian ez zen lasterketarik egon. Orduan, baina, aplikazio baten bitartez egin genuen Anabelek eta biok”. Jabik guztira 27 ediziotan parte hartu du eta Anabelek 25 ediziotan. Azaroaren 13an da Jabiren urtebetetzea, askotan lasterketak eta urtebetetzeak bat egin dute eta ospakizuna bikoitzan izan dela adierazi digu Garciak. “Amak eta Aitak ez dute inoiz korrika egin baina beti etorri izan dira animatzera. Ondoren familia bazkaria egiten dugu, beti toki berean eta oso egun berezia izaten da. Beste askorentzat Gabonetako egun bereziak izaten diren moduan, guretzat Behobia Donostiako lasterketa eguna da espezialena”.

 “Goteborg, Valentzia, Madril edo eta Sevillan egin ditugu lasterketak, baina Donostian dagoen giroa ez da erraza beste inon ikustea. Urtero joaten garenok asko eskertzen dugu hori"

Kirolaz harago

“Kirola da? bai, baina ez bakarrik kirola” aho batez diote Garcia-Aranzaditarrek. Etxekoen plana da, dudarik gabe eta garrantzitsuena ez da marka, inportanteena da hurrengo edizioan itzultzea, bai behintzat aitarentzat eta amarentzat. “Markari begiratzen diogu, baina garrantzitsuena hurrengo edizioan bueltatzea da. Guretzat festa handi bat da. Arreba, lehengusua, lehengusina joaten ginen eta orain generazio berriak hasi dira. Iratirentzat hirugarrena izango da eta Xabirentzat bigarrena” gaineratu du Jabik. 

Markaren inguruan Jabik badu teoria bat, eta bere kasuan nahiko fidagarria dela dio. “Halaxe da, bai. Nik 54 urte ditut, ba pentsa urteak minutu bilakatzen badituzu eta ordu bat gaineratuta. Hor nonbait arituko naz. Halakoxe denbora egin dezaket aurten, ordu bat eta 54 minutu”

Markaren inguruan Jabik badu teoria bat, eta bere kasuan nahiko fidagarria dela dio. “Halaxe da, bai. Nik 54 urte ditut, ba pentsa urteak minutu bilakatzen badituzu eta ordu bat gaineratuta. Hor nonbait arituko naz. Halakoxe denbora egin dezaket aurten, ordu bat eta 54 minutu”. Semea, ordez, ariketa horrekin ez omen dago oso konforme. “22 urte ditu. Nik esaten diot aurten ordu bat eta 22 minututan egin beharko duela”, dio barrezka Garciak.  

Behobia Donostia modukorik, gutxi munduan

Behobia-Donostia berezia da atxabaltar hauentzat. Ez dago parekorik munduan beraientzat eta gaiari buruz badakitelako hitz egiten dute. “Goteborg, Valentzia, Madril edo eta Sevillan egin ditugu lasterketak, baina Donostian dagoen giroa ez da erraza beste inon ikustea. Urtero joaten garenok asko eskertzen dugu hori. Adibidez, Herrerako rokeroa, AC/DCren soinua topera, bandera pirata… orain 20 urte han zen, bere bikotearekin, orain ere han segitzen du, seme-alabekin”. Lasterketa oso ondo antolatuta dagoela dio Jabik. “Gu bezperatik joaten gara Donostiara eta lasterketa egunean topoan egiten dugu Behobiarako bidea. Iritsi bezain laster oiloipurdia jartzen zaizu, Joseina Etxeberria DJaren musika topera, jendearen urduritasuna, zaleen animoak, baten malkoak eta besten barreak. Bakarra da munduan Behobia-Donostia”.

Familiako kide guztien lasterketak batuz gero, sari bat jasotzeko moduan dira Garcia-Aranzaditarrak, guztira 57 lasterketa batzen baitituzte. “Parte-hatzaile bakoitza mundu bat da eta norberak bere erronka izaten du. Promesak, ametsak, apustuak, joandakoen omenezkoak… motibazio ugari izaten ditugu korrikalariok”. Garcia-Aranzaditarrentzat familia batzeko eguna da Behobia. Eta halaxe izaten jarraituko du. “Anabelek esaten du 60 urte bete arte egingo duela. Nik ez dut adin mugarik jarri nahi”, borobildu du Jabik.

Lekukoa seme-alabak

Etxekook elkarrekin entrenamenduak egiteko aukera gutxi  izaten dituzte, noizbait asteburutan. “Nik astean pare bat egunetan entrenatzeko aukera dut eta asteburuetan tirada luzexeagoa egiten dut. Anabelek eta seme alabek ere euren errutina dute eta euren kabuz entrenatzen dute”.  Lekukoa esku honetan utzi dute Jabik eta Anabelek. Oraindik orain badituzte urte batzuk elkarrekin, era kooperatiboan, gozatzen segitzeko eta Behobia-Donostian historia egiten jarraitzeko.

_M6A4240.jpg

ARGAZKI BILDUMA

Zure historia interesatzen zaigu

TU Lankiden zure histora jakin nahi dugu. Seguru gaude ehunka kooperatibista izango direla aurten ere Behobia Donostia lasterketan. Historia berezi, familiar, kooperatibo, hunkigarri, kurioso edo bestelakorik baduzu, eta ezagutzera eman nahi baduzu, jarri harremanetan TU Lankideren erredakzioarekin: tulankide@arteman.org

 

Etxetresna elektrikoetarako osagaiak

Automozio osagaiak