“Eroski lan egiteko leku aberasgarri egiten jarraitu behar dugu”

2026ko maiatzean, Eroskiren Batzar Nagusiak Maite Legarra Eizagirre izendatu zuen Errektore Kontseiluko presidente berri. 14 urtez karguan egon den Leire Mugerza Garateren lekukoa hartu du, eta Eroskiren etorkizuneko erronkei begira garai berri baten aurrean kokatu da. Batzarrak, gainera, 15 urteko etenaren ondoren, bazkide langileei itzulkinak egitea erabaki zuen.
2026/10/22

Legarrak lotura estua du kooperatibismoarekin eta, bereziki, pertsonen eta talentuaren kudeaketarekin. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatua, MBA eta doktorea da Mondragon Unibertsitatean. Gaur egun, MONDRAGON Korporazioko talentuaren arloan egiten du lan, eta ardura hori Eroskiko presidentetzarekin uztartuko du. Bere ibilbideak hainbat hari eskaintzen ditu: lidergoa, talentua, kooperatibismoa, belaunaldi-erreleboa eta pertsonak erdigunean jartzeko moduak. Baina zer suposatzen du Maite Legarrarentzat Eroskiren gobernuaren buru izateak?

36 urteko emakume gaztea eta 2 mutikoren ama; eta orain, Euskal Herriko enpresa handienetako baten organo gorenean ardura handia hartu duzu. Zer suposatzen du zuretzat erronka honek?

Eroskiren Errektore Kontseiluak proposamena luzatu zidanean, ezin nuen sinistu. 35 urteko neska gazte bat Euskal Herriko enpresa eta kooperatiba handieneko presidentetzan? Imajinatu ditzakezun mamu denak piztu zitzaizkidan. Asko kostatu zait baietz esatea.

Etxean partekatu nuen aukera; umeen zaintzak eta kontziliazioak kezkatzen ninduten, eta kezkatzen naute oraindik. Ardura handia daukat, eta horrek pertsonalki asko eskatzen du: denbora ondo kudeatzea, errenuntziak egitea…

Eta profesionalki, ikaragarrizko aukera da. Hazteko, ikasteko, kooperatiba beste rol batetik ezagutzeko aukera ematen dit. Neure buruari gogorarazten diot gazteena izatea ez dela muga bat, aukera bat baizik.

“Profesionalki ikaragarrizko aukera da.Hazteko, ikasteko, kooperatiba beste rolbatetik ezagutzeko aukera ematen dit. Neure buruari gogorarazten diot gazteena izatea ez dela muga bat, aukera bat baizik”

Maiatzaren 28an jakinarazi zen zure izendapena. Zer sentitu zenuen?

Eztanda bat izan zen: urduritasuna, lasaitasuna, negar eta barre, denetik egin nuen. Hilabete luzetan barruan gordeta nituen emozio guztiak irten ziren batera.

Batzar Nagusian Leireren agurra nola egin zen sorpresa bat izan zen niretzat, oso hunkigarria, pertsonala. Eta hor apurtu nintzen. Milaka zorion mezu nituen bukatzean WhatsApp-ean. Oso maitatua eta aitortua sentitu nintzen.

3e25021b-b327-91c0-ad66-f10c6b641855.jpg

Leire Mugerzaren 14 urteko presidentetzaren ondoren hartu duzu lekukoa. Zer esan nahi du zuretzat?

Ohore handi bat da, baina barren barrenean presioa ere bada. Leirek oso lan ona egin du eta berak egiteko modu bat errotu du: gertutasuna, egoerarik zailenetan ere gardentasuna eta ausardia eta erantzukizuna erabakiak hartzeko.

Orain horri jarraipena ematea tokatzen zaigu, Leirek utzitako legatua hartu eta garai berrietara egokitzea. Gure izatea mantenduz, hasi dugun aro berriak eskatzen duena entzuten jakin eta erantzutea.

“Leirek utzitako legatua hartu eta garai berrietara egokitzea tokatzen zaigu. Gure izatea mantenduz, hasi dugun aro berriak eskatzen duena entzuten jakin eta erantzutea”

Zergatik erabaki zenuen baietz esatea?

Baietz esan nuen Eroski Euskal Herriko enpresa garrantzitsuena delako, kooperatibarik handiena delako eta MONDRAGONen ere bere pisu handia daukalako. Nik kooperatibismoa beti lurralde garapenetik ulertu dut, herriarekiko konpromisotik.

Eroski denon sukaldeetan sartzen da, eguneroko kontsumo erabakietan dago, eta hor eragiteko aukera izatea gaur eta biharko gizartean eragiteko aukera bezala ikusi nuen.

Askotan esan dut gazteok aurrerapauso bat egin behar dugula, gure begirada partekatu eta erabakietan egon behar dugula. Eta egiari zor, ni oso txarra naiz ezetz esaten.

Zure ibilbidea talentuaren eta pertsonen kudeaketari lotuta egon da. Zer ekar diezaioke ikuspegi horrek Eroskiren gobernantzari?

Eroskiren gobernantza-eredua bikaina dela esango nuke nik. Bi urte daramatzat Errektore Kontseiluan eta lehen egunetik izan dudan sentsazioa izan da. Gai garrantzitsuetara egiten den hurbilpena, hausnarketen kalitatea, informazioaren gardentasun eta zehaztasun maila.

Bazkideak informatuta izatea premisa bat da Eroskin eta horretan esfortzu handia egiten da. Hiru organoen arteko harremana oso ondo zaintzen dela uste dut.

Nik ikasteko eta gobernantzaren eta kooperatibismoaren garrantzia hori transmititzeko konpromisoa eta indarra eskaintzen ditut.

MONDRAGON Korporazioko talentuaren arloan jarraituko duzu lanean, eta aldi berean Eroskiko presidentetza hartuko duzu. Nola uztartuko dituzu bi rolak?

Hori bere horretan izango da erronka, nik uste. Jardun erdiz ibiliko naiz batean eta bestean, baina badakit aste askotan batak edo besteak dedikazio handiagoa eskatuko didala. Bi erakundeek eta bi lantaldeek eskuzabaltasunez eta malgutasunez kudeatuko dugu egoera, eta ikasten joango gara.

MONDRAGONen proiektuak “uzten” nabil eta konturatu naiz errenuntzia hori egitea kostatzen zaidala. Nik pasioz bizi dut nire lana, asko gozatzen dut talentuaren esparruan. Eta hori beste intentsitate batekin egiten ikasten nabil, Eroskin indar eta pasio hori jarria daukadalako.

tulankide-0629.jpg

Maila pertsonalean, zer eskatuko dizu ardura berri honek? Eta zer espero duzu zuri ekartzea?

Malgutasuna eta pazientzia izatea eskatuko dit. Asko daukat ikasteko, ikusteko, entzuteko eta horri denbora eskaini beharko diot. Bisio orokorra ezagutzea eta kontrolatzea gustatzen zait, gauza bakoitza zertarako edo zergatik egiten dugun ulertzea.

Eroskin hori eraikitzen nabil oraindik. Bidelagun onak ditut, Rosa Carabele hor daukat behar dudan guztirako eta baita bere lantaldea ere. Oso ondo zaindua sentitu naiz ikasketa-prozesu honetan.

Azken batean, nik egiteko modu bat, alegia, proiektu sozioenpresarial bat ulertzeko eta egikaritzeko modu bat jasoko dut bueltan. Harremanak eraikitzeko eta sendotzeko modu bat, aniztasuna ardatz hartuta, entzuteko eta erabakiak hartzeko begirada bat.

Azken Batzarrean 15 urte ondoren itzulkinak berreskuratzea erabaki zen. Zer esan nahi du erabaki horrek?

Nik uste aldi berri baten hasiera irudikatzen duen erabakia dela. Langileek beren proiektuetan sinisten jarraitzeko arnasa da, asko eman dute maila pertsonalean eta profesionalean azken urteetan. Erabaki gogorrak hartu dituzte, eta horrek merezi zan duela ikusteko unea izan zen. Harrotasuna sentitzeko momentua da, Eroski eraikitzen jarraitzeko indarra.

“Itzulkinak berreskuratzea langileek beren proiektuetan sinisten jarraitzeko arnasa da, asko eman dute maila pertsonalean eta profesionalean azken urteetan"

Zein dira Eroskik datozen urteetan izango dituen erronka nagusiak?

Oraintxe gabiltza plan estrategiko berria garatzen, hurrengo hilabeteetan onartuko ditugu Eroski 2027-2029 lan-lerroak. Baina motzean hiru lerro azpimarratuko nituzke: batetik, kontsumitzaileentzat erosketa esperientzia erakargarri eta erraz bat eskaintzea, bertako produktuetan eta produktu osasuntsuetan indarra jarriz.

Bestetik, Eroski lan egiteko leku aberasgarri bat egiten jarraitu behar dugu, ongizatea eta inklusioa landu behar ditugu, formazioan inbertitzen jarraitu behar dugu eta kultura kooperatiboan sakondu.

Azkenik, teknologia erabili behar dugu efizientzian aurrerapausoak ematen jarraitzeko, hazi egin nahi dugu gure denda propioekin eta frankiziekin.

tulankide-0862.jpg

Gazteengana begira, kooperatibismoa erakargarria al da?

Bai, ez daukat inongo zalantzarik. Baina kontatu egin behar dugu garena eta egiten duguna. Kooperatiba bakoitzarena eta MONDRAGON bezala eraikitzeko eta emateko gai garena.

Gu izan behar gara protagonista, langile bazkideok kontatu behar dugu nolakoa den gure kooperatibetan jardutea. Gu sentitu behar gara harro gure proiektuaz, gure lanaz, eta hortik erakarriko ditugu gazteak eta ez hain gazteak.

Formatu berriak asmatu beharko ditugu, foro desberdinetan egon beharko gara, bai, baina ez daukagu mezuak asmatzen ibili beharrik.

Galdera laburrak...

Hondartza ala mendia?

Hondartza, itsasoaren lasaitasunak zein indarrak bete egiten naute.

Hobby bat.

Eguneko planak lagunartean proposatu eta gauzatzea, egunerokotasunetik irten eta esperientzia berriak biziaraztea.

Kirol gogokoena.

Igeriketa esan beharko, nahiz eta ez ditudan metro asko egin azken urteetan.

Abestirik gogokoena.

Neomaken Hor Gaude. Zubiak eraikitzearen indarrak maila pertsonal eta profesionalean zentzua dauka niretzat.

Goxoa edo gazia?

Urdaiazpiko on baten pintxo bat egun zail baten ostean etxeko terrazan, zalantzarik gabe.

Banaketa komertziala