10 kooperatibatako 18 ordezkarik hartuko dute parte Kooperatibagintzan Aditu tituluaren 19. edizioan

Kooperatibismoaren arloan erreferentziazkoa bilakatu den ikastaro honek kooperatibetako bazkideei proiektu sozio-enpresariala garatzeko ezagutzak eta tresnak eskainiko dizkie.
2026/10/20

Irailaren 24an abiatu zen Kooperatibagintzan Aditu tituluaren 19. edizioa, eta hamar kooperatibatako 18 ordezkari ari dira parte hartzen. Kooperatibismoaren arloan erreferentziazko formazioa den honek kooperatibetako bazkideei beren proiektu sozio-enpresarialak garatzeko ezagutzak eta tresnak eskaintzen dizkie.

Aurtengo edizioan, Laboral Kutxa, Erreka, Mondragon Assembly, RPK, ULMA Packaging, ULMA Handling Systems, Ausolan, Lagun Aro, Fagor Ederlan eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko bazkideek hartuko dute parte.

Saio presentzialak ostegunetan egingo dira, 9:00etatik 14:00etara, Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako campusean.

55576398132_db55fe8ec9_c.jpg

Kooperatibismoa biziberritzeko ezagutza eta esperientziak

Kooperatibagintzan Aditu tituluaren helburua kooperatiben proiektu sozio-enpresariala indartzea da, dimentsio kooperatiboaren eta sozialaren garapenean arreta berezia jarrita.

Horretarako, parte-hartzaileek errealitate kooperatiboa ulertzeko eta aztertzeko ezagutza teoriko-praktikoak landuko dituzte. Horrez gain, elkarlana eta bizipen-trukea ardatz hartuta, beste kooperatiba batzuetako esperientziak ezagutzeko eta horien inguruan hausnartzeko aukera izango dute.

Ikastaroak metodologia praktikoa du oinarri, eta aurkezpenak, hitzaldiak, eztabaidak eta mintegiak uztartzen ditu. Formazioaren amaieran, parte-hartzaileek proiektu praktiko bat garatuko dute, ikasitakoa aplikatzeko eta beren kooperatibetako errealitatearekin lotzeko.

Kooperatibisten formazioan erreferente

Kooperatibisten eta kudeaketa-organoetako kideen formazioan erreferente bihurtu den ikastaro hau Mondragon Unibertsitateko Lanki Kooperatibismoaren Ikertegiak eta Mondragon Taldeko Otalora formazio-zentroak antolatzen dute elkarlanean.

19. edizio honekin, kooperatibismoaren ezagutza partekatzen, kooperatiben arteko harremanak sustatzen eta proiektu kooperatiboen garapenean sakontzen jarraitzen dute bi erakundeek.

Argazki-galeria: https://flic.kr/s/aHBqjD73wt

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea