Irakurriena
- 1. Berrikuntza eta Teknologiako Bilkura egin du aurten ere MONDRAGONek
- 2. MONDRAGON Hospitality Summit: sektore soziosanitarioa hizpide
- 3. Nerea Aranguren: “Konfidantza sortu, nor garen egiaz kontatu eta gazteei egitasmo humanistak eskaini behar dizkiegu”
- 4. Aliantza estrategikoa egin du Fagor Ederlan Groupek Duoli Automotive Technology txinatarrarekin
- 5. AMETS Power Electronics sortu dute MONDRAGONek eta Artechek potentzia-elektronika sustatzeko
- 6. Coprecik bere identitate korporatiboa berritu du
MONDRAGONek 11.213 milioiko salmentak lortu zituen 2024an

“Positibo baloratzen dugu Korporazioaren bilakaera, ziurgabetasun geopolitiko handiak eta merkatu globaletako tentsio gero eta handiagoek markatutako nazioarteko testuinguru batean”, adierazi du Pello Rodriguez MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko presidenteak 2024ko itxierari dagokionez.
Korporazioko Industria eta Banaketarako kooperatibek, denen artean, 11.213 milioi euro lortu zituzten salmentetan; hau da, %1,6ko igoera izan dute aurreko urtearekin alderatuta. Enpleguari dagokionez, batez besteko plantilla 70.085 pertsonakoa izan zen, eta horrek MONDRAGONeko kooperatibak sendotu ditu Euskadiko lehen enplegatzaile, Nafarroako bigarren eta estatuko bosgarren enplegatzaile pribatu gisa. Beste datu aipagarri bat inbertsioen zifra da: 377 milioi eurokoa izan zen guztira, aurreko urtean egindakoaren antzera. Azken bost urteetan egindako inbertsioen batura 1.692 milioi eurora igo da. EBITDAk, berriz, %11,8ko igoera izan zuen, eta 1.661 milioi eurora iritsi zen. Emaitza bateratuari dagokionez, 632 milioikoa izan zen.
Inpaktu sozialari lotutako esparruan, MONDRAGONek eredu kooperatiboaren indar eraldatzaileak daukan aitortza indartu du. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak espresuki nabarmendu ditu kooperatibak, eta bereziki MONDRAGON, garapen jasangarriari egiten dioten ekarpenagatik. Halaber, Orkestrak (Lehiakortasunerako Euskal Institutuak) egindako azterketaren arabera, eredu kooperatiboak dentsitate handia duen eremuetan, berdintasunaren sustapenerako eragin positiboa bermatuta dago. Horri, kooperatibek eta MONDRAGON Fundazioak egindako ekarpen sozial garrantzitsua gehitu behar zaio, 50 milioi euro baino gehiago bideratu baitituzte, besteak beste, pobrezia eta inklusioa, klima eta biodibertsitatea, kultura, osasuna eta kirola, hezkuntza, euskara eta horrelako gaietan lan egiten duten mila erakunde ingururentzat.
Pello Rodriguez: "Ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak markatutako ingurune globalean, MONDRAGONek bere norabideari eutsi dio, salmenten hazkundearekin, errentagarritasun sendoarekin eta etorkizunaren aldeko gure apustu irmoa islatzen duen inbertsio mailarekin"
Zenbaki horiek berresten dute kooperatiba gehienak berriro ere gai izan direla ekitaldi konplexu bat positiboan ixteko, non geopolitikak baldintzatu duen ekonomiaren eta merkatuen bilakaera. Horrez gain, 2025eko lehen bost hilabeteetako bilakaerak positiboa izaten jarraitzen du, aurreko urtekoen antzeko salmentekin, eta 636 enplegu berri sortuta.
Bilakaera, negozio arloen arabera
Banaketan, salmentak 6.193 milioi eurokoak izan ziren, eta emaitzak 90,6 milioikoak; Eroskik sendotasun eta hazkunde bidea sendotu du. Finantzen arloan, berriz, Laboral Kutxaren portaera bikaina nabarmendu behar da, bere sektoreko liderra baita kaudimenari dagokionez, eta 275 milioi euroren emaitzekin. Era berean, azpimarratzekoa da LagunAro EPSVk 2024an izan duen bilakaera positiboa. Urtearen amaieran aurrerapen nabarmena izan zuelarik, bere zorroaren errentagarritasuna +%7,94koa izan zen, eta ondare funtsa 7.473 milioi eurokoa da.
Aipamen berezia merezi du Ezagutzaren arloak, I+Gan guztira egindako inbertsioak 2024an 201 milioi euro izan baitziren, hau da, salmenta guztien %4,0, arlo horretan lanaldi osoko 2.012 ikertzaile aritu direlarik.
Industria arloan, MONDRAGONeko kooperatiba industrialek 5.020 milioiko fakturazio bateratuarekin itxi zuten 2024, batez beste 26.714 pertsonako plantillarekin eta 267 milioi euroko emaitza garbi bateratuarekin.
Beste urte batez, industria negozioen nazioarteko proiekzioa berretsi da, salmenten %73ko kanpoko merkatuetan eginda. MONDRAGONeko kooperatibek 104 ezarpen produktibo dituzte atzerrian, eta horietan 9.512 lagun baino gehiago enplegatzen dituzte.
Beste datu azpimarragarri bat egindako inbertsioak dira: guztira, 200 milioi euro, aurreko urtean baino pixka bat gutxixeago. Azken bosturtekoan kooperatiben inbertsio industrialen zenbateko osoa 903 milioi euro da.
"2024ko ekitaldiak gure eredu kooperatiboaren sendotasuna eta erresilientzia erakutsi ditu berriro. Ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak markatutako ingurune globalean, MONDRAGONek bere norabideari eutsi dio, salmenten hazkundearekin, errentagarritasun sendoarekin eta etorkizunaren aldeko gure apustu irmoa islatzen duen inbertsio mailarekin", adierazi du presidenteak. Halaber, “barruan eta kanpoan lankidetzan aritzeko beharra” ere nabarmendu du, “negozioak etorkizuneko sektoreetara eraldatzen jarraitzeko, enpresa proiektu jasangarriak eta enplegu kualifikatuak sortzeko”.
2025eko Kongresua
Gaur, uztailak 9, MONDRAGONeko Kongresuaren beste edizio bat egin da, Gasteizko Europa Kongresu Jauregian.
Leire Mugerzak presiditzen duen Kongresuaren gai azpimarragarrienen artean daude Batzorde Iraunkorreko eta Kontseilu Orokorreko kudeaketaren deskarguak. Gai zerrendako puntu horretan, Pello Rodriguezek 2025/2028 Plan Estrategikoaren lehen urtearen balantzea aurkeztu du, orain arte egindako ekintzen laburpen bat eginez, eta laurteko horretarako bide orriaren lau ardatz estrategiko bakoitzari lotutako zenbait proiektu jakin azpimarratu ditu: Konpromisoa eta Nortasun Kooperatiboa, Etorkizuneko negozioak, Irekitze eta Inpaktu Soziala eta Interkooperazioa. Ildo horretan, ekimen hauek aipatu ditu: AMETS Power Electronics proiektua, potentzia elektronikako soluzio berritzaileen garapenean zentratutako konpainia berria, Artetxerekin lankidetzan; data center bat sortzea Arrasaten; Orbik proiektua, zibersegurtasun arloko lehen start-up teknologikoa, kooperatiba bihurtu dena, ekintzailetza teknologiko modu berri baten eredu gisa eratuta; Autogintza dibisioetako negozioen arteko lankidetza, eraldatzen ari den merkatu batean lehiatzeko; edo Mexikon lankidetza proiektu bat antolatzea, han ezarrita dauden kooperatibak eta Mexikoko Mondragon Unibertsitatea inplikatuta.
MONDRAGONeko Kongresuak Korporazioa osatzen duten kooperatiba guztietako 650 ordezkari biltzen ditu, eta bere funtzionamendu kolektiboan eragina duten gaiei buruzko gogoeta eta eztabaida gune gisa jarduten du. Foro horretan ildo estrategikoak onartzen dira, oinarrizko akordioak berresten dira, eta organo korporatiboen jarduerak berrikusten dira, eredu kooperatiboaren ezaugarri diren lankidetza eta gobernantza partekatuko printzipioetan oinarrituta.