Irakurriena
- 1. "Kooperatibismoari kontakizuna falta zaio. Ez istorio faltagatik, baizik eta kodeak ez direlako gaur egungoekin bat etortzen"
- 2. Batzek 69 milioi euroko finantzaketa sindikatua itxi du 2032ra arteko hazkundea sustatzeko
- 3. MONDRAGONek 11.322 milioiko salmentak lortu zituen 2025ean, eta 1.346 enplegu berri sortu
- 4. Fagor Taldeak 1.735 milioi euroko salmentekin itxi du 2025eko ekitaldia
- 5. Eroskik itzulkinak emango ditu 15 urte eta gero
- 6. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte
Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak euskaraz egindako gradu amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete MONDRAGONek Otalora Jauregian duen egoitzan. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira. Lehen sariaren irabazlea Iker Zurutuza Etxaide izan da, Industria Elektronikako Ingeniaritzako Graduko ikaslea, Mondragon Assemblyrentzako egindako “EGUZKI-PANELEN EKOIZPEN-LERROETAKO PROGRAMAZIOAREN ESTANDARIZAZIOA” lanagatik, eta 1.500 euroko saria jaso du. Bigarren sariaren irabazlea Usue Casado Lozano izan da, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko ikaslea, GSRrentzat egindako proiektuatik: “ARRISKU PSIKOSOZIALEN KUDEAKETA GSR S.COOP ENPRESAN”. Kasu honetan, 500 euroko saria jaso du.
Sariok duela 14 urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan munduan sartzeko egin beharreko ikasketa amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik, Korporazioko batek eta Emuneko beste bik osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.
Guztira 837 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 162 euskaraz egin dira, alegia, %22,3. MONDRAGONeko kooperatibetan 199 proiektu landu dira, horietatik 61 euskaraz, hau da, %32,7 (iaz %20). Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.
Epaimahaia osatu duten kideak izan dira: Eneko Bidegain eta Asier Irizar (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Mireia Uribetxebarria (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa), Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa) eta Abel Irizar eta Koldo Urrestarazu (Emun).