Eroskik hitzartu ditu zorra birfinantzatzeko operazioaren baldintzak finantza egitura berrantolatzeko

Eroskik arrakastaz adostu ditu zorraren egitura berrantolatzeko birfinantzaketa-eragiketa eraldatzaile baten baldintzak. Horri esker, finantza-eredu eraginkorrago eta jasangarriago bat finkatu du.
Card image cap
2025/11/20

Operazioan, konbinatu egin ditu 500 milioi euroko nominala duen bonu senior bermatu bat, 2031n iraungitzen dena eta % 5,750ko interes tasa duena; horrekin batera, mailegu sindikatu berri bat sinatu du, 370 milioi eurokoa, 2031n iraungitzen dena, eta 80 milioi euroko kreditu lerro berri bat, hori ere 2031n iraungitzen dena.

Bonuen baldintzak esklusiboki daude bideratuak erakunde inbertitzaileentzat, eta baldintzak finkatzeko prozesua igaro eta CNMVri jakinarazi ondoren itxi da, azaroaren 17an. Bonuak jaulkita eta finantza tresna berriak martxan jarrita lortutako funtsei esker, aurretiaz amortizatu ahalko dira 2028an iraungitzen diren Eroskiren Mendeko Obligazioak —209 milioi euro —, orobat 2023an jaulkitako bonu senior bermatua (%10⅝ 2029an iraungitzen dena).

Eragiketa honek nabarmen indartuko du Taldearen finantza-egitura; izan ere, zorpetze-tresnak sinplifikatu, finantza-kostua hobetu eta mugaegun luzeagoak ezarriko ditu. Horrek guztiak egitura are gehiago egonkortzen eta normalizatzen lagunduko du, Eroski azken urteetan bere finantzak antolatzeko garatzen ari den prozesuan etapa esanguratsu bat itxiz.

Merkatuaren konfiantza eta babes instituzionala

Eragiketak harrera bikaina izan du finantza-erakundeen aldetik; horrela, erakunde horiek berretsi egin dute Eroskiren proiektu kooperatiboarekin duten konpromisoa. Espainiako erakundeek —Kutxabank, Laboral Kutxa eta ICO— proiektuan konfiantza izaten jarraitzen dute, estatuko eta nazioarteko beste entitate batzuekin batera, hala nola Finantzen Euskal Institutua, BBVA, Santander, CaixaBank, Banca March, Cajamar, Caja Rural, Rabobank, Intesa Sanpaolo eta Deutsche Bank.

Babes horrek agerian uzten du Taldearen bilakaeran eta eredu kooperatiboaren sendotasunean dagoen konfiantza. Era berean, Finantzen Euskal Institutuaren eta ICOren babesak kudeaketa-ereduan eta kooperatibak bere ingurunean eragile ekonomiko gisa betetzen duen rolean sinesten dutela erakusten du.

Eragiketak ez du zorra handitu; aitzitik, baldintzak berrantolatu eta hobetu ditu. Horri esker, finantza-kostua arindu egingo da, eta epeak taldearen ziklo operatiboarekin lerrokatuko dira.

"Eragiketa honek finantza-egitura sinpleago eta eraginkorrago bat finkatuko du; gure kaudimena areagotu eta zorraren kostua hobetuko du. Hala, posizio sendoa hartuko dugu datozen urteetarako", adierazi du Rosa Carabelek, Eroski Taldeko CEOak.

Emaitza sendoak eta etorkizunera begirako ikuspegia

2024ko ekitaldiak emaitza paregabeak ekarri zizkion Eroskiri: pilatutako galerak estali eta erreserbak sendotu ahal izan zituen, kooperatiba posizio sendoan jarriz urrats berri honi ekiteko. 2025eko lehen seihilekoan, Eroskik % 2,9 handitu ditu salmentak eta % 10,6 igo du bere emaitza. Hazkunde sendo horren erakusgarri dira 2.949 milioi euroko salmenta gordinak eta 55,5 milioiko emaitza garbia.

Mugimendu honekin, kooperatibak bere zorpetze-maila EBITDA halako bi baino gutxiagoan finkatzeko helburuari eutsiko dio, finantza-ereduaren jasangarritasuna eta merkatuen konfiantza indartuz.

Rosa Carabel CEOaren hitzetan: "Birfinantzaketa honi esker, erakundeek eta instituzioek gure proiektu kooperatiboan duten konfiantza indartuko da, eta finantzaketa-eredu eraginkorrago eta lehiakorrago batean aurrera egiten jarraitzeko aukera emango digu".

Eragiketa hau 2023-2026 Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Plan horrek finantza-politika zuhurraren alde egiten du, eta modernizazio komertzial eta logistikorako inbertsio selektiboak zein formatu jasangarri eta hurbilen hedapena aurreikusten ditu. "Kooperatibak lasaitasunez egingo dio aurre etapa berriari, jakinda emaitza onak dituela, merkatuen aitortza duela eta eredu ekonomiko eta soziala garapen jasangarri eta epe luzeko egonkortasunerantz indartsu doala", gaineratu du Carabelek.

Eragiketa hau burutzea ez da soilik Taldearen finantza-eraginkortasunaren hobekuntza bat; Eroskirentzat ziklo estrategiko paregabe baten itxiera ere bada. Etorkizunerako oinarriak ezarriko ditu, Taldeak bere eredu sozioenpresarial bereizgarriari sendo euts diezaion.

Etapa berri honetan, Eroskik esplizitu egingo ditu kontsumitzailearekin dituen konpromisoak: negozio-eredua indartzen jarraituko du, marka propioaren bidez prezioen lehiakortasuna hobetuko du eta produktu freskoen atala bultzatuko du. Era berean, prozesuetan eraginkortasun handiagoa bilatuko du, merkatuko joerei etengabe erantzuteko. Taldeak denda propioak eta frankiziak irekitzen jarraituko du hazi ahala, pertsonak —bai langileak, bai kontsumitzaileak— bere estrategiaren erdigunean jarrita, helburu argi batekin: jarduten duen ingurunea aberastea eta elikadura zein bizimodu osasungarriagoa sustatzea.

Finantza-egitura sinplifikatu eta jasangarri batekin, Eroskik egonkortasunez, gogoz eta epe luzeko ikuspegiz helduko dio etapa berriari, jarduten duen lurraldeetan bere eredu kooperatiboaren lidergoa sendotuz.

Banaketa komertziala