Irakurriena
- 1. Eroskik finantza egitura berrantolatu du, zorra merkeago birfinantzatuz
- 2. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioak 400 lagun baino gehiago elkartu ditu Bilbon
- 3. Guido Agostinelli dibulgatzaile argentinarrak MONDRAGON bisitatu eta sareetan arrakasta lortu du milioitik gora ikustaldi lortuta
- 4. Azaroak Arizmendiarrieta ekarriko du gogora
- 5. Danobatgroupek Enpresa Berrikuntzaren Saria jaso du lidergo teknologikoan egindako 70 urteengatik
- 6. MONDRAGON errotuago Katalunian, Barcelona Circular proiektuan parte hartuz
“MONDRAGON eta izaera kooperatiboa erakargarriak dira belaunaldi berrientzat. 'Zertarako' bat daukagu”
Pello Rodriguez, MONDRAGONen Kontseilu Orokorreko presidente 2024ko uztailean aukeratu zuen Kongresuak eta iazko abuztuan hasi zuen bere agintaldia. Lehenengo urte eta erdi honetan barrurako lana egin du nagusiki, eta gaur izan da estreinakoz komunikabide batean elkarrizketa ematen, “Euskadi Irratian eta euskaraz”, esan dio Iñaki Guridi kazetariari hasi bezain pronto.
Entzun hemen elkarrizketa osoa.
Nazioartean MONDRAGONek daukan presentziari heldu nahi izan diote hasteko, ziurgabetasun handiko testuingurua bizi dugula jakinda. Muga-zergek kooperatiben negozioetan duten eragina albo batera utzi gabe, “inpaktu hori denentzat indar berekoa ez dela eta zenbaki globaletan hain larria ez dela” aipatu du Rodriguezek, “nahiz eta kooperatiba batzuetan antzematen ari diren”. Ipar-Amerikan egotearen izaera estrategikoa azpimarratu du jarraian, “gure salmenten %75 esportazioak dira eta horren barruan, Ipar-Amerikan saltzen duguna -AEB, Mexiko eta Kanada-, Txinara saltzen dugunaren hirukoitza da. Horregatik egon behar dugu han, nagusiki Mexikon, bertan egoteak hona lana ekartzea dakarrelako”. Eta Txinaren gaia mahai gainean, “aukera” moduan ikusten du Rodriguezek, “mehatxu” baino; “Txinako industriak behar dituen produktuak eginaz, aukerak daude. Gainera, Txinan hemen ez daukagun teknologia daukate”.
“Kooperatiba hitza agian ez, baina izaera, erabat. Gu ez gaude epe motzeko mozkinak ateratzeko. Gauden eskualdeetan ongizatea hobetzeko gaude"
Automozio sektoreak piztu ohi dituen kezken aurrean, 2035 urtetik aurrera ere konbustioko autoak ekoizten jarraitzeko Europako lege-aldaketez aritu dira. “Gure kooperatibek bezeroen beharrak artatzen dituzte. Gure bezeroek ziurtasuna behar dute, euren inbertsioak non egin jakin dezaten, konbustiokoa ala elektrikoa zalantzan ito ez daitezen. Legea malgutzeak ziurtasuna badakar, ona da”.
Energia gaiez, kooperatiba askok hartzen dutela parte sektorean eta proposamen ugari egiten dituela MONDRAGONek esparru honetan aipatu du.
Defentsa alorreko negozioetan aldiz, non bai eta non ez zehaztu du: “MONDRAGONek bere historia dauka. Argi daukat hilgarritasunarekin zerikusia duten proiektuetan ez dugula egon behar. Non bai? Zibersegurtasunean, gure gaitasunak hor daudelako”.
Eroski osatzen duten pertsonei berriz, zorion mezua luzatu die publikoki, “zorra arrakastaz birfinantzatuta, orain negozioa sendotu eta hazten jarraitzeko garaia da”.
Bestalde, MONDRAGONen izatearen inguruko mezu argiak eman ditu presidenteak. Kooperatiba hitza belaunaldi berrientzat erakargarria den galdegin dio Guridi kazetariak. “Kooperatiba hitza agian ez, baina izaera, erabat. Gu ez gaude epe motzeko etekinak, mozkinak ateratzeko. Gauden eskualdeetan ongizatea hobetzeko gaude. “Zertarako” bat daukagu. Hori hasieran ez dago hain barneratua agian, baina urteek aurrera egin ahala badakizu helburu nagusia zein den, MONDRAGONen proiektua harago doa eta hori indargune itzela da”.
Eta erronka handien aurrean, erabakiak hartu eta egitasmoak abiatzen direla argi utzi du Pello Rodriguezek: “Pertsonak… talentua bilatzeko zailtasunak badaude epe motzean baina, MONDRAGONen begirada epe luzekoa da. Aurten Bilbao Bizkaia Digital Faktory (Zorrotzaurren, Bilbon) abiatu dugu, teknologia digital industrialen baitan erreferente izateko. Unibertsitate, zentro teknologiko eta kooperatiben eskutik bertako nahiz kanpoko jendea erakarri nahi dugu, mundu digitalean dauden beharrei erantzungo dien ekosistema berri bat sortzeko. Hemendik urte batzuetara zailtasunak egotea aurrikusten da bestela. MONDRAGONek erakargarri izan behar du, hemen eta gure mugetatik harago ere”.
Elkarrizketa, kooperatibismoaren bidetik epe luzeko enplegu duinaren aldarriarekin itxi du Pello Rodriguezek, MONDRAGONen proiektuaren kide diren pertsona guztientzako helburu nagusia den hori, berriz ere azpimarratuz.