Irakurriena
- 1. Batzek, Velatiaren aeronautikako osagaien unitatea erosteko aurreakordioa itxi du
- 2. Fagor Ederbatt, Dakarreko historiako lehen kamioi hibridoaren bultzatzaile
- 3. Agur, Jose Antonio Ajuria
- 4. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioa, TU Lankideren zenbaki berriko gai nagusia
- 5. ORBIK da sistema eta ekipo industrialen zibersegurtasunean aurrerapenak bilatzen dituen ABEDI proiektuaren buru
- 6. Jesus Goienetxe hil da
MONDRAGON. Euskaraz gara
Sorreratik egon da euskara MONDRAGONen izatean. Zortzi hamarkada beranduago, 70.000 laguneko korporazio globala gara, eta erabakiak euskaraz hartzen jarraitzen dugu. MONDRAGONen Kongresua, kooperatibetako ordezkariez osatutako organo gorena, euskara hutsean burutzen dugu.
MONDRAGONeko kooperatiben %68k dituzte euskara planak eta 34 Bikain euskara-ziurtagiri denen artean, eta urtero milioi eta erdi euro bideratzen dira MONDRAGONeko kooperatibetatik euskalgintzara.
Izateko egin!
ZENTRO KORPORATIBOA

Lankide berri bati ongietorria eginez ekin diote egunari Zentro Korporatiboan. Ane du izena, eta txatbot bat da. Online dagoen aplikazio honek euskaraz mintzapraktika egitea ahalbidetzen du, oso egoki gainera; Anek elkarrizketa bikain jarraitzen duela ikusi dute guztiek!
Bestalde, Liburu biziak ekimena martxan jarri dute. Euskaraz idatzitako hamar liburu on ekarri dira Zentro Korporatibora, denen eskura egongo dira, nahi duenak etxera eraman eta irakurtzeko.
Eta bukatzeko dei bat ere bai, Kontseiluak abenduaren 27an Bilbao Arenan antolatu duen Pizkundea jaira joateko.
Eta bai… gero… eguna merezi moduan ospatzeko patata tortila jateko ‘lana’ hartu dute.
COPRECI

Fagor Euskara Lehiaketako finala egingo da gaur eta Fagor Taldeko kooperatiba guztietako ordezkariek parte hartuko dute. Lehiaketa zuzenean jarraitu ahal izango da mugikorretik QR kodea eskaneatuz.
Gainera, euskarak lo har ez dezan (edo), kafea doan jarri da. Eta bide horretatik, Tximeletaren dinamika egiten ari dira. Kafe orduan euskaraz hitz egiten dutenek pegatina berdea jarriko diote tximeletari, erdaraz ari direnek, berriz, gorria. Egunaren bukaeran tximeleta guztiak jasoko dira, eta erabilera nolakoa izan den zabalduko da.
EIKA
Aurten hiru ekimenetan parte-hartzeko aukera izan dute Eikatarrek. Batetik, urteroko ohiturari jarraituz, eta eskualdeko beste erakunde batzuekin batera, bi dinamika burutu dira: alde batetik, "Aurrera Berbie" galdera-erantzunen lehiaketa, eta bestetik, euskara eguneko oparien banaketa. Ilusioz jaso dute linternatxoa langileek. Horrez gain, aurten lehen aldiz, "Eikako hamaiketakoak" argazki lehiaketa abian jarri da, eta langileek laneko atseden uneetako irudiak partekatu dituzte (azpian duzue parte hartu duen taldeetako batek helarazitako argazkia). Talde bat baino gehiago sarituko dira, eta saria talde irabazleek elkarrekin gozatzeko hamaiketako ederra izango da.


FAGOR ELECTRÓNICA
Euskararen Egunean, hainbat ekimen antolatu dira Fagor Electronican. Batetik, Elektrolore sariarekin euskararen aldeko bidea egin duten pertsonei aitortza egingo zaie.
Bestetik, atseden guneetan kafea eta pastak doan eskainiko dira.
Hirugarrenik, euskararen erabilera sustatzeko dinamika bat egingo da: Tximeletaren dinamika. Horrez gain, Fagor Electronican urtero egiten den argazki lehiaketaren sari banaketa egingo da.
Fagor Taldeko kooperatiba guztietan bezelaxe, Fagor Euskara Lehiaketako finala egingo da, eta langileek mugikorretik zuzenean jarraitu ahal izango dute.
ERREKA
Errekari dagokionez hainbat ekimen egingo dira. Batetik, egunean zehar kafea doan egongo da. Bestetik, Hamaika Telebistak egindako bi bideo partekatuko dira: euskarak bizi duen egoera eta arazoak azalduz eta etorkizunera begira hartu beharreko neurriak azalduz
MU - ENPRESAGINTZA
Enpresagintzan barne egitura eta dinamiketan jarri dute aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean fokua, 2025-2028 aldirako onartutako Euskara Plana ardatz hartuta: barne egituretan plana txertatzea, hizkuntza baliabideak langileen esku jartzea eta hizkuntza ohituretan eragiteko dinamikak martxan jartzea. Hala, abenduan zehar aipatutako hiru lanketak egingo dira, bakoitzari dagokion maila eta espazioan.
TAJO
Tajon Euskararen egunaren harira Egunean Behin lehiaketa antolatu dute. Gainera, promozio kartelak jarri dira lantokiko ohar tauletan kolektiboari euskaraz hitz egitera animatuz eta kafea doan eskaini da.
EROSKI

Eroskin ere Euskararen Eguna ospatzen ari dira. Adibidez, Eroskiren Elorrioko egoitzako barneko kanaletan kartelak eta mezuak jarri dira, Eroskik euskararekiko duen konpromiso historikoa erakutsiz.
LAGUNARO eta OSARTEN
LagunAro Servicios S.Coop eta Osarten Kooperatiba Elkarteak elkarrekin ospatu dute abenduaren 3a. Lehenengo eta behin Kepa Diegez meteorologia hizkuntzaren adituarekin solasaldia eduki dute, 50 lagun inguru batu direlarik, eta ondoren luntxa. Saioa oso parte-hartzailea izan da eta aukera eduki dute langileek horren aberatsa den hizkuntza arloari buruz jarduteko.


LABORAL Kutxa

Laboral Kutxan bi ekintza nagusi egin dituzte. Batetik, 10:00etan Garikoitz Goikoetxearen hitzaldia izan dute, “Esnatu ala hil” liburua aurkezteko. Bigarrenik, “Misio sekretua” jokoa izan dute martxan. Egunero gai bat landu dute joko formatuan: lehenengo hitza euskaraz, euskararen egoera eta hiztegia. Gainera, beste urteetan bezala, kafe makinetan “kafea debalde euskararen alde” mezua jarri dute.
FAGOR AUTOMATION

Fagor Automationen kafea doan izango da eta kafea hartzen duten bitartean euskararen aldeko mezuak idatziko dituzte kafe makinaren bueltan jarri dituzten paneletan. Horretaz gain, Arrasateko Areto Nagusian, Fagor Euskara Lehiaketako finala streaming bidez ikusteko eta Fagor Automationen ordezkariak animatzeko hitzordua egin dute.
Bestalde, asteartetik ostiralera pilula bereziak zabaldutzen ari dira Euskararen Eguna ardatz hartuta.
FAGOR ARRASATE


Fagor Arrasateko Euskara Batzordeak madalenak banatu ditu kafe makinen inguruan ahoa euskaraz gozatzeko eta 11:30ean Euskararen Eguneko ekitaldia izan da sari banaketa eta guzti.
Euskaraz ikasi eta lanean erabiltzeko jauzia emateagatik Alberto Lizarduyk jaso du Euskara Batzordearen Errekonozimendu saria eta Egunean Behin lehiaketako sariduna Iñigo Aranzabal izan da.
EDERFIL BECKER
Ederfil Beckerren kafea doan izan dute egun osoz, eta hainbat lankidek ekarritako gozoak ere dastatu ahal izan dituzte. Kafe makina guztietan Hitzen Kutxa jokoaren bidez gure herrietako euskarazko hitzen bilduma polita osatu dute gainera.
Eguerdian talde argazkiak atera dituzte Alegia zein Legorretako lantokien sarreretan.
Astea borobiltzeko, Egunean Behin aplikazioarekin lehiaketa berezia egiten ari dira.


MONDRAGON UNIBERTSITATEA Eskoriatzako campusa
Euskarazko ikerketaren erronkei buruzko hausnartu dute Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean
INGUMA datu-baseak 25 urte bete ditu aurten, unibertsitate mailako euskarazko produkzioaren bilgune eta erakusleiho izaten. INGUMAren ekarpena ikertzeko ikerketa-beka irabazi zuten Amaia Torrealday eta Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileek, eta gaur emaitzak aurkezteko hitzaldia eman dute Eskoriatzako campusean. Ostean, hurbildutako lankideekin hausnartu dute ikerketak euskarak duen tokiaren inguruan.
“Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik” da ikerketa. Lanaren helburuak izan dira euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilakaera historikoa ezagutzea, eragina neurtzea, lankidetza- patroiak identifikatzea eta etorkizuneko aukerak esploratzea.
Ondorioztatu dutenez, Inguma da euskarazko ekoizpena neurtzeko tresnarik osatuena, euskarazko ekoizpenak beheranzko joera du, gero eta gutxiago argitaratzen da euskaraz (2000. urtetik aurrera), argitaratzen dena, Giza eta Gizarte Zientzien arloetan egiten da (%78), batik bat, artikulu formatuan, euskal egile eta erakundeen arteko lankidetza baxua da, nazioarteko datu-base handietan, euskarazko ekoizpenek neurgarritasun eskasa dute eta ia ikusgaitza da. Ikertzaileen arabera, “Inguma, baliabide estrategiko gisa, ezinbesteko pieza da eta hemendik aurrera ere horrela izan daiteke euskarazko ezagutzaren transmisioa eta biziraupen akademikoa bermatzeko”.

MONDRAGON UNIBERTSITATEA. Ideienea. Aretxabaletako campusa
Musika errezitaldian antolatu dute IKOko ikasleek.

MONDRAGON UNIBERTSITATEA. As-Fabrik. Bilbo
Kartel bidezko girotzea. Tabernan "eskatu euskaraz eta esaldi bat opari" ekimena. Argazki kolektiboa euskararen alde. “Euskararen etxea plazara” erakusketa abenduaren 4tik aurrera Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Asfabrik-eko ikasle, irakasle eta langile euskaldunen I. asanblada abenduaren 18an

DANOBATGROUP
Bere ingurune sozialarekin konprometitutako erakunde kooperatibo gisa, euskara, kultura eta euskal nortasuna presente egon dira Danobatgroup industria taldearen bilakaera osoan. Bere sorreratik makina-erremintan nazioarteko lider bihurtu arte, euskararen normalizazioarekin eta sustapenarekin konpromiso sendoa izan du erakunde barruan zein kanpoan.
Mugarri nabarmena izan zen 2000. urtean, lehen Euskara Planak ezarri baitziren EMUN aholkularitzaren eskutik. Emun erreferentea da euskararen normalizazio-planen garapenean, eta gaur egun ere elkarlanean ari da taldearekin. Baina hazia askoz lehenagotik zegoen jarrita. Horren erakusgarri da 75. hamarkadan Danobat kooperatibako pertsonek makina-erremintari buruz sortutako lehen hiztegia.
Asteazken honetan, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Danobatgroupek balioan jarri du hizkuntza kudeaketan egindako ibilbidea, duela mende laurden bat taldeko kooperatibetan ezarritako lehen planen 25. urteurrena ospatzeko barne ekitaldi batean. Topaketak balioan jarri du Danobat, Soraluce, Goimek eta taldeko berrikuntza motorra den Idekoren egunerokoan euskararen erabilera eta normalizazioa modu eraginkorrean eta progresiboan integratzeko egin den etengabeko lana.

Aitortutako eredua
2000. urteaz geroztik, taldeak urratsak egin ditu aurrera urtez urte, eta, taldeko kooperatiba guztiek Bikain ziurtagiria izatea lortu dute, beste lorpen batzuen artean. Ziurtagiri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa normalizatzen duten enpresa ereduak aitortzen ditu.
Baina Danobatgroupen konpromisoa ez da barne esparrura mugatzen; askoz harago doa. Taldea aitzindaria izan da, adibidez, makina-erremintaren sektoreko hiztegi terminologikoa bezalako hizkuntza-baliabideen sorreran, aktiboki parte hartzen du euskara sustatzeko inguruko ekimenetan, hala nola Kilometroak, Korrika edo Euskaraldian, eta honako batzordeekin elkarlanean ari da aktiboki: Mondragoneko Euskara Batzordea, INDEUS, Euskaragileak eta Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordea (EAB).
Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartzia aurkezleek gidatuta, Danobatgroupen ekitaldian Jon Maia eta Nerea Ibartzabal bertsolariek parte hartu dute. Bertsoen bidez, bertsolari bikoteak taldearen euskararekiko bilakaera eta bizipenak errepasatu dituzte. Kooperatibetako langileek osatutako musika banda batek azken bertsoa jo du, Danobatgroupeko langile batek ekitaldirako sortutako bertsoa, alegia.
Ekitaldia IMH Campusean eta Elgoibarko Makina-Erreminta Museoan egin da, eta bi erakunde horiekin harreman historiko estua du Danobatgroupek.
MONDRAGON GOI ESKOLA POLITEKNIKOA
Iturripe (Arrasate), Galarreta (Hernani) eta As Fabrik (Bilbo) fakultateetan ospatu dute Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikasle eta langileek euskararen eguna. Euskal dantzak, euskal musika bingoa, Egunean Behin eta Kahoot lehiaketak, herri kirolak, txistorra mokadua... egon dira, giro paregabean. Horrez gain, Mondragon Unibertsitateak manifestua argitaratu du Euskal Herriko beste hainbat unibertsitaterekin batera 'Unibertsitateak euskararen indargune izan gaitezen' lelopean.



BEXEN CARDIO
Bexen Cardion alde batetik, LinkedInen argitalpen bat egin dute. Bertan, lankide bakoitzak aukeratutako euskarazko abestien zatirik gustukoenak bildu dituzte, eta horrekin batera Bexen Cardioren euskarazko playlist-a ere osatu eta partekatuko dute.
Horrez gain, hamaiketakoa antolatu da guztiontzat. Mokaduen bueltan kolektibo osoa elkartu eta elkarrekin ospatu dute Euskararen Eguna.

LKS Next, KREAN eta ABANTAIL
LKS Next, Abantail eta KREAN enpresek Garaia Parke Teknologikoan partekatzen duten eraikinean Euskararen Eguna antolatu dugu elkarrekin. Alde batetik, hamaiketako bat prestatu dugu, tortilla eta bestelako jaki batzuekin. Unea girotzeko bingo musikala antolatu dugu, Euskaraz abestutako abestiekin. Irabazleek Eredindajan-eko produktuen otarra jaso dute. 50 pertsona pasatxo elkartu gara.



FAGOR TALDEA
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, egin da Fagor Euskara Lehiaketaren finala. Euskara, euskara plana eta euskal kulturari buruzko galderak erantzun dituzte kooperatiba bakoitzeko lehiaketako 1.faseko bikote irabazleek. Online parte hartu dute eta Fagorreko langileek finala zuzenean ikusteko aukera izan dute: Bikote irabazleak Zetak musika taldeak Bilboko San Mamesen eskainiko duen kontzerturako lau sarrera eta Durangoko azokarako 100 euroko bonua eskuratu ditu. Zorionak Fagor Electronicako lankideei!
Finalaren aurretik, euskara lehiaketaren 1.fasean 125 bikotetik gora jardun dute 4 astetan euskara zein euskara planari lotutako galderak erantzuten. Fagorreko kooperatiba bakoitzeko irabazleek Errigorako saski bana jaso dute.
Egondako parte hartze aktiboa ere saritu da eta lehiaketako parte hartu duten bikoteen artean ere Durangoko azokarako 100 euroko beste 2 bono zozketatu dira.


LANA
Luntxa egin dute elkarrekin ospatzeko Euskararen Nazioarteko Eguna
DOMUSA
Kafea eta jatekoak izan dituzte Euskararen Nazioarteko Eguna elkarrekin ospatzeko
BATZ
Batzen bi lantegietan, Igorren eta Zamudion, lankideek elkarrekin ospatu dute Euskararen Nazioarteko Eguna.



EREDU
Gabon zuhaitzak euskarazko hitz gustukoenekin apaintzea izan da aurtengo jokoa. Zuhaitzak jarri dira enpresako 3 gunetan. Bertan gabon bolatxoak jarri dituzte, bakoitzean norberak gustukoen duen euskarazko hitza idatzi eta zuhaitzean zintzilikatu dezan. Halaber, Hamaiketako eder bat egin dute euskal musikaz alaiturik. Eta azkenik hitz horien artean zozketa egin da; euskal liburua eta komiki bat izan da aurtengo oparia.

KIDE
Euskara Taldeko eta Euskara Batzordeko kideek opariekin (funtzio anitzeko linternak) eta bizkotxoekin kafea hartuz gozatu dute eguna. Halaber, Aurrera Berbie lehiaketaren opariak banatu dituzte.


POLITEKNIKA TXORIERRI
Bi ekimen nagusi egin dira Euskararen Nazioarteko Egunaren harira:
Batetik, Ander Arandiak ikastetxean hitzaldi bat eskaini du Euskara Erronka Heziketa Bidaia izenburupean, Afrikan zehar bizikletan egindako 8 hilabeteko bidaia azalduz. Bestetik, 2. Batxilergo eta Lanbide Heziketako erdi mailako ikasleen artean Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltako lelo lehiaketa egin da.

ONDOAN
Euskararen Nazioarteko Eguna txokolatada batekin ospatu dute Ondoanen. Euskararen Egunaren bueltan egindako ekitaldian lankideen artean orain artean euskara erabiltzeko egindako tratuen erronka amaitutzat eman dute ahalegin hori egin duten lankideak erakutsitako ilusioagatik sarituz. Ekitaldi horretarako "Playlist" bat ere prestatu dugu, partehartzaileek gustukoen dituzten euskarazko abestiekin.


GALBAIAN
Liburuen azoka ospatu dute. Kooperatibako kideen artean euskarazko liburuen trukaketa bultzatu dute, euskarak eta euskarazko produktu kulturalen kontsumoak duen garrantzia nabarmenduz.
