TUlankide MONDRAGON

IKERLANek eta GAIAk zibersegurtasun industriala aztertuko dute

2019/02/19

Topaketa IKERLANek Garaian duen egoitzan izango da, martxoaren 21ean.
IKERLANek eta GAIAk zibersegurtasun industriala aztertuko dute

4.0 Industriaren aurrerabidea eta produktu eta prozesu industrialen digitalizazioa joera geldiezina da, baita euskal ekosistema industrialean ere, izan ere, ekoizpen prozesuak bizkortzeko, erabakiak hartzea hobetzeko eta, azken batean, enpresen lehiakortasuna handitzeko aukera handiak irekitzen ditu.

Elkarrekin konektatutako ingurune honetan, zibersegurtasun industriala funtsezko elementu bihurtu da zerbitzuen erabilgarritasuna, jabetza intelektualaren babesa eta datuen konfidentzialtasuna zaintzeko eta babesteko. Incibek, Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalak, jaso duen bezala 2017an zehar segurtasun informatikoko 123.000 gorabehera baino gehiago antzeman ziren, hots, 2016an baino ia % 7 gehiago. Digitalizazioaren hedapenarekin, aurreikuspen guztiek diote zibererasoen kopuruak gora egiten jarraituko duela. Horregatik, zibersegurtasuna  erronka handi bihurtu da ekosistema globalean lehiakor izaten jarraitu nahi duten enpresa industrial guztientzako.

Soluzio errealak aplikatzeko jardunaldia

IKERLANek eta GAIA klusterrak martxoaren 21ean, zentro teknologikoak Garaian duen egoitzan, euskal enpresei bideratutako jardunaldi bat antolatu dute, enpresoi euren produktuetan behar dituzten zibersegurtasuneko neurriak har ditzaten laguntzeko.

Jardunaldiak Basque Cybersecurity Centre Euskadin zibersegurtasuna sustatzeko Eusko Jaurlaritzak izendatutako erakundearen laguntza eta parte hartzea du, bai eta ZIURena ere, oraintsu Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Zibersegurtasun Industrialerako Zentroarena, alegia.

Osagai industrial ziberseguruen garapena eta egiaztapena izango da jardunaldiaren izenburua eta IKERLANen eta GAIAren helburua izango da euskal enpresek egun dituzten behar eta erronketara hurbiltze erreal bat erraztea, produktu edo zerbitzu ziberseguruak garatzeko gakoak eskainiz, arauen eskakizunekin betez.

Jardunaldia zibersegurtasun industrialaren alderdi espezifikoetara bideratuko da, barne hartuz arau esparruak, estandarrak eta garapen metodologiak. Era horretan, parte hartzen duten enpresek produktu baten garapen prozesuan zibersegurtasuna txertatzearen erronkak eta onurak ezagutu ahal izango dituzte, Seguruty-by-design kontzeptua jarraituz. Paradigma horretan esperientzia zabala du IKERLANek eta segurtasun neurriak diseinuaren hasierako faseetatik txertatzean datza.

Bere aldetik, GAIA Klusterreko enpresek industriarako soluzioen garapenean eta aplikazioan duten esperientzia ekarriko dute, bai eta erakunde industrialetan txertatzeko orduan ematen duten laguntza ere.

Euskadi, erreferentzia teknologikoa zibersegurtasun industrialean

Euskadi nazioartean kokatzen ari da zibersegurtasunaren alorrean, abangoardiako teknologia propioa sortzeko gai den goraka datorren eragile gisa. Esparru instituzionalean, 2017ko irailean, BCSC, Basque Cybersecurity Centre, sortu zen, Eusko Jaurlaritzak hauspotuta eta egoitza Arabako Parke Teknologikoan duena.

Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ZIUR Fundazioa jarri du abian, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratua, oraintsu Donostian sortua  arriskuak prebenitzeko neurriak hartzeko eta zibereraso industrialei erantzuna emateko enpresa gipuzkoarrei laguntzeko xedez.

Berrikuntzako ekosistema honetan, IKERLAN zentro teknologikoa erreferentzia teknologikoko zentro bihurtu da zibersegurtasun industrialean enpresen beharrak betetzen dituzten soluzio espezifikoak diseinatuz, nazioartean zibersegurtasun industrialean dauden estandarrak eta egiaztapenak jarraituta.

GAIA klusterreko kide diren Ezagutza eta Teknologia Aplikatuko enpresak ere, 260 baino gehiago, ekosistema indartsu honetako partaide dira, eta euren ekarpena da 4.0 Industriaren eta ekonomia berriaren garapena bultzatzeko produktu eta zerbitzu gakoak eskaintzea. Jardunaldia baliagarria izango da eragileak elkarrekin harremanetan jartzeko eta soluzio aplikatuak erakusteko.

Eguraldia
Astelehena 11 Min: 5
Max: 12
Asteartea 12 Min: 7
Max: 12
Asteazkena 13 Min: 7
Max: 12
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak