Ikerketa zentro teknologikoa
Ekintzailetasuna, dibertsifikazioa eta enpresa-jarduera berrien sorrera sustatzeko MONDRAGON Korporazioaren plataforma korporatiboa gara.
Irakurriena
- 1. Aliantza estrategikoa egin du Fagor Ederlan Groupek Duoli Automotive Technology txinatarrarekin
- 2. Ekintzailetzaren erronka, gai nagusi TU Lankideren zenbaki berrian
- 3. Batzar Nagusiak, komunikazioa eta elkarlana indartzeko espazio
- 4. Datorren ikasturterako irakasle bila ari da Arizmendi Ikastola
- 5. MONDRAGONek partaidetza estrategikoa sendotu du South Summit Madrid 2025 programan
- 6. Nerea Aranguren: “Konfidantza sortu, nor garen egiaz kontatu eta gazteei egitasmo humanistak eskaini behar dizkiegu”
AMETS Power Electronics sortu dute MONDRAGONek eta Artechek potentzia-elektronika sustatzeko

MONDRAGONek eta Artechek AMETS Power Electronics abiatu dute, potentzia-elektronikako soluzio berritzaileak garatzen dituen konpainia berria. Aliantza estrategiko honek Artecheren nazioarteko esperientzia, MONDRAGONen ekosistema kooperatiboa eta industriala, eta energia elektrikoaren kudeaketan eta eraldaketan gaur egungo zein etorkizuneko erronkei erantzuteko Ikerlanek duen gaitasun teknologikoa uztartzen ditu.
Aurkezpeneko argazki guztiak, hemen.
AMETS egitura paritarioarekin jaio da (%50 Arteche eta %50 MONDRAGON Inversiones eta Ikerlan), eta erreferentzia bihurtu nahi du sistema elektriko eraginkorrago, malguago eta jasangarriagoetan. Konpainiak bere industria-jarduera, hasteko, soluzioen garapen teknologikoan oinarrituko du, hain zuzen ere sare elektrikoen, energia berriztagarrien eta industria astunen aplikazioetara bideratutako potentzia-elektronikako teknologietan.
Pello Rodriguez: "Hasierako fase honetan, 5 milioi euroko inbertsioaz ari gara eta kualifikazio altuko 50 pertsonako taldeaz"
Negozio berri baterako oinarriak
Alex Artetxek, Artecheko CEO eta presidenteak, potentzia-elektronikak bere baitan hartzen dituen industria-jarduerak azaldu ditu: “Energia elektrikoa sortu eta erabiltzailearen eskura jartzeaz ari gara. Potentzia-elektronikako teknologiak banaketa hobetzen du, galerak minimizatzen ditu eraginkortasuna hobetuz, sistema seguru eta egonkorra sortzen du".
Pello Rodriguez MONDRAGONeko presidenteak gaineratu duenez, “MONDRAGONen zein Artechen badira nahikoa baliabide industrial, finantzario eta teknologiko ibilbide honi ekiteko”. “Gainera, merkatu global baterako proiektua da, etorkizunekoa, egunerokotasunean eragina duena eta kalitatezko enpleguarekin garatuko dena: hasierako fase honetan, 5 milioi euroko inbertsioaz ari gara eta kualifikazio altuko 50 pertsonako taldeaz”.
Ikuspegi partekatua eta osagarria
Amets Power Electronics lankidetza eredu batean oinarritzen da, eta merkatua, teknologia eta fabrikazio industriala kokatzen ditu hiruki estrategiko baten oinarri gisa, berrikuntza zein energia-balio-katean duen eragina maximizatzea helburu duena.
“Balioak partekatzen diren aliantza bat da hau: industriarekiko konpromisoa, epe luzerako orientazioa eta pertsonen aldeko apustu irmoa”, nabarmendu du Alex Artetxek, Bilbon egindako aurkezpen ekitaldian. “AMETS aukera bat da muga teknologiko berriak esploratzeko eta energiaren sektorean abangoardian jarraitzeko beharrezkoak diren bideak zabaltzeko, gizartearen erronkei aurre egingo dieten irtenbideak eskainiz”.
MONDRAGONen aldetik, presidente Pello Rodriguezek adierazi duenez, “ilusio handiz ekin genion proiektu berri honi, esperientzia industrial handia duten enpresen arteko elkarlana baita, etorkizuneko sektore batean jarduera berri bat martxan jartzeko”.
Sozietate berria elkarte mugatu gisa eratu da, eta gobernantza orekatua izango du; kontseiluan lau kide izango ditu –bi Artecheren aldetik eta beste bi MONDRAGON Inversionesen eta Ikerlanen aldetik–. AMETSek bere ingurunean inpaktu positiboa sustatzeko printzipioekin bat egingo du, taldeko enpresekin sinergiak sortuz eta lurraldearen garapen teknologiko eta ekonomikoari lagunduz.
Berrikuntza teknologikoa, energiaren etorkizunaren zerbitzura
AMETSen sorrerak bi erakundeen bide-orri estrategikoarekin bat egiten duen epe luzeko ikuspegiari erantzuten dio. Potentzia-elektronikako irtenbideen diseinuaren eta garapenaren lehen fasearekin hasiko da. Fase hori Ikerlaneko eta Artecheko talde teknikoen arteko lankidetza estuan egingo da, bikaintasun teknologikoan eta jasangarritasunean oinarrituta, fabrikazioan eta merkaturatzean pausoak emateko.
MONDRAGONi energiaren sektorean agente garrantzitsu gisa posizionatzen lagunduko dio
MONDRAGONen plan estrategikoa
MONDRAGONek, 2025-2028 plan estrategikoan, “lidergo posizioak lortu nahi ditu, bere lehiakortasun, lankidetza eta egokitzapen mailak hobetuz, eraldaketa sozialean giltzarri den eragilea izateko”. Eta hurrengo laurtekorako bidaian lau ardatz estrategiko identifikatu ditu: identitatea, etorkizuna duten negozioak, irekitasuna eta inpaktu soziala eta interkooperazioa.
AMETS Power Electronics-en sorrerak ardatz estrategiko horietako biri erantzuten die: etorkizuneko sektoreetan jarduera eta negozio berriak bultzatzea, batetik; eta hirugarrenekin lankidetzak garatzea bestetik, jarduera ekonomikoa zein lanpostu jasangarriak ekarriko dituzten proposamen berriak aktibatzeko. MONDRAGONek proiektu honen zerbitzura jarriko ditu bere gaitasun guztiak, bai teknologikoak –batez ere Ikerlanen bitartez–, bai industrialak, bai eta ezagutzaren eremukoak ere, ekimen bateratu hau arrakastatsua izan dadin eta lankidetza berriak sor ditzan. Era berean, MONDRAGONi etorkizuneko sektore batean, energiaren sektorean, agente garrantzitsu gisa posizionatzen lagunduko dio.