Euskadiko txapelketaren kanporaketa bihar Gasteizen

First Lego League txapelketaren Euskadiko kanporaketa bihar jokatuko da Gasteizko Europa Jauregian. Guztira 48 talde arituko dira, horietako lau Arizmendi Ikastolakoak, bi Almen gunekoak eta beste bi Gaztelupekoak.
Card image cap
2018/02/09

Itsaso Arenaza irakaslearekin eta 20 bat neska mutikorekin elkartu gara Arizmendi Ikastolako Almen gunean, First Lego League-eko Euskadiko kanporaketa jokatu bezperan. Bihar jokatuko da kanporaketa, Euskadi osotik joandako 48 talderekin. Horietako lau Arizmendi Ikastolakoak izango dira, bi Almen gunekoak eta beste bi Gaztelupekoak. Euskadiko txapelketa jokatzen dutenen artean lau sailkatuko dira Espainiakora, eta hurrenez hurren etorriko dira Europako eta mundu mailako txapelketak ere. Arizmendi Ikastolako ordezkarientzat, ordea, helburua oso bestelakoa da. "Guretzat garrantzitsuena da disfrutatzea, taldean lan egitea, ikastea... gaiaren inguruan bisitak egin ditugu Epeleko araztegira eta Coprecira eta neska mutikoak oso gustura aritu dira", adierazi digu Arenazak txapelketan gertatuko denari garrantzia kenduz. 

"Gaur egun lorpen kolektiboak sustatu behar direla uste dugu"

FLL baloreak, proiektu zientifikoa eta robotaren ariketa

First Lego League hiru ataletan banatzen da. Lehenik eta behin baloreak lantzen dituzte, era berean proiektu zientifikoa garatu behar izaten dute eta txapelketa egunean robotak ariketak egin behar izaten ditu. Almenen baloreen inguruan Saioa Uribe eta Aiora Diaz de Gereñurekin aritu gara. "Errespetua, talde lana, konfiantza, ahalegina, entretenimendua eta jakinmina dira garatu ditugun baloreak eta adibide moduan castellers bat irudikatu dugu, non lan-taldean, oinarri sendoak jarrita, pertsonak gai diren tontorrera iristeko. Gaur egun lorpen kolektiboak sustatu behar direla uste dugu", adierazi digute Saioak eta Aiorak. 

Proiektu zientifikoa

Amaia Uribe-etxeberriak proiektu zientifikoaren gainekoak kontatu dizkigu, 'uraren kutsaduraren gaineko proiektua' hain justu ere. "Arazo globala da. Kutsatuta daude ibai eta itsasoak munduan. Horren aurrean zer egin dezakegu? nola ekidin dezakegu arazoa?". Amaiaren taldeak 'sare bidezko garbiketa zerbitzua' proposatzen du, eta "komunikazio kanpaina, arlo digitalean eta offline arloan. Uraren kutsaduraren murrizketa da helburua, eta plastiko gutxiago sortzetik dator soluzioetako bat. Tupperrak erabili, plastikozko poltsak murriztu...", hori da proposatuko duena proiektu zientifikoan Almen guneko taldeetako batek.

Arizmendi Ikastolako ALMEN guneko ikasleak, First Lego Leaguera joango direnak  

Almenetik 20 neska mutiko gerturatuko dira Europa Jauregira bihar, 15-16 urte bitartekoak guztiak. Eta haien guztien asmo bakarra da ondo pasatzea. "Arlo teknologikoa barneratzea, ondo pasatzea, beste talde batzuekin elkar-harremanetan egotea..." hori guztia aurkitzera joango dira bihar Gasteizera, eta sari bat eskuratzen badute, hobeto. 

Interkooperazioan

Aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere Arizmendi Ikastolakoek FLL txapelketa prestatzeko laguntza teknologikoa jaso dute. Almen gunera Mondragon Unibertsitateko irakasle bat gerturatu da maiztasun handiz, eta Gaztelupeko gunean Ikerlan-eko bi zientzilari gerturatu dira, aholkularitza lana eskainiz. Guztiek elkarlanean eta interkooperazioan Arizmendi Ikastola ordezkatuko dute biharko saioan. 

 

Irakaskuntza