Irakurriena
- 1. Berrikuntza eta Teknologiako Bilkura egin du aurten ere MONDRAGONek
- 2. MONDRAGON Hospitality Summit: sektore soziosanitarioa hizpide
- 3. Nerea Aranguren: “Konfidantza sortu, nor garen egiaz kontatu eta gazteei egitasmo humanistak eskaini behar dizkiegu”
- 4. Aliantza estrategikoa egin du Fagor Ederlan Groupek Duoli Automotive Technology txinatarrarekin
- 5. AMETS Power Electronics sortu dute MONDRAGONek eta Artechek potentzia-elektronika sustatzeko
- 6. Coprecik bere identitate korporatiboa berritu du
Jon Altuna: “Formazioa bizitza osorako izango dela ulertzen dugu eta adin guztientzako”

Laboral Kutxaren azken urteotako goiburua izan da. Badago beste modu bat banka egiteko. Antzeko narratiba erabilita, kooperatibek erakutsi dute badagoela beste modu bat enpresa egiteko, eta hari horretatik tiraka, mikrokredentzialek erakutsiko digute bizitza osoan ikasteko beste modu bat badagoela. Mundu mailako joera da. Eta Mondragon Unibertsitateak dagoeneko bere katalogoan jaso du. Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoarekin egon da TU Lankide aldizkaria, joera berriaren gainean jakin beharreko guztiak Jon Altunaren ahotik jasotzeko.
Kokatu dezagun. Zertaz ari gara mikrokredentzialez ari garenean?
Irakaskuntzaren arloan mundu mailako joera dela esan dezakegu. Orain dela 10 bat urte edo gehiago sortu zen, sektoreko agente ezberdinen arteko elkarlanetik. Irakaskuntza sektorean estrategia berri bat da. Hezkuntza erakundeak ari dira tiraka, baina ez soilik unibertsitateak, baita gobernuak, enpresa pribatuak eta bestelako erakundeak ere.
Gizartea aldatzen ari da edo aldatu da, eta erronka berriei erantzun behar diegu. Hala, bizitza osoan, etengabe, formazioan ari gara fokoa jartzen. Orain arte, hasierako etapetara bideratzen zen, titulazio eta kualifikazioen bitartez, jaiotzen garenetik unibertsitatera bitartean. Formazioa, ordea, bizitza osorako izango dela ulertzen dugu eta adin guztientzako. Hala ulertzen du Europak ere, eta mikrokredentzialek estrategia horri erantzuten diote.
Ekimen globala dela diozu eta Europatik bideratzen ari dena.
Praktikan formazio eredu horrek forma asko hartu ditu. MOOC plataformak, Coursera plataformak, RX Digital Learning platforms eta beste asko. Modularizazioaren kontzeptupean, Europak herritarren formaziorako bide berriak sustatu ditu. Modularizazio ekimenak Gobernuek garatu nahi izan dituzte. Hain justu ere, 2022an Europar Batzordeak ikusirik bizitza osorako formazioaren bidetik zenbait herrialdek eskaintza propioa egiten zutela, bere estrategia orokorrago bat garatzeko erabakia hartu zuen. Eta Mikrokredentzialak dira horren emaitza.
Definizio mailan zer da mikrokredentziala?
Ikasle batek ikasketa bolumen txiki baten ondoren lortu duen ikaste emaitzen erregistro bat. Ikaskuntza maila hori ebaluatua izan behar da, irizpide garden eta garbi batzuk erabiliz. Bestalde, nabarmentzen du mikrokredentzialen lorpenera daramaten ikaskuntza esperientzia horiek ikasleari ezagutza, gaitasun edo konpetentzia espezifikoak eman behar dizkiotela. Lan munduaren eta merkatuaren beharrei erantzuteko balio behar dute.
Ikaslea izango da kredentzial horien jabe. Zer esan nahi du horrek?
Norbera da bere mikrokredentzialaren jabe eta norberak partekatu ahal izango ditu. Eramangarriak izango dira. Independenteak izan daitezke, ikasketa arlo ezberdinetakoak, konbinatuak kredentzial handiagoak osatuz eta titulazio edo kualifikazio bat lortzera iritsi ahal izango da mikrokredentzialak konbinatuz.
“Praktikan formazio eredu horrek forma asko hartu ditu. MOOC plataformak, Coursera plataformak, RX Digital Learning platforms eta beste asko”
Kalitatea da beste ezaugarrietako bat, ezta?
Hala da, bai. Kredentzialaren atzetik egon behar du kalitatearen bermeak. Eta hori bermatzeko Europaren ereduak nabarmen Goi Mailako Hezkuntzako erakundeetan jartzen du gaitasuna. Unibertsitateak, Goi Mailako Lanbide Heziketako zentroak eta antzekoak. Europak hamar printzipio finkatu ditu: kalitatea, gardentasuna, adierazgarritasuna, ebaluazio bermea, ibilbidea egin ahal izatea, aitortza, eramangarria izatea, ikaslean zentratuta egotea, benetakotasuna izatea eta informazio zein orientazioa bistara edukitzea. Hala, Europak The European blockchaim sortu du, ikaskuntza esperientzia ziurtatzeko kredentzial digitalak emateko azpiegitura. Ikasleak eta erakundeek ziurtatu ahal izango dute eta dena erregistratuko da blockchaim teknologiari esker.
Zein da gaur egungo panorama?
Munduari begiratuz gero, joera honetan aitzindariak Kanada, Ameriketako Estatu Batuetako zenbait estatu, Australia, Singapur eta Irlanda izan dira. Herrialde horiek izan dira mikrokredentzialen estrategia garatzen aitzindariak. Esaterako, Irlandako plataforma www.microcreds.ir oso eredu interesgarria da.
Herrialde horietan, hiritar guztiek, modularizazioaren bitartez, ikasketarako aukera dute. Han bermatzen da bizitza osoko ikasketa prozesua. Azpiegitura egokia sustatu dute. Plataformak, portalak sortu dituzte. Atari nazionala du Australiak, baita Singapurrek ere. Kanadan, Ontarion ere plataforma bat dute, eskaintza guztiarekin.
Europass da Europako plataforma, baina ez du katalogo amankomunik ezta?
Halaxe da, bai. Baina erakunde bakoitzak erabakiko du nola ireki bere eskaintza herritarrei. Profesionalen eskaintzaren portalean mikrokredentzialen eskaintza badago, baina beste irismen maila handiagoko plataforma batzuk behar ditugu. EU4dUAL aliantzaren baitan ari gara beste plataforma bat sortzen, guztion artekoa, bistaratzeko gure eskaintza eta izan dadin gordailu.
Mondragon Unibertsitateak zein eskaintza du mikrokredentzialetan?
Geroz eta eskaintza zabalagoa eta eskuragarriagoa izatea da paradigma. Guzti horretatik, konbinagarriak izan daitezkeenak. Kualifikazio handiagoa lortzeko aukera eskainiz. Praktika komunitatea sortu du Mondragon Unibertsitateak lau fakultateen artean, mikrodredentzialen gida partekatzeko, praktika onak partekatzeko eta proiektuaren hazkundean lan egiteko. Une honetan 12 mikrokredentzial ditugu, arlo ezberdinetan: hezkuntza arlokoak, kooperatibagintza arlokoak eta ingeniaritza arlokoak dira garatu ditugunak. Baina enpresa kudeaketa arloan, talentuaren arloan, gastronomian, datuen arloan, baditugu garapenean.
Orain arte ziurtagiri digitalak emateko aukera garatzen aritu gara. Plataforma bera lantzen eta bestelako barne lanak egiten. Gida bat garatu behar dugu, diseinatu behar dugu eskaintza, eta orain honen berri ematea falta zaigu.
Praktikan nolakoak izango dira mikrokredentzial horiek?
Orotarikoak izango dira. Etengabeko prestakuntzakoak kreditu batetik 15 kreditura joan daitezke, 15 ordutik 375 ordura hain justu ere. Ibilbide ezberdinak sor daitezke eta etengabeko prestakuntzan eragingo dute. In Company ereduak indar handia dauka guretzat, eta agian, kasu horretan, mikrokredentzialak osagarri izan daitezke.