Irakurriena
- 1. Osasungintzaren sektoreko posizioa indartu du Fagor Taldeak, Fagor Healthcare kooperatibarekin
- 2. Orca, Orca Aero eta Lotto-Intermarché taldearen 2026ko bizikletak aurkeztu ditu Orbeak
- 3. Batzek, Velatiaren aeronautikako osagaien unitatea erosteko aurreakordioa itxi du
- 4. Fagor Ederbatt, Dakarreko historiako lehen kamioi hibridoaren bultzatzaile
- 5. Agur, Jose Antonio Ajuria
- 6. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioa, TU Lankideren zenbaki berriko gai nagusia
“Euskal Herria bizitzeko eta lan egiteko leku paregabea da. Tradizioa, berrikuntza eta bizi-kalitatea uztartzen ditu munduko leku gutxitan bezala”
Alemaniarrak puntualak, ordenatuak, eraginkorrak, antolatuak… direla diote. Zu ere halakoxea zara?
Ez erabat. Topiko guztietan bezala, salbuespenak daude, eta horietako bat naizela uste dut… Ordenaz hitz egiten badugu, behintzat, nire mahaian ez dago gehiegi. Nahiago dut kaos antolatua deitu, ez dirudien arren, badakit non dagoen dena.
Urte asko igaro dira Euskal Herrira iritsi zinenetik. Zer gogoratzen duzu iritsi zinenekoa, hemen lurreratu zenuen egunekoa?
Hona 1995ean iritsi nintzen lehen aldiz, Dublingo Erasmus egonaldi batean ezagutu nituen Bilboko eta Donostiako lagun batzuk bisitatzera. Abuztuko igande bat zen, eta txundituta utzi ninduen hainbeste jende kalean paseatzen ikusteak eta zein dotore zihoazen ikusteak. Grabatuta geratu zitzaidan irudi bat izan zen.
Urte asko daramatzazu Donostian. Ulertzen dut dagoeneko euskaldun bat gehiago sentitzen zarela, edo alemaniarra izaten jarraitzen duzu txoko gastronomiko eta koadrilan….
Donostian bizi naiz 2001etik, ia 25 urte. Nire hemengo lagunentzat alemana izaten jarraitzen dut, baina nire lagun alemanentzat euskalduna naiz. Batek ezin ditu bere sustraiak baztertu, baina Euskadirekin oso identifikatuta sentitzen naiz: bertako ohiturak, janaria eta kultura maite ditut. Danborradan ateratzen naiz, elkartean koadrilarekin afaltzen dut… honen parte sentitzen naiz!
“Euskadirekin oso identifikatuta sentitzen naiz: bertako ohiturak, janaria eta kultura maite ditut. Danborradan ateratzen naiz, elkartean koadrilarekin afaltzen dut…”
Euskaraz hitz egiten duzu? Zure seme alabek, bai, ezta?
Zoritxarrez, nire gainditu gabeko gaia da euskara. Oinarrizkoa ulertzen dut, baina erraz hitz egin nahiko nuke. Etxean nahasketa bitxia dugu: euskara, gaztelania eta alemana.

Euskaldunak eta alemaniarrak badute antzik?
Baietz uste dut. Biak dira serioak eta arduratsuak lanean, horiexek dituzte ardatz. Eta arlo pertsonalean, alemanek hasieran hotzak diruditen arren, ezagutzen dituzunean gertukoak dira, euskaldunak bezala.
Garagardoa eta saltxitxak… edo sagardoa eta txuleta?
Garagardo alemaniarra eta txuleta zalea naiz. Hori bai, Alemaniara joaten naizen bakoitzean ezin da falta Currywurst edo Weisswurst bat. Hemen saltzen diren saltxitxekin zerikusirik ez dute haiek.
Zer da Euskal Herritik gehien gustatzen zaizuna?
Bizi-kalitatea. Hemen lan handia eta gogorra egiten da, baina inguruneaz eta plazer txikiez gozatzen ere badakigu.
Eta gutxien?
Etxebizitzaren egoera Donostian. Hobetu beharreko erronka da.
Ezagutzen zenuen eredu kooperatiboa Euskal Herrira iritsi aurretik?
Bai, baina ez modu berean. Alemanian nekazaritzaeta ardogintza-kooperatibak, aurrezki-kutxak (Volksund Raiffeisenbank) eta kooperatiba txiki independenteak (EDEKA) daude. Baina ezin da MONDRAGONekin konparatu. Hemen industria, zerbitzuak, teknologia eta sektore ezberdinetako enpresa kooperatiboak daude.
MONDRAGON ezagutzen zenuen LKS Next enpresan lanean hasi aurretik?
Ez. LKS Next/LKS Kroczek & Wendlanden sartu aurretik ez nuen MONDRAGON ezagutzen, nahiz eta LKS Next Selectionek elkarrizketa egin zidan korporaziokoa ez zen kooperatiba baterako. Orduan hasi nintzen kooperatiben munduaz interesatzen.
Zerk harritzen zaitu gehien kooperatibismoaz?
Bazkideen eta langileen inplikazio pertsonala eta identifikazioa enpresarekin. Halaber, enpresaren barruan zeregin oso desberdinak betetzen dituzten eta askotariko rolak dituzten pertsonen arteko tratu hurbila eta informala gustatzen zait. Oso berezia da.
Deskribatu labur-labur zer egiten duzun.
Abokatua naiz eta LKS Next Legal - LKS Kroczek & Wendland-eko German Desk arduraduna. Alemanian interesa duten enpresa eta erakundeei laguntzen diegu, tokiko ezagutza eta nazioarteko ikuspegia uztartuz. Bi kulturen arteko zubi gisa jokatzen dugu, neurrira egindako konponbideak eta aholkularitza integrala eskainiz, gure bezeroek bi merkatuetan arrakastaz lan egin eta haz daitezen. Erronka bakoitza bakarra da, eta hori da gehien motibatzen nauena: kontu guztiak desberdinak dira… ez zara inoiz aspertzen.
Kontatu nahi diguzun beste zerbait?
Euskal Herria bizitzeko eta lan egiteko leku paregabea da. Tradizioa, berrikuntza eta bizi-kalitatea uztartzen ditu munduko leku gutxitan bezala.