Irakurriena
- 1. Domusa Teknik-ek eta MONDRAGONek Hotta-n inbertitu dute, bero-hondarra konfort bihurtzeko
- 2. Leire Mugerzak “Gipuzkoako enpresaburu onenaren” ASPEGI 2026 Saria jasoko du
- 3. Belaunaldi-erreleborik ezak eta kanpo-talentuaren hazkundeak eragin zuzena dute euskal enpresen ordainsari-politiketan
- 4. Lortek Bilbora hedatu da
- 5. Osasungintzaren sektoreko posizioa indartu du Fagor Taldeak, Fagor Healthcare kooperatibarekin
- 6. Orca, Orca Aero eta Lotto-Intermarché taldearen 2026ko bizikletak aurkeztu ditu Orbeak
MONDRAGONen Berdintasun Jardunaldiak aldaketa kulturala sustatuko duten lidergoak lantzeko deia egin du
Euriagatik Donostia bisitatzeko egunik onena ez bazen ere, merezi zuen abaguneak. Miramongo Arima hotelean egin zuen ostiralean MONDRAGONek lehenengo Berdintasun Jardunaldia. Bertan, ehun lagunetik gora elkartu ziren; ikuspegi korporatiboago batetik, topagune hau estreinatu eta Berdintasunaren zeharkako ardatzean elkarrekin lan egiteko beharraz sakontzeko.
-
Leire Mugerzak, MONDRAGONen Kongresu eta Batzorde Iraunkorreko presidenteak, kooperatiben berdintasunaren aldeko konpromisoa azpimarratu zuen, “hasieratik izan du MONDRAGONek berdintasunaren aldeko begirada arlo guztietan -hezkuntza, aberastasunaren banaketa, emakumeen laneratzea edo euskararen esparruan, eta orain gainera 2025-2028 Politika Sozio- enpresarialak berresten eta lehentasuneko egiten du hori. Berdinzale ez diren egoerak oraindik existitzen dira, beraz, MONDRAGONen betidanik izan dugun begirada berdinzale hori berritzen jarraitu behar dugu”.
130 pertsona baino gehiago bertaratu ziren, gehienak Errektore Kontseiluetan edo Zuzendaritza Batzordeetan ardurak dituztenak. Horietatik %69 emakumeak eta %31 gizonak izan ziren.

Zigor Ezpeletak, MONDRAGONen Gestio Sozialeko zuzendariak, Korporazioaren gaur egungo argazkia eskaini zuen Berdintasunaren esparruan. Bi negozio-arlo parekide daudela azaldu zuen, Finantzak eta Ezagutza, baina parekotasun hori ez dela gertatzen Industrian maskulinizatua baita- eta Banaketan -feminizatua-. Horrez gain, erabakiguneetan dauden emakumeen datuak eman zituen: Errektore Kontseiluetako kideen %36 eta Zuzendaritza Batzordeetan herena dira emakumeak. Eta nabarmendu zuen Berdintasun Planen ezarpen zabala kooperatibetan, “nahiz eta MONDRAGONen asmoak handiagoak diren eta legeak agintzen duenetik harago iritsi nahi duen”.

Presidenteordeekin solasaldi emankorra
Gainera, Ezpeletak MONDRAGONeko 3 presidenteorde gonbidatu zituen, bakoitza negozio-arlo ezberdin batekoa, gaiari buruz duten ikuspegia eman zezaten: Eroskiko Rosa Carabel (Banaketa), DanobatGroup & MIAren izenean, Nerea Aranguren eta LABORAL Kutxako Adolfo Plaza (Finantzak). Euren negozioen ezagueratik, Berdintasunaren ikuspegitik egoeraren diagnosia egiteko eskatu zitzaien lehendabizi.
Nerea Arangurenek azpimarratu zuen industria arloak eremu maskulinizatua izaten jarraitzen duela, “berdintasunean aurrera egiteko ausardiaz jokatzea eskatzen duen” errealitatea. Sentsibilizazio ekimenak kooperatiben barruan zein kanpoan bultzatzearen garrantzia aipatu zuen, Gizonduz programa adibide, baita emakume gazteak industria mundura erakartzea indartzearen garrantzia ere.

Rosa Carabel Eroskiren zuzendari nagusiak azpimarratu zuenez, “tradizionalki feminizatua izan den sektore bateko kide izateak ez du esan nahi berdintasun arloko lanak egina daudenik”. Errealitatea ezagutu eta intentzioz jokatu ahal izateko datuen garrantzian jarri zuen fokua Carabelek. Azaldu zuenez, gaur egun Eroskiko talde-buruen artean %74 emakumeak dira, baina ehuneko hori
jaitsi egiten da organigraman gora egin ahala, eta zuzendaritza-postuetan %46an kokatzen da. Horrez gain, lanaldi-murrizketen %95 emakumeek hartzen dituztela adierazi zuen.
Adierazle horrek islatzen du erantzukidetasunak gainditu gabeko irakasgaia izaten jarraitzen duela, orohar. Amaitzeko, Adolfo Plazak gaineratu zuen berdintasunaren arloko erronka nagusietako bat, belaunaldi-aldaketak izan dezakeen eraginaren aurrean erne egotea dela. “Gizartean gero eta agerikoagoak dira korronte negazionista jakin batzuk, kultura eta balioak aktiboki lantzen ez badira, jarrera horiek kooperatiben eremura ere iristeko arriskua” dagoela ohartarazi zuen.
Gazteen ahotsa
https://www.youtube.com/watch?v=vzOhxK8X1aA
Jardunaldiaren itxiera Leire Mugerzak egin zuen, eta “berdintasunaren arloan falta den jauzi handia, batez ere, kulturala dela” azpimarratu nahi izan zuen.
Bigarren pauso bat emateko unea iritsi dela esan zuen: marko legaletik lorpen errealera pasatzea, arauetatik praktika eraginkorrera. Horretarako, begirada berrituaren eta aldaketa hori bultzatuko duen lidergo aktiboaren beharra defendatu zituen.
Jardunaldiari amaiera emateko, parte-hartzaileek Virginia Imazen Klownklusioak izan zituzten gozagarri. Bertaratutakoen irribarreak piztu zituen, eta zenbait galdera eta hausnarketa plazaratu zituen enpresetan eta gizartean, oro har, genero-berdintasunak duen erronkari buruz pentsatzeko.
Bi hizlari: Sara Berbel eta Octavio Salazar
Bi hizlarik ere parte hartu zuten jardunaldian. Sara Berbelek, psikologoa denak eta Ada Colau alkatearekin Bartzelonako Udaleko gerentea izandakoak, eta Octavio Salazarrek, Europako Genero Berdintasunerako Institutuko Adituen Batzordeko kideak.
Berbelek bere hitzaldian azpimarratu zuenez, berdintasunean aurrerabidea sustatzeko ez da lidergo “neutrala” erabili behar, baizik eta emakumeak erabaki-guneetara heltzea zailtzen jarraitzen duten oztopo kulturalak eta muga inkontzienteak ulertu behar dira.
Erakundeetan egiturazko aldaketak bultzatzeko, begirada berriak txertatzeko eta lidergo berrituak, kooperatiboagoak eta botere partekatuan oinarrituak sustatzeko beharra defendatu zuen.

Octavio Salazarrek berriz, gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna estatus, prestigio eta autoritate kontu estruktural gisa aztertu zuen, botere harremanek zeharkatutako afera gisan. Patriarkatua, matxismoa eta androzentrismoa gizarte-antolaketa baldintzatzen duen “triangelu gaizto” moduan seinalatu zituen, eta gakoa ez dagoela bakarrik zenbakizko parekotasunean esan zuen, bere gaitasun eraldatzailean ere badagoela.