Irakurriena
- 1. MONDRAGON Hospitalityko lau kooperatibak parte hartu dute Ibis Styles Zumaia-Zestoa hotelean
- 2. Kontxako Banderan ontzirik kooperatiboena
- 3. “Ez da sorpresa bat izan. PISAk irakurketaren ulermenari buruz dioena, adibidez, Ikastolan behin baino gehiagotan partekatu izan den kezka da"
- 4. Andoni Jimenezek hartu du Tajoren zuzendaritza nagusia
- 5. Gustavo Belizek eta Daniel Innerarityk MONDRAGON Esperientzia Kooperatiboa ezagutu dute Otaloran
- 6. Arrasateko Olandixo eremuaren berrurbanizazioa
Eroski eta Gureak taldeak Eroski-Akademi sortu dute, desgaitasuna dutenentzako prestakuntza eta enplegu ibilbideak bultzatzeko
Eroskik eta Gureak taldeak hitzarmen bat sinatu dute Eroski-Akademi abian jartzeko, hots, proiektu bat desgaitasuna dutenen inklusio soziolaborala bultzatzen duena ibilbide pertsonalizatuen bidez. Ibilbide horietan egiazko lan inguruneak baliatzen dira prestakuntza, praktikak eta enplegu aukerak emateko.
Jarraipena emateko bokazioarekin sortu zen ekimena, eta orain beste pauso bat eman dute bi erakundeek lan merkatu inklusiboagoa eraikitzeko duten konpromisoan; konpromiso horren oinarrian dago desgaitasuna dutenei enplegu eskuragarritasunean laguntzea, batik bat laguntza premia handiena dutenei.
Eroski eta Gureak taldea elkarrekin ari dira 2015etik, orduan ireki baitzuten Espainia mailako lehen supermerkatua osoki desgaitasuna dutenek kudeatua.
Izan ere, hitzarmenarekin, lankidetza eredu jakin bat ezarriko dute 2028ko amaierara arte, modua emango duena pausokako ibilbide bat garatzeko partaide bakoitzaren gaitasunetara eta beharretara egokitua. Hala, ikaskuntza eta laguntza fase batzuen bitartez, Eroskiren lantaldera inkorporatzeko aukera izango dute.
Bi konpainiak 2015ean hasi ziren elkarrekin lanean, orduan ireki baitzuten Espainia mailako lehen supermerkatua osoki desgaitasuna dutenek kudeatua. Ordutik, harremana indartu eta ugaritu egin da; esaterako, harremanaren ondorio dira egiazko lan inguruneetan lanerako prestakuntza ematea, Eroskiren dendetarako langileak kontratatzea eta osorik dibertsitate funtzionala dutenek kudeatutako Eroski City denda frankiziatu berriak ireki izana EAEn. Maiatzean, gainera, “Gureak Labea” marka propioko gozokien lehenengo linea aurkeztu zuten. Eroskik aktiboki parte hartu du bai produktuaren diseinuan eta bai haren komertzializazioan. Bestalde, berriki, Gureak taldearen Datapost dibisioak kooperatibaren web korporatibo berria garatu du. Beraz, hitzarmen berria sinatuta, berretsi egin dute orain dela hamar urte baino gehiago elkarrekin abiaturiko bidea.
Honela mintzatu da Jose Maria Cabanillas, Eroskiren plataformetako pertsonen zuzendari eta Eroski Taldearen Aniztasunaren, Orekaren eta Inklusioaren lantaldeko koordinatzailea: “Eroskin, gure izaera kooperatiboa dela medio, konprometituta gaude ingurunearekin eta gizartean inpaktu positiboa eratzearekin. Gureak taldearekin balioak partekatzen ditugu aniztasunaren, ekitatearen eta inklusioaren inguruan, eta enplegura bideratutako bide oso bat eraikitzen jarraitu nahi dugu haiekin, zertarako eta aniztasun funtzionala duen lantaldearen inklusio soziolaboralean laguntzeko”.
Honela gaineratu du Ainhoa Askasibarrek, Gureak Itineraryko arduradunak: “Eroski-Akademirekin laneratzeko prozesuko etapa guztiak hartzen dituzten ekintza bat baino gehiago izaten ditugu kontuan. Besteak beste: bi erakundeetako profesionalek elkarrekin emandako prestakuntza saioak, Eroskiren dendetako esperientziak (testuinguru errealean lanerako trebetasunak hartzeko modua izan dezaten), Oinarrizko Prestakuntza Profesionalari loturiko praktikak eta ikaskuntza eta esperientzia profesionala konbinatzen dituzten prestakuntza programa dualak”.
Era berean, hitzarmenak beste ekimen batzuk hartzen ditu, dagoeneko Gureak kontsolidatuta dituenak, hala nola desgaitasuna dutenen inklusio soziolaboralari laguntzeko Pauso Berriak programa, zerbitzu okupazionaleko formulak eta esperientzia egokituak dakartzana. Baldintza egokiak betetzen direnean, ibilbidearen amaieran partaideak Eroskiren lanpostuetara inkorporatuko dira; horrela, enplegu arrunterako trantsizio mailakatu eta iraunkorra bultzatuko da.
Gizartean eragiteko aliantza
Desgaitasuna dutenen lan aukerak zabaltzeaz gainera, hitzarmenaren asmoa da aniztasunean, ekitatean eta inklusioan oinarrituriko antolamendu kultura bat indartzea.
Ildo horretan, bi erakundeek elkarrekin landuko dituzte Eroskiren lantaldeei begirako sentsibilizazio ekintzak. Horretaz gainera: inkorporazio aukera berriak identifikatzeko lanpostuak aztertuko dituzte; prozesuak egokituko dituzte beharrezko gertatzen bada, eta laguntza profesionala bermatuko dute laneratzeko prozesu osoan.
Hitzarmenak orobat jasotzen du koordinazio talde bat sortzea, zertarako eta ekimen guztiei segimendua egiteko, haien eragina ebaluatzeko eta lankidetza ildo berriak sustatzeko.
Hitzarmen honen bitartez, Eroskik eta Gureak taldeak elkarrekin hartua duten konpromisoa indartuko dute, eta inklusio soziolaboral eraginkorra sustatuko dute, oinarritzat harturik prestakuntza, laguntza pertsonalizatua eta enplegua eskuratzeko egiazko aukeren sorrera.