XI. Mundukide Lasterketa Solidarioa urriaren 18an egingo da, «Elkartasuna gara» lelopean

Mundukide Fundazioaren kirol eta elkartasun ekimena urriaren 18an izango da, Aretxabaletako Urkulu urtegian, eta bi berritasun izango ditu aurten: aldarrikapen-ekintza bat eta Zumba saio bat irteeraren aurretik.
Card image cap
2026/09/17

Mundukide Fundazioak XI. Lasterketa Solidarioa egingo du urriaren 18an. Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen ekitaldiak, beste behin ere, pertsona ugari elkartuko ditu helburu berarekin: lanaren eta lankidetzaren bidez mundu bidezkoagoa eraikitzen jarraitzea.

Elkartasuna gara

Munduko hainbat tokitan gatazka armatuek eta gerrek sufrimendua eragiten jarraitzen duten honetan, irteera bakoitzaren aurretik minutu bateko isilunea egingo da. Ekintza horren bidez, elkartasuna indarkeriaren alternatiba eta bakea eraikitzeko bidea dela aldarrikatuko da.

Elkarri aurre egin beharrean, elkarlanean aritzeko deia da. Indarkeriaren aurrean ere aukera egin dezakegulako: elkartasunaren, lankidetzaren eta pertsonentzat aukerak sortzearen alde.

Zumba saioa

Bigarren berritasuna Athlon kooperatibaren eskutik etorriko da. Kooperatibak Zumba saio dinamiko bat eskainiko du parte-hartzaileak berotzeko. Helburua da lasterketaren aurretik giro alaia, osasungarria eta parte-hartzailea sortzea.

2026-MLS-kartela.jpg

Urkulura, bizikletaz, oinez edo autoa partekatuz

Urriaren 18an, Mundukide Lasterketa Solidarioan, animatu Urkulura modu jasangarrian etortzera:

  • Bizikletaz
  • Oñez
  • Autoa partekatuz

Lasterketan korrika edo oinez egiteaz gain, Urkulurako bidea ere elkartasunaren eta planetarekiko konpromisoaren parte izan dadila.

20.000 familia Mundukideren lankidetzaz baliatzen dira

MLS Mundukidek Brasil, Ekuador, Kolonbia eta Mozambikeko tokiko erakundeekin egiten duen lanarekiko babesa eta elkartasuna adierazteko modu bat ere bada.

Lankidetza-lan horren oinarrian daude kooperatibagintzaren sustapena, nekazaritza-garapena eta enplegua, betiere tokiko komunitateekin elkarlanean.

2025ean lortutako emaitzek argi erakusten dute lankidetza-eredu honen eragina:

  • 20 kooperatiba eta 60 talde eta elkarterekin egiten du lan.
  • 20.000 nekazari-familia babesten ditu, eta guztira 100.000 pertsonarengana iristen da.
  • 61 pertsonako lantaldea du: 12 kooperatibetako kide, 49 tokiko langile eta 80 aldi baterako kolaboratzaile.
  • Lau lan-ildo nagusitan jarduten du: kooperatiba-aholkularitza, langileen prestakuntza, nekazaritza-garapena eta laguntza teknikoa.

Kooperatiben eta nekazarien lanari esker, 3,6 milioi euroko diru-sarrera gehigarriak sortu dira. Baliabide horiek komunitateetan bertan geratzen dira, bizi-baldintzak hobetzen eta tokiko garapen ekonomikoa indartzen laguntzeko.

Emaitza hauek erakusten dute lankidetza ez dela laguntza ematera mugatzen. Pertsonak ahalduntzea, tokiko erakundeak indartzea eta epe luzerako aukera ekonomikoak sortzea ere bada.

Euskal Herriko kooperatibei gonbidapena

Lehen ediziotik, Mundukide Lasterketa Solidarioa kooperatibismoaren, elkartasunaren eta konpromiso sozialaren topagune bihurtu da. Urtez urte, ehunka pertsonak erakutsi dute MLSak mundua eraldatzen ere lagun dezakeela.

Iazko 10. Mundukide Lasterketa Solidarioak 435 parte-hartzaile eta 30 kooperatiba bildu zituen, eta aurten ere antzeko parte-hartzea espero da.

Horregatik, gonbidapen zabala egin nahi diegu bereziki Euskal Herriko kooperatibetako kideei eta elkartasunaren indarrean sinesten duten guztiei, 11. Lasterketa Solidarioan parte hartzera.

Etorri korrika egitera, oinez egitera edo, besterik gabe, elkartasuna indartzera. Zure parte-hartzeak Brasilen, Ekuadorren, Kolonbian eta Mozambiken aukera berriak sortzen laguntzen du, eta milaka familiaren etorkizuna hobetzen.

Kooperazio kooperatiboa