Zabalik da 'Orklidea' ekimenaren hirugarren edizioan izena emateko epea

Orkliren Gizarte Kontseiluak sustatuta, Euskal Herrian garatzen diren eragile sozial eta elkarteen proiektuak laguntzeko asmoz, 50.000 euro banatuko ditu programak. Proposamenak jasotzeko azken eguna urriaren 10a izango da.
Card image cap
Orklidearen edizio berriko kartela.
2026/09/23

Ordizian kokatuta dagoen Orkli kooperatibak martxan jarri du dagoeneko Orklidea laguntza-programaren hirugarren edizioa. Ekimen honen bidez, finantziazioa behar duten Euskal Herriko elkarte ezberdinen proiektuei eskua luzatu eta ametsak egi bihurtzen lagundu nahi du kooperatibak, elkarlanean sortutako eta ilusioz ernaldutako ekinbideak babestuz.

Aurreko urteetan bezala, aurtengo edizioan ere 50.000 euroko poltsa banatuko da proiektuen tamainaren arabera bereizitako bi kategoriatan:

  1. Lehen kategoria: 35.000 euroko laguntza jasoko du proiektu irabazleak.

  2. Bigarren kategoria: 15.000 euroko laguntza bideratuko da irabazlearentzat.

Erreferentzia gisa, iazko edizioan Gautenaren Gure gunea eta Iñurri elkartearen Iñurrien hitzak iñurritegian proiektuak izan ziren sarituak.

Bidelagun izateko bokazioa

Laguntza ekonomikoaz harago, Orklidea ekimenak proiektuen parte izateko urratsa ematea bilatzen du. Orkliko kolektiboa bera arduratuko da proiektuak zuzenean ezagutu ondoren erabakia hartzeaz. Ekimenaren sustatzaileek adierazi dutenez, elkarteen bidean kide eta bidelagun izatea da azken helburua: "Bidea. Idea. Kidea. Orklidea".

Oinarriak eta epeak

Parte hartu nahi duten elkarteek urriaren 10era arte izango dute euren proiektuak aurkezteko aukera. Izena emateko prozedura, oinarriak eta informazio osagarri guztia Orkli kooperatibaren webgunean dago eskuragarri: www.orkli.com/eu/ekintza-soziala

Berogailu, osasun ur bero, ura berotzeko eta etxetresna elektrikoetarako osagaiak