Prentsa eta estanpazio sistemen diseinu eta ekoizpena, laminatzea, prozesatzea, metalen mozketa eta txapazko piezen soluzioak.
Irakurriena
- 1. Osasungintzaren sektoreko posizioa indartu du Fagor Taldeak, Fagor Healthcare kooperatibarekin
- 2. Orca, Orca Aero eta Lotto-Intermarché taldearen 2026ko bizikletak aurkeztu ditu Orbeak
- 3. Batzek, Velatiaren aeronautikako osagaien unitatea erosteko aurreakordioa itxi du
- 4. Fagor Ederbatt, Dakarreko historiako lehen kamioi hibridoaren bultzatzaile
- 5. Agur, Jose Antonio Ajuria
- 6. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioa, TU Lankideren zenbaki berriko gai nagusia
“Sormena kontzienteki landu beharreko zerbait da bizitzan”
2023an Loratzen EPa argitaratu zenuen. 2024an Nola aldatu gara? albuma. Zerbait adierazi nahi izan diezu zaleei?
Bakarkako ibilbide honetan izan dudan eboluzioa irudikatzen dute bi lanek. Loratzen argitaratu nuenean esperimentatu egin nahi nuen, ez nekien zein soinu estilo jorratu nahi nuen eta prozesu polita izan zen ordurarte nengoen burbuilatik atera eta nire burua bakarlari bezala deskubritzen joateko. Lehen esperientzia horren ondoren, askoz ere argiago nuen norekin lan egin nahi nuen, nola, eta zein emaitza lortu nahi nuen. Nola aldatu gara? diskoa hortik sortzen da, soinu helduagoa du, landuagoa, eta kontatzen duena transformazio pertsonal hori da: zure burua eta barne mundua deskubritzen zoazen heinean sortzen diren gatazkak, kezkak, ilunak eta argiak kontatzen ditu diskoak, beti ere kutsu itxaropentsu batetik.
Bakarlari gisa 2022an hasi zinen, Nogen taldea utzi ondoren. Nolakoak izan dira azken hiru urte horiek?
2022an argitaratu nuen bakarkako lehen abestia eta orduan ilusioa beldurrarekin nahasten zen: ezjakintasuna, zer esango ote duten taldea jarraitzen zutenek, industriako beste pertsona batzuk… Hiru urte beranduago, gaur egun beste leku guztiz desberdin batean nago: oso pozik nago hartutako erabakiarekin. Ibilbide benetan aberasgarria izaten ari da, bai pertsonalki zein profesionalki ere. Batzuetan gogorra eta erronka handiekin, baina orokorrean oso polita eta emankorra.
Pertsonalki zein profesionalki asko haztea eskatu dit ibilbide berri honek, nire beldurrekin parez pare topatzea eta hauek gainditzeko lanketa egitea, eta erronka handia izan da momentu batzuetan, baina nire buruarengan konfiantza sendotzeko ere balio izan dit.
Bide honek opari zoragarriak eman dizkit: musikari gisa jende berri pila bat ezagutu dut, lan egiteko modu desberdinak, eta nire musika zabaltzeko aukera oso politak izan ditut. Azken disko honekin, adibidez, Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera izan dugu eta urtea Ilunben abesten amaituko dut Ura Bere Bidean Kantuz kontzertuan. Nire izena karteletan ikustea sentsazio polita da.
Musika munduan txikitatik ari zara. Nondik datorkizu pasioa?
Nire aitak baxua jotzen zuen talde batean eta txikitan bere kontzertuak ikustera joaten ginen amarekin. Nire etxean beti egon da disko edo biniloren bat jarrita, eta bidaietan ere autoan musika entzuten joaten ginen. Musika eskolan apuntatu ninduten 6-7 urterekin eta ordutik beti egon naiz musikarekin erlazionatutako zerbait egiten.
Era berean marketin eta komunikazioaren arloan diharduzu profesional gisa, Fagor Arrasaten hain justu. Bi arloetan, musikan zein komunikazioan sormena faktore bereizgarria da.
Bai. Nire ustez sormena beharrezkoa da bizitzarako, orokorrean. Eta kontzienteki landu behar den zerbait da. Beste plano bat ematen dizu, arrazoimenetik harago, leku berriak topatu ditzakezu sormenaren bidez. Modu batera edo bestera, gure bizitzak aberasteko guztiok landu beharreko zerbait iruditzen zait.
Zure lanean eta musikan zerk erakartzen zaitu gehien?
Etengabe gauza berriak ikasteak. Lanean zorte handia daukat eta marketin ikuspegitik merkatu berrietara iristeko estrategia berriak probatzeko aukera daukagu askatasunez, beti ere itzulkin bat badute, noski. Gaur egun tresna oso interesgarriak daude: lehen urteak behar ziren gauzak egiteko, orain digitalki inpaktuak askoz ere epe laburragoan lortu daitezke eta horrek lehiakortasuna ematen dio enpresari.
Musikan ere etengabe ikasteak, gauza berriak entzuteak, ekoizle eta musikari berriak ezagutzeak eta nola lan egiten duten ikusteak, abesti bat bukatzeko behar duen denbora eta dedikazioa emateak… asko betetzen nau.
“Adimen artifizialarekin ohartuko gara sormen gizatiarrak duen balioaz. Izan ere, gure sormenetik abiatutako proiektuak, abestiak, lanak… izango dira bereziak eta nabarmenduko dira beste guztien artetik”
Lazkaotarra zara. Lazkaotik Arrasaterako bidean zer entzuten duzu?
Goizetan normalean ezer ere ez. Isiltasuna behar izaten dut burua ordenatzeko, eta goizeko lehen orduetan autoan bakarrik noanean horretarako denbora hartzen dut. Etxera bueltan jartzen dut musika gehienetan. Urtaro bakoitzeko playlist bat egiten dut normalean, hilabete horietan entzuten ditudan abestiekin edo deskubritzen noan musikarekin. Orain Rosaliaren LUX diskoa dabilkit bueltaka.
Kooperatibagintza ezagutzen zenuen?
Bai.
Zer da eredu kooperatibotik gehien seduzitzen zaituena?
Fagor Arrasaten sartu aurretik, banituen lagunak kooperatibetan lanean eta beti azpimarratzen zuten batez ere arlo sozialean egiten duten ekarpena, pertsonen eta kolektiboen alde. Niretzat hori da aipagarriena eta esanguratsuena, gaur egungo gizartean horrelako konpromisoa ez baita oso ohikoa.
Kooperatiba bat aukeratzekotan?
Fagor Arrasate esan behar dut, bertan nabil lanean eta proiektu polita dela iruditzen zait, erronka interesgarriekin.
Afizio bat.
Irakurtzea.
Liburu bat.
El ocho - Katherine Neville.
Pelikula bat.
Pulp Fiction.
Oroitzapen bat.
Lehen aldiz abestera oholtza batera igo nintzenekoa. Orduko Eiderrek gaur egun ikusiko banindu ziurrenik askoz lasaiago egongo litzateke, baina bueno, dena da prozesu bat, ezta?
Abeslari bat.
Julian Casablancas (The Strokes).
Azken galdera. Adimen Artifizialak sormen gaitasuna hautsiko ote du?
Nire iritziz, adimen artifizialarekin ohartuko gara sormen gizatiarrak duen balioaz. Izan ere, gure sormenetik abiatutako proiektuak, abestiak, lanak etab. izango dira bereziak eta nabarmenduko dira beste guztien artetik. Azken finean, tresna bat besterik ez da, gauzak errazago eta azkarrago egiten lagunduko diguna, baina ez dut uste gizaki baten sormen gaitasunak ordezkatuko dituenik, horrek izan behar baitu beti abiapuntua. Hala ere, arriskutsua iruditzen zait hau oso gaztetatik erabiltzea testuak sortzeko edo, adibidez, irakurtzea saihesteko. Pertsona bezala garatzeko, gaitasun kritikoak lantzea ezinbestekoa dela uste dut, eta oso garrantzitsua iruditzen zait geuk pentsatzen, irakurtzen eta sortzen jarraitzea.