“Kontxako bandera irabaztea Itzela izan da. Arraunean egin dudan hamar urteko ibilbideari amaiera emateko modurik onena”

Nerea Agirrezabal Urrutia, Ingeniaria Errekan.
Card image cap
Nerea Agirrezabal, irudiaren erdian, pozik, Donostiako portuko aldapan gora.
2026/09/15

Kontxako Bandera irabazi du Nerea Agirrezabal Urrutia bergararrak asteburuan. Arraun Lagunak talde donostiarrarekin ametsa egi bilakatzeko aukera izan du. Urte borobila, bikaina egin dute. Bandera guztiak eskuratu dituzte eta igandean, traineruen olinpiar jokoetan, maixutasunez irabazi zuten. Bergaran jaioa orain 31 urte, Nerea Agirrezabalek 10 urte egin ditu, aurtengoarekin, arraunean. Lea-Artibain, Ondarrun, Tolosan eta azkena Arraun Lagunak-en. Antzuolako Erreka kooperatiban dihardu lanean, ingeniaritza industrialean masterra egin ondoren, komertzial dihardu orain, General Electric-en kontua kudeatzen du Erreka Fastening Solutions-en, Bergaratik Bartzelonara eta Nantesera sarritan bidaiatzea tokatzen zaiolarik. 

Bergaran jaioa orain 31 urte, Nerea Agirrezabalek 10 urte egin ditu, aurtengoarekin, arraunean

Bixamonarik bai? Zer da Kontxan irabaztea?

Pozik, oso pozik. Egia da Kontxari sekulako garrantzia ematen zaiola. Oso mediatikoa da. Sare sozialetan, medio konbentzionaletan asko idazten da Kontxako estropadaren inguruan eta sekulako oihartzuna du. Oso polita da, dudarik gabe, eta gozatu dugu, ospatu dugu lagunekin, taldean, senideekin… merezi izan du, baina aurtengo ligan momentu politak asko izan dira. Bandera guztiak irabazi ditugu. Itzela izan da.

WhatsApp Image 2026-09-15 at 15.49.15.jpeg

General Electric-en kontua kudeatzen du Erreka Fastening Solutions-en, Bergaratik Bartzelonara eta Nantesera sarritan bidaiatzea tokatzen zaiolarik

Zenbat lan dago horren guztiaren atzetik?

Asko. Egunak, orduak itsasoan eta gimnasioan. Onenak izan gara denboraldi osoan baina sekulako lana egin dugu, oso metodiko aritu gara. Astean sei egunetan entrenatzen, Aste Santurik gabe, Gabonetan be soilik egun gorriak. Entrenamendu zehatzak izan dira, askotan astean lau-bost egunetan itsasoratu gara eta gimnasioan ia egunero. Ezin duzue imajinatu zenbat lan dagoen arrakasta honen atzetik. Sufrimendu asko. Gu ez gara profesionalak eta lanetik irten ondoren joan behar izaten dugu entrenatzera, nire kasuan Pasaiara. Bergaratik abiatu arratsalde luzeak igaro eta gaueko hamarretan etxera. 

Gu ez gara profesionalak eta lanetik irten ondoren joan behar izaten dugu entrenatzera, nire kasuan Pasaiara

Irabazteko gakoak?

Astero jarri izan dugu gorputza limitera denboraldi honetan. Lan izugarria egin dugu. Esango nuke ez dagoela gako berezirik. Lana, esfortzua, sakrifizioa, konstantzia… hori dena da garrantzitsua. Eta horri gaineratu behar diozu arraun klubean dugun giro bikaina. Oso ekipo ona dugu, jende jatorra, giro bikaina, elkar laguntzeko beti prest dauden pertsonak. Horrek guztiak izan du garrantzia.

WhatsApp Image 2026-09-15 at 15.49.16 (2).jpeg

Eta zuen kasuan banderak irabazita…

Bai, bai. Nik Arraun Lagunak-era iritsi arte ez dut ezer irabazi. Hamargarren denboraldia da hau eta orain arte Banderarik irabazi gabe nengoen. Pentsa, nire moduan zenbat neska dauden. Zenbatek ez duten inoiz irabazi. Eta haientzat ere oso gogorra da. Kirol txikia da eta askok ez dute baloratzen egiten dugun guztia. 

Hamargarren denboraldia da hau eta orain arte Banderarik irabazi gabe nengoen

Zuri, bergararra izanda, barnealdekoa, nondik datorkizu arraun zaletasuna?

Bai, oso bergararra gainera, baina ama ondarrutarra dut eta harreman berezia dut Ondarroarekin. Domeketan beti joaten naz Ondarroara eta han ere badut lagun koadrila. Udan, Gabonetan… Ondarroa be oso presente dago nire bizitzan. Kirola egiteko joera ere beti izan dut, eta futbolean egiten nuen Bergaran, min hartu nuen arte. Kirolez aldatzea erabaki nuenean arraunak erakarri ninduen eta ondarruko lagunek ere animatu ninduten. Halaxe hasi nintzen, lehenengo Lea-Artibai taldean, ondoren Ondarroako traineruan, gero Tolosan eta azken denboraldia Arraun Lagunak-en. 

Datorren urtera begira, zer?

Arrauna utziko dut. Hamar urteren ondoren agur esateko ordua iritsi zait. Kontxako bandera irabaztea Itzela izan da. Arraunean egin ditudan hamar urteko ibilbideari amaiera emateko modurik onena. 

WhatsApp Image 2026-09-15 at 15.49.17 (1).jpeg

Kontxakoaz gain, beste Bandera bereziren bat zuretzat aurten?

Hiru esango nituzke Kontxarekin batera. Madrilen eskuratutakoa, niretzat lehena izan zena. Ondarroako Bandera, niretzat oso berezia izan zena eta Santurtziko Bandera, ederto egin genuen arraunean, luze jota, sekulako lana egin genuen, oso korala.

Kirola praktikatzen jarraituko duzu baina…

Bai noski. Itsasokoa naiz mendikoa baino gehiago, baina etorkizunean mendira sarriago joango naizela uste dut. Kiroldegian aktibitate ugari egoten da eta han ere orain arte egin izan ez dudana egiteko aukera izango dut.

 

 

Fastening Solutions, Plastics eta Sarbide Automatikoak