Uxue Alberdi: “Literaturan libreago sentitzen naiz bertsotan baino”

Bertsolari eta idazle. Irakurle sutsu. Hitz jario aberats eta erakargarria du Uxue Alberdik. Badira hamabost urte Elgoibarretik Getariara iritsi zela eta bertan aurkitu du sormenerako tokia. Idazlearen atriletik aritu da gaurkoan, bertsolariaren ikuspegia guztiz alboratu gabe.
Card image cap
Uxue Alberdi, Getarian.
2021/11/11

Idazle, bertsolari, kazetaritzan lizentziatua. 2003an hasi zen bertso paper lehiaketak irabazten, ondoren ibilbide oparoa egin du bertsolaritzan. Literaturan ere asko dira Uxuek argitaratutako lanak, Jenisjoplin (2017) eta Kontrako eztarritik (2019) sarituak, Dendaostekoak (2019) kronika literarioa eta, aurten bertan, Hili liburu-ilustratua.

Literaturaren edo bertsoen bitartez, zer da Uxue Alberdiri gehien gustatzen zaiona?

Kontatzeak bizi nau. Hitzek mugitzen naute gehien. Momentu honetan literaturari lotuago nago bertsolaritzari baino, baina doinu baten gainean burua eta hitzak dantzan jartzean asko gozatzen dut.

Oso ezberdina da idazlearen eta bertsolariaren bizimodua?

Bertsolari bizimoduak gehiago nekatzen nau. Normalean ez dut lo ondo egiten eta bertsotan aritzeak kalte egiten dit, burua asko azeleratzen zait, eta askotan desorduetan. Literaturan libreago sentitzen naiz bertsotan baino, finkatuago dago bertsolari izateko modua, idazle izateko modua baino.

Hausnarketarako joera itzela duzu, edo?

Idaztea ariketa bakartia da eta hausnarketarako aukera gehiago eskaintzen du. Bertsolaritzan mugak estuagoak dira, mugei esker sortzen da. Literaturan zuk aukeratzen dituzu gaiak eta tenpoak eta hori ere oso gustuko dut. Bertsolaritza eta literatura nire izaeraren bi aldeak direla esango nuke. Batetik oso soziala naiz, baina badut beste izaera bat, bakartiagoa, problematikoagoa, hausnartzaileagoa, fantasia-errealitatearen mugekin jokatzen duena, idazketan gehiago garatzen dudana.

Bertsolaritza eta literatura nire izaeraren bi aldeak direla esango nuke. Batetik oso soziala naiz, baina badut beste izaera bat, bakartiagoa. 

Bi aurpegien kontuak badu inoiz aipatu duzun Harkaitz Canoren ‘Ispilu deformantea’-rekin zerikusia.

Bertsoak ere ispilu deformanteak dira. Bertsolariak biak da: pertsona eta pertsonaia. Literaturan ispilu deformanteak errealitatea eraldatzeko aukera ematen digu. Virginia Woolf-ek zioen literatura dela granitoa -gertakizunak- eta ortzadarra -idazlearen begirada- konbinatzea. Geruza deformanterik ez badago, ez dago literaturarik.

Hausnarketa gaitasun horrek txikitako beldurrei aurre egiten laguntzen dizu. Hala, Hili (Elkar), liburu-ilustratua aurkeztu berri duzu. Heriotza, haur baten ikuspegitik?

Hili ez da heriotzaren gainekoa, hiltzearen ideiaren inguruko liburu bat baino. Bizitzatik begiratzen dio heriotzari. Gizakiok gure buruarekin dugun elkarrizketa intimoena da hiltzearen ingurukoa. Ez pentsatzea ere oso presente edukitzea da, omisioz. Denon bizitzan bada momentu bat, 6-7 urterekin, ulertzen duguna hil egingo garela. Hiltzea errealitate harraoakaitza da, liburuak oin puntarekin ukitzen du putzu hori.

Hili ez da heriotzaren gainekoa, hiltzearen ideiaren inguruko liburu bat baino.

Terapia gisa erabili duzu?

Ez beste edozein liburu baino gehiago. Nire bizitzeko moduaren parte da idaztea. Gogoan dut, txikitan, hiltzeaz pentsatzen nuenean sekulako angustia eragiten zidala. Hiltzea ez egotea da. Ezin nuen pentsatu zer zen ez egotea. Larritzen ninduen. Seme-alabekin berriro bizi izan dut. Alabak hiltzeko beldurraz hitz egiten du. Semearentzat orain arte jolas bat zen. Hilin protagonistak neska bat eta bere panpina dira. Haien ahotan utzi ditut nire memoriatik datozen ideiak, oraingo pentsamenduak, seme-alabei entzundakoak, lagunei entzundakoak…, hiltzeari buruzko ikuspegi ezberdinak aurkituko ditu irakurleak.

Eta horri guztiari literatura erantssi diozu...

Begirada literarioa. Errealitatea deskodetzeko nire modua da. Hiltzen dira zuhaitzak, animaliak, hizkuntzak... Bizirik dago haizea? Lurraren kontra hiltzen da euria? Horrelako ariketek lasaitzen naute. Literatura hori ere bada: zuzenean harrapatu ezin dena zeharka inguratzea, imaginatuz gerturatzea.

Inozentzia, harridura, umorea, jakin-mina, irudimena... hori guztia aurkitu dezake irakurleak? Nori dago zuzenduta?

Asko pentsatu genuen pertsonaiaren inguruan. Nork esaten ditu liburuko esaldiak? Norbait ari da irakurleari galdezka? Zein adin dauka? Eredutzat printze txikia hartzen genuen, aldi berean interpelatzen dituelako haurrak eta helduak. Araiz Mesanzak (ilustratzaileak) sortu duen pertsonaia haurra da, haur inteligentea, ernea, sentibera… Badu helduaren sosegua ere. Panpina bat sortzea otu zitzaidan gero, aldi berean izango zena pertsonaiaren alter ego, ordezko, lagun eta ispilu. Panpinak ez dio haurrari zalantzarik argitzen, baina alboan du beti.  Batzuetan biziago dirudi panpinak neskak baino... Panpinaren eta neskaren artean dagoen harremana oso interesgarria da eta kontzientzia multipleak batzen dira.

Zeintzuk dira Uxue Alberdiren etorkizuneko proiektuak?

Hili aurkezten ari naiz, gidoi bat idazten komiki batentzat, bestelako enkarguekin, letrak lantzen Eñautentzat (Eñaut Elorrieta, abeslaria), ipuin bat idazten aritu naiz udan… hainbat karpeta ditut ‘eskritorioan’. Idazlearen lana da burua martxan izatea etengabe: irakurtzea, oharrak hartzea, istorioei hazten uztea. Askotan ez idaztea da zailena. Sistema kapitalistak etengabe produzitzera behartzen gaitu, eta sormen lanerako ezinbestekoa da isiltasuna ere, idatzi gabe igarotzen den denbora. Konfiantza izan behar da norbere buruan, irakurlearengan, eta istorioengan. Lanean ari bazara, etorriko da kontakizunari lepotik heltzeko unea.