Jean Philippe Aguerre: “Asmakizunik onena arazoak konpontzen dituena da”

Albiste da Jean Philippe Aguerre lapurtarra Galbahe saria jaso duelako. Patenteen kudeaketa bikaina aitortu dio Galbaianek. Abagune hori baliatu du TU Lankide aldizkariak Aguerreri elkarrizketa egiteko.
Card image cap
2025/06/26

Astegunetan Aretxabaletan bizi bada ere, ez du Itsasu (Lapurdi) saltzeko. Bere bazterrak, etxe aurreko lurzoru ederrak, baratzea, ingurune paregabea bizitza lasaia egiteko. Kostaldetik gertu, baita menditik bertatik bertara ere. Albiste da Jean Philippe Aguerre lapurtarra Galbahe saria jaso duelako. Patenteen kudeaketa bikaina aitortu dio Galbaianek. Harro dago, baina arduratik beti.

Galbahe sariaren harira. Aitortza polita da zuretzat, ezta?
Bai. Oso polita da. Egia esan ez nuen espero. Harro nago aitortzen duelako gure etxean egiten dugun lana. Hau da, Mondragon Assemblyn patenteen kudeaketan egiten dugun ahalegina.

Patenteen arloa konplexua da, ezta?
Oso arlo zaila da. Ingeniari batentzat ez da erosoa, administrazio kontuak egitea baita. Eta noski, ez da hain sortzailea. Erregistratu, dokumentatu, babestu nahi den guztia jaso. Gauza asko dira. Aurreko urtetik estrategia definitzen ari gara Mondragon Assemblyn, eguzki negozioan, non oso aktibo gauden patenteen arloan. Abantaila konpetitiboa denean, patentatu egiten dugu, bestela ez.

Patente sortzaile lez, nola baloratzen duzu gure kooperatibetan arlo horretan egiten den lana?
Galbaian kooperatibaren bitartez asko aurreratu dugula esango nuke.

Asmakizunekin lotura badute patenteek, zein da zuretzat historiako asmakizunik onena?
Orokorrean, asmakizun on batek arazoa konpondu behar du, era dotorean. Asmakizun onena da erabiltzaileak samur erabil dezakeena.

Kooperatibismoa be asmakizun bikaina dela esan genezake?
Bai, bada. Gero eta gehiago gainera. Bizi dugun egoera honetan, kapitala jabe den ereduan, kooperatibak sendotasuna ematen dio gizarteari. Lanaren balioa gehiago eta hobeto zaintzen du kooperatibak.

Kooperatiba bat?
30 urte daramatzat Mondragon Assembly-n, bere gauza on eta txarrekin. Ez da beti erraza izan, baina hemen, gurean, Euskal Herrian lan egitearen aldeko apustua nabarmenduko nuke.

Afizio bat?
Etxean, lasai, baserri lanetan aritzen naiz. Hori da gehien gustatzen zaidana.

Liburu bat?
Filosofía de la disputa Maxime Rovére pentsalari eta idazle frantziarrarena. Kooperatibetan ere aplikatu daitekeen liburua da. Harremanak eta hartu-emanak lantzen ditu.

Pelikula bat?
Ikusi dudan azkena aipatuko dizut, gustuko izan baitut. L’historie de souleymane. Drama. Parisera iristen den atzerritar baten historia. Oso gaizki tratatua izanen den etorkinaren historia gordina.

Oroitzapen bat?
Ingeniaritza bukatu nueneko eta lanean hasi nintzenekoak. Frantziako iparraldeko SUP MICRO TECH École Nationale Supérferieure de mecanique et des microtechniqes eskolan. Titulua atera ondoren beka batekin Donostian hamar hilabete egin nituen. Aprobetxatu nuen gaztelaniaz ikasteko eta Ikerlanera etortzeko aukera izan nuen, Robotika departamentura. Gero Fagor Sistemasen hasi nintzen, eta gaur egunera arte. Diseinatzaile mekaniko gisa, robotikako proiektuekin, Frantziako filialekoekin proiektu dezente sortzen aritu naiz, 2008tik berrikuntzan. Oroitzapen horiek ditut oso gustuko.

Lanerako gailu bat?
Ordenagailua, dudarik gabe.

Adimen Artifiziala. Aukera ala mehatxu?
Aukera. Azkarrago joateko.

Erronka pertsonal bat?
Ezer berezirik ez. Gauzak ondo egitea. Gauzak hobetzea. Fruitu arbolak landatzea. Haritzak baditut eta badoaz aurrera.

Eta profesionala?
Beti hobetzen jarraitzea.

Ziurtasun bat?
Bi ziurtasun aipatuko dizkizut. Ezer ez da betirako eta bestea gertukoagoa: kooperatibek etorkizuna dute.

Muntaketa automatikoaren sistemak