Irakurriena
- 1. LANA eta ETORKI kooperatibek bat egin dute
- 2. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
- 3. Jesús Latak jaso du 2026ko asmatzaile onenaren Galbahe Saria
- 4. Laboral Kutxa, Estatuko bost banku onenen artean
- 5. MONDRAGONek Remolonasen inbertitu du
- 6. Maria Jose Rodriguezek Lagun Aro Aseguruen zuzendaritza nagusiaren ardura hartu du
Etorki eta Lana kooperatibek Europa hegoaldeko zerrategirik eraginkorrena inauguratu dute
Bi kooperatibek itxaropen handia dute etorkizunean; izan ere, ziur daude bat-egiteak enpresa-proiektu berriaren lehiakortasuna eta ekoizpen-ahalmena nabarmen handituko dituela. Horren erakusgarri da Murgan (Aiaraldea, Araba) aurkeztu berri duten ekoizpen-zentroa. Instalazio erraldoi honek urtean 300.000 m³ egur zerratzeko eta beste 60.000 m³ lehortzeko ahalmena du, eta Europan erreferente izateko helburuarekin jaio da.

“Europako hegoaldeko zerrategirik handiena eta eraginkorrena izan nahi dugu”, adierazi du Kepa Bastidak, kooperatiba berriko zuzendari nagusiak. Horrekin batera, bat-egiteak negozioari emango dion bultzada ere azpimarratu nahi izan du: “Kooperatiba indartsuagoa izango gara orain, eta horrek orain arte eskura ez genituen bezero eta merkatu askotara iristeko aukera emango digu”.
Zentro berriak 95.000 m² ditu, eta 67 milioi euroko inbertsioa eskatu du. Punta-puntako teknologiaz hornituta dago, 4,5 metroko luzera eta 60 zentimetroko diametroa duten enborrak azkar eta garbi prozesatzeko
Zentro berriak 95.000 m² ditu, eta 67 milioi euroko inbertsioa eskatu du. Punta-puntako teknologiaz hornituta dago, 4,5 metroko luzera eta 60 zentimetroko diametroa duten enborrak azkar eta garbi prozesatzeko. Aurreikuspenen arabera, lantegiak datorren ekainean lortuko du bere ahalmen operatibo handiena.
Erakundeen ordezkaritza zabala
Inaugurazio-ekitaldia gaur eguerdiko 12:00etatik aurrera egin da, eta erakundeetako ordezkari ugari elkartu dira. Bertan izan dira, besteak beste:
- Imanol Pradales, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.
- Ramiro González, Arabako diputatu nagusia.
- Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua.
- Noemí Aguirre, Arabako Nekazaritzako foru diputatua.
- Xabier Arruti, Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko diputatua.
- Prudencio Otegi eta Izaro Elorza, Aiara eta Oñatiko alkateak, hurrenez hurren.

MONDRAGON korporazioaren izenean, berriz, Pello Rodriguez lehendakaria, Leire Mugerza Batzorde Iraunkorreko eta Kongresuko lehendakaria, eta Iker Alberdi Eraikuntza Dibisioko lehendakariordea bertaratu dira. Horiez gain, eraikuntza eta egur sektoreetako eragile nagusi askok ere ez dute hutsik egin nahi izan.
Hornidura eta kalitatea bermatuta
Lehengaien hornidura ziurtatze aldera, kooperatibak berak kudeatzen du egurraren jatorria, basoak erosiz eta bere ustiapen-ekipamendu propioak erabiliz. Integrazio bertikal horri esker, egurra etengabe eskuragarri izatea bermatzeaz gain, materialen hautaketa zorrotza egin dezakete, eskatutako kalitate-estandarrei eutsiz.
Jasangarritasuna eta bertako egurraren aldeko apustua
Egurrak baliabide jasangarri gisa duen garrantzia gero eta handiagoa dela gogorarazi du Bastidak, eta bertako basoen aldeko apustu irmoa egin du: “Guztiok dugu etxean egurrezko produkturen bat. Zentzurik badu produktu horiek milaka kilometrotara dauden basoetako egurrarekin egiteak?”. Haren hitzetan, ezinbestekoa da bertako lehengaien alde egitea, beste hainbat sektoretan gertatzen den moduan.
Interkooperazioa, arrakastaren giltza
Proiektuaren sorkuntzaz aritzean, kooperatiben arteko “MONDRAGON estiloko” interkooperazioa eta lankidetza publiko-pribatua goraipatu ditu zuzendariak. Biek ala biek helburu bera dute: gure lurraldean errotuko den etorkizuneko sektore bat finkatzea. “2020ko amaieran egin genituen lehen bilerak, eta elkarlan horri esker, asmo handiko proiektu ilusionagarri bat eraikitzea lortu dugu”. Bat-egite honek bi negozioak indartzen eta etorkizunari aurre egiteko prestatzen dituela gaineratu du. Era berean, iragarri du dagoeneko «300 langile baino gehiago eta 150 milioi euroko fakturazioa izango dituen kooperatiba baten oinarriak» ezartzen ari direla. “Eta hau hasiera besterik ez da”, ondorioztatu du.
Etorkizun kooperatiboa Aiaraldearentzat
Azpiegitura berriak erabat bultzatuko du Lana eta Etorkiren hazkundea, berrikuntzan eta eraginkortasunean egingo diren aurrerapauso nagusiei esker. Horrekin batera, Aiaraldeko eredu kooperatiboa indartuko da, eskualdeko ekonomia suspertzen lagunduko baitu enpresa-proiektu lehiakor eta jasangarri baten bitartez.