Talentua euskaratik enpresaratzeko markoa aurkeztu zen MONDRAGONeko Euskararen Foroan

Kooperatibetako 50en bat ordezkari bildu ziren ostegunean Otaloran. Soziolinguistika Klusterretik zein Mondragon Unibertsitatean egindako ikerketen lerroburuak plazaratu ziren bertan eta laneratze prozesuan kooperatibek euskararekiko duten begirada aztertu zuten, gure hizkuntzaren balio erantsia azpimarratuz.
Card image cap
2025/11/25

Gela beteta eta entzuleak adi zituela hasi zuen Ander Etxeberria MONDRAGONeko euskara koordinatzaileak Euskara Foroa. Hizlariei hitza eman aurretik, azken urteetan Euskararen Foroan egindako ibilbidea laburtu zuen. Ander Etxeberriak gogoratu zuenez, euskararen ulermena eta erabilera lantzeko metodologien zabalkundea, hizkuntza teknologiek eskaintzen dituzten aukeren lanketa eta demografia alorreko aldaketen eta euskaratik landu beharreko gakoen identifikazioa egin izan dira, besteak beste, aurreko edizioetan. Aurtengoarekin pauso berri bat emango dela aurreratu zuen.

Arratibel & Uranga .jpg

Jarraian, Soziolinguistika Klusterreko ikerlari Belen Uranga eta HUHEZIKO irakasle-ikertzaile Nekane Arratibel elkarrizketatu zituen Emun kooperatibako koordinatzaile nagusi Amaia Baldak. Hurrenez hurren, Soziolinguistika Klusterrak egindako “Jatorrian gaztelania hizkuntza ofiziala duten etorkinen integrazio soziolinguistikoa Gipuzkoan” ikerketako gako nagusiak batetik eta egungo ikasleen aniztasuna, euskara gaitasuna, jarrerak eta portaerak bestetik, izan zituzten mintzagai.

Belen Urangaren esanetan, integrazio soziolinguistikoa hizkuntzen bizipenei guztiz lotuta dago. Hala esan zuen: “zenbat eta hobeto egin integrazio soziala, hobea izango da integrazio linguistikoa”. Zentzu horretan, euskarak dituen onurak erakusteko gonbita egin du. Laneratzeak eskaintzen duen integrazio soziolinguistikorako aukerari buruz, enpresen erantzukizun sozialari egin dio deia, “ez baita etorkinen ardura bakarrik”.

Urangaren ustez, “hizkuntza aniztasunaren kudeaketa aurreratua behar da, eta kudeaketa kulturala ere bai, euskara biziberritzeko zeregina enpresena ere badenez”.

Nekane Arratibelek nabarmendu duenez, berriz, egungo ikasleek profil ezberdinak dituzte eta “ezin zaie gauza bera eskaini guztiei”. Bide horretatik “pertsonalizazioa” eskatu zuen; “hiztun profil desberdinak ezartzeko azterketa” bat eginda. “Profil homogeneoagoak sortzeak babesa ematen du, kezka beretsuak partekatzeko eremuak sortzen baitira, eta ondorioz, konplizitateak”. Ildo horretan, euskaran ardaztutako kulturartekotasunaren begirada lantzeko eta komunitateak saretzeko beharra mahai-gaineratu zuen. 

Arratibelen ustez, “Profil homogeneoagoak sortzeak babesa ematen du, kezka beretsuak partekatzeko eremuak sortzen baitira, eta ondorioz, konplizitateak”.

Abel Irizar MONDRAGONeko euskara aholkulariak hartu zuen jarrian hitza eta begirada soluzioan jartzeko gonbita egin. Talentua euskaratik enpresaratzeko markoa aurkeztu zuen bertaratutakoen aurrean eta marko horrek lagunduta talentu arduradunek eta euskara arduradunek urteetan pilatutako ezagutza elkarlanean jarri eta kooperatibaz kooperatiba talentua euskaratik enpresaratzeko prozesuak abiatzeko deia luzatu zuen. Gaineratu zuenez, prozesu hori kooperatiba bakoitzaren kultura eta ezaugarrietan oinarrituta egin beharko da.

Hain justu ere, Danobatgroup-eko eta Soraluceko gestio sozialeko zuzendari Iker Usabiagak Soralucen lantzen ari diren prozesua ekarri zuen. Bere esanetan, “hiztun profil ezberdinentzako euskara eta euskara plana elementu erakargarri, kohesionatzaile eta integratzailea izatea” da Soraluceren erronka nagusia. Horretarako, besteak beste, etorri berriaren profil linguistikoaren araberako ibilbideak diseinatu dituzte. Halaber, euskarak duen balio erantsia bistaratzeak eta ekipoen inplikazioa lantzeak duen garrantzia nabarmendu zuen.

“Hiztun profil ezberdinentzako euskara eta euskara plana elementu erakargarri, kohesionatzaile eta integratzailea izatea” da Soraluceren erronka nagusia.

Eus Foroa.jpg

Fagor Taldeko gestio sozialeko arduradun Leire Okarantzak, berriz, Fagor Taldean egiten ari diren prozesuko gako nagusiak azaldu zituen. Horien artean, euskararen erabilera altuagatik arnasgune gisara izendatutako guneei eta eragin handiko lanpostuei begira egingo diren lanketak nabarmendu zituen. Leire Okarantzak gaineratu zuenez, “euskara nortasun kolektiboaren ezaugarria da eta, beraz, kolektibo osoarena da gai horrekiko ardura”. Erabilerari begira, ulermena bermatzeko eta elkarrizketa elebidunetan trebatzeko erronkak ere aipatu zituen.

Leire Okarantzak gaineratu zuenez, “euskara nortasun kolektiboaren ezaugarria da eta, beraz, kolektibo osoarena da gai horrekiko ardura”.

Amaitzeko, Ander Etxeberriak hartu zuen hitza. MONDRAGON lan munduan euskara normalizatzen erreferente dela gogorarazi zuen, eta gaineratu: “Gu gara lanketa hau egiteko beharra dugunak eta horretarako gaitasuna dugunak”. Ildo horretan, bitartekoak badaudelako eta talentua euskaratik enpresaratzeko lanketarekin “hasita gaudelako” pozik agertu zen.

Makina erreminta

Zortzi kooperatibek osatzen dugu Fagor Taldea

MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa