“Nire lana ez da gauza politak egitea bakarrik, hizkuntza bat sortzea baizik”

Iratxe Reparaz, sortzailea eta arte zuzendaria.
Card image cap
2026/01/05

Iratxe Reparaz arte zuzendaria Durangoko Azokako 60. edizioko irudi eta spot-aren sortzailea da. Agentzia batean lanean hasi eta zinema zein musika arloetan ibili ondoren, Madrilera joan zen; bertan finkatu zuen bere ibilbidea publizitatearen esparruan. Bere esperientziaren artean, nabarmentzekoak dira Zetak taldearekin egindako proiektuak, bere ibilbideko mugarritzat hartzen dituenak.

Aurten euskal kulturaren ekitaldi garrantzitsuenetako baten irudia eta spota sortu dituzu, Durangoko Azokarena, hain zuzen. Zer esan nahi du zuretzat edizio honetako irudia diseinatzeak?

Amets bat. Niretzat betidanik izan da amets bat: betidanik eduki izan dut buruan Durangoko Azokarako iruditeria egitea. Baina ez nekien aukera hori noizbat iritsiko ote zitzaidan.

Arte zuzendari naizen heinean, Euskal Herrian dagoen kultura topagune handienarentzat diseinua egitea, mendi baten gailurrera iristea bezala zen. Proposamena jasotzea sopresa izan zen niretzat, sorpresa oso ona eta polita, baina, aldi berean, ardura handia sentitu nuen.

Orain, lan eta esfortzu asko eskatzen duen publizitate agentzia batean nabil lanean, eta egun batzuk behar izan nituen nire eguneroko lana beste lan honekin uztartzeko gai izango nintzen hausnartzeko. Durangoko Azokako proiektuari nire esfortzu eta ilusio handiena eskaini nahi nizkion, eta horrek lan askoko hilabeteak zetozela esan nahi zuen. Hala ere, bai edo bai egin nahi nuen zerbait zen.

Zer ideia edo emozio transmititu nahi izan dituzu?

Emozioak transmititu nahi izan ditut. Jendeak iruditeria ikustean, Durangoko Azoka kultura guztia mugitzen den lekua dela sentitu dezala; tendentziak galdu nahi ez baldin baditu egon behar den leku bat.

Kuriositatea sortzea ere nire helburuetako bat izan da, eta horregatik erabili nituen kolore biziak eta forma desberdinak. Gainera, eztabaida eta elkarrizketa sortzea ere nahi izan dut, iruditeria Durangoko Azokaren inguruan hitz egiteko aitzakia izan zedin.

Oroigarria izatea ere beste helburuetako bat zen, eta jaso ditudan feedback en arabera, horrela izan dela esango nuke.

Zer dago proiektu berdinerako diseinu ezberdinak sortzearen atzean?

Zerbait ezberdina egitea nahi genuen. Ez genekien zehazki zer edo nola, baina ez genuen nahi kartel bat egitea, besterik gabe. Unibertso bat sortu nahi izan dugu, eta formatua bera ere apurtzailea izatea. Durangoko Azokak disziplina guztiak hartzen ditu; literatura, musika, antzerkia, ilustrazioa… forma eta kolore guztietakoak. Azokak diziplina infinituak dituen bezala, kartelak ere infinituak izateko ideia bururatu zitzaigun.

Nik askotan esaten dut nire lana ez dela bakarrik gauza politak egitea, baizik eta hizkuntza bat sortzea. Hizkuntza batean, aditz eta hitz desberdinekin esaldi bat sortzen den bezala, diseinuan, formatu desberdinetako diseinuek kontzeptu bat sortzen dute.

Proiektu bat zerotik hasten zarenean, nolakoak izaten dira ematen dituzun lehen urratsak? Zerk laguntzen dizu sormena pizten?

Estilo ezberdinak daude, baina, nire kasuan, lehenik eta behin bezeroarekin elkarrizketa sakon bat edukitzearen aldekoa naiz. Oso garrantzitsua iruditzen zait bezeroak zer eta zergatik egin nahi duen jakitea, izan ere, proiektuaren esentziara iritsi arte ez naiz lanean hasten.

Betidanik gauzak ulertu nahi izatekoa izan naiz, eta txikitatik galdera pila bat egin izan ditut. Askotan esaten zidaten “baina zergatik galdetzen duzu hori? Gaur egun kuriositate hori bezeroetara eramaten dut. Proiektuak guztiz ulertzen saiatzen naiz, eta behin ulertzen ditudala, errazagoa da lan egitea. Hortik aurrera, nire burua konexio ezberdinak egiten hasten da. Gero, bukaera bukaeran, ideiak politak izaten saiatzen naiz. Baina hori beti bukaeran.

Sortzaile eta arte-zuzendari gisa egin duzun ibilbidea hainbat leku eta testuingurutatik igaro da, Euskal Herrian dituzun sustraietatik hasi eta Madrilen izan duzun garapen profesionalera arte. Sektorean, ezberdintasun asko aurkitu dituzu Madril eta Euskal Herriaren artean?

Sormen aldetik ez dago desberdintasunik; talentua leku guztietan dago. Hori bai, Madrilen, baliabide asko daude.

Bezeroak handiagoak dira, eta horrekin batera, proiektu handiak nola kudeatu ikasten ari naiz. Hemen dena dago zehaztuago, sektoreko lan-postuak definituago daude, ezin zara beste batzuen lanean sartu… Baina desberdintasun handiena errekurtsoetan dagoela uste dut. Hala ere, sorkuntzarekiko anbizioa Euskal Herrian handiagoa dela esatera ausartuko nintzateke. Agian txikiagoak garen sentsazio horrek indarra ematen digu proiektuak aurrera eramateko.

Nola deskribatuko zenuke zure ibilbide profesionala sortzaile eta arte zuzendari gisa? Nola deskribatuko zenuke arte zuzendari gisa definitzen joateko egin duzun ibilbidea?

Egia esan, unibertsitatetik atera nintzenean ez nekien zer zen arte zuzendari bat. Hasieran publizitate agentzia batean egon nintzen lanean, baina gauza gehiago egin nahi nituela sentitzen nuen. Orduan, beste proiektu batzuetan lanean hasi nintzen, zineman eta musikan esaterako.

Zinema munduan, laburmetrairen batean arte zuzendari gisa lan egiteko kontaktatzen ninduten. Mundu horretan sartu nintzenean konturatu nintzen ez dela berdina arte zuzendaria izatea zineman edo publizitatean. Interesgarria iruditu zitzaidan arren, ni ez ninduen betetzen. Une hartan nire profila ez zen batere arrunta musika taldeetan: arte zuzendari bat ez zen ohikoa. Eta horrek ekonomikoki eustea zailtzen zuen, kontuan izanik askotan musikariak berak ere soldata eskasekin bizi zirela. Eta bat-batean Ogilvyn lanean hasteko aukera sortu zen, beti mirestu ditudan Berdintasun Ministerioa edo Cruzcampo bezalako markentzat. Ez nuen zalantzarik izan: jauzi egiteko unea zen..

Etorkizunean ez dakit non egongo naizen. baina orain momentuz publizitate agentzian nabil.

Zein esango zenuke dela zure ibilbidea gehien markatu duen proiektua?

Niretzat, emozionalki zein pertsonalki, oso garrantzitsuak izan dira Zetak taldearekin egin ditudan proiektu guztiak. Unibertsitatea bukatu eta berehala hasi nintzen proiektu honetan lanean, Zetak sortu zenean. Gauza politak egiteaz gain, gauza berri asko deskubritu ditugula uste dut. Pello Reparaz musikaria izateaz gain, oso sortzailea da, eta gure helburua beti izan da gauza desberdinak egitea. Oso harro nago egin dugun guztiaz. Adibidez, Aaztiyen diskoarekin lotuta egin dituen eta egingo dituen kontzertuetan unibertso bat sortu dugula uste dut.

Izan duzu zure ibilbidean mugarri edo une erabakigarriren bat, sormena ulertzeko eran?

Konfinamendu garaiko proiektu bat aipatuko nuke: Zetaken Zeinen ederra izango den abestia. Momentu horretan jende guztia oso ezkor zegoen, eta Pellori guztiz kontrakoa egitea proposatu nion: zerbait positiboa egitea.

Abestia idatzi zuen eta bideoklipa jendeak bidalitako bideo desberdinekin sortu genuen. Hau ere oso apurtzailea izan zen, momentu horretan Euskal Herrian inork egin ez zuen zerbait baitzen. Tekla jo genuela uste dut. Eta nire lana ere hori da, gizarteak momentu bakoitzean zer nahi edo behar duen aztertzea.

Une honetan, ba al duzu proiektu berririk esku artean?

Oraindik Durangoko Azoka daukat buruan, eta gero atseden txiki bat hartuko dut. Egia da hainbat proiektu ditudala zabalik, baina oraindik ez daukat ezer zehatzik lotuta. Dena dela, beti ateratzen dira lanak, eta ni proiektu berrietara irekita nago.

Hori bai, agentziako lanez gain hasten ditudan proiektuak ondo aukeratzen saiatzen naiz. Gaur egun nahiago dut proiektu gutxi eta kalitatezkoak eduki, asko izan eta guztietara erdipurdi iristea baino.