Irakurriena
- 1. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
- 2. Etorki eta Lana kooperatibek Europa hegoaldeko zerrategirik eraginkorrena inauguratu dute
- 3. Abian da Harrobia: Mondragon Unibertsitateko ikasleek dagoeneko izena eman dezakete proiektuetan
- 4. MONDRAGONeko Lanbide Heziketa: talentua barneko kooperatibetan geratzen da
- 5. “Kooperatibara HURBILTZEN” formazioa eskainiko du estreinakoz LANKI Ikertegiak
- 6. Ategiren I. Energia Foroa: Trantsizio energetikoa, lehiakortasun industrialaren erdigunean
“Kide familia bat izan da guretzat”
Masterclass interesgarri baten parte hartu izanaren sentsazioaz amaitu du konbertsazioa elkarrizketatzaileak. Gustura. Asko ikasita. Bi protagonistek 30 urtetik gora egin dituzte Kiden, biak ala biak ibilbide oparoak, eta amaiera ere dotorea izan dute, kooperatibaren 50. urteurrenarekin bat.

Zorione eta Jesus Mari, Lekeitioko trinketean.
Kiden zuetariko bakoitzak egindako ibilbidearen azalpen laburra egiterik?
Jesus Mari Laka Okamika (JMLO): 1993an iritsi nintzen eta 1997an egin ninduten lan-bazkide. 32 urtez aritu naz hemen, muntatzaile moduen hasieran; Espainian, Frantzian, Portugalen eta Andorran abian jartzen genituen instalazioetan. Koordinatzaile ondoren, Iparralden eta Portugalen, eta azken etapan komertzial gisa, 15 urtez. Sekulako esperientzia eta ibilbidea izan da; muntatzaile, gestore-koordinatzaile eta komertzial izateak ikuspegi orokorra ematen du eta enpresaren produktuaren sekulako ezagutza.
“1992ko Sevillako Erakusketa Unibertsalak sekulako zuloa utzi zuen Kiden, lana eta bezero poltsa bageneukan, baina finantzazio arazo larriak bizi izan genituen. Dibisioak sekulako laguntza eskaini zigun eta aurrera atera ginen. Beste enpresa mota bat izan bagina, gaur Kide ez zen existituko”
Zorione Beristain Urresti (ZBU): 1994an hasi nintzen Kiden, eskola laboralean nengoen orduan, Markinan. Josu Aldamiz zen zuzendari komertziala eta departamentua sendotu gura zuen. Nik esperientzia baneukan, ez nintzen hasiberria eta horren bila ari ziren. Hala hasi nintzen, eta beti aritu naiz departamentu komertzialean. Gogoan dut nola egiten genuen lan, ordenagailurik gabe, dena eskuz, bulego teknikora eskaerak bideratzen genituen. Urte gutxira, konfiguratzaile berria etorri zen eta horren ondorioz, bulego teknikoak eta komertzialak bat egin zuten. Egoera berrira egokitu behar izan genuen eta marrazketa ezagutzetan sakondu. 2014an egoerak behartuta, departamentuko arduradun kargua hartu nuen, eta harrezkero, taldea kudeatzea tokatu zait. Lider izateko ez nuen nire burua ikusten, baina tira, formazioa jaso nuen eta egokitu nintzen rol berrira.

50. urteurreneko ekitaldi instituzionalean eginiko argazkia.
Askotariko momentuak bizi izan dituzue, ezta?
ZBU: 1992ko Sevillako Erakusketa Unibertsalak sekulako zuloa hutsi zuen Kiden, lana eta bezero poltsa bagenituen, baina finantzazio arazo larriak bizi izan ziren. Dibisioak sekulako laguntza eskaini zion Kideri eta aurrera atera zen. Beste mota bateko elkarte anonimoa izan bagina, gaur Kide ez zen existituko. Kooperatiba izateak eta talde baten parte izateak hauspoa eman zigun. Ordutik nahiko ondo aritu gara. Osasuntsu. 5 milioi pezeta saltzea sekulakoa zen, gaur 40 milioi euroren bueltan gabiltza. Lanaren ezaugarriei erreparatuz gero, aldaketa asko bizi izan ditugu. Departamentua handitzen joan zen eta ni beti egon izan naiz aurrekontuak eta eskaerak egiten, fitxa teknikoak bideratuz. Hasieran dena eskuz eta bulego teknikoan Autocad-arekin. 1994tik 2008ra sekulako hazkundea izan genuen, ondoren krisia, jende asko kaleratu behar izan zuen kooperatibak eta haren ondotik berriro hazkundea.
“Lan-mundua asko aldatu da. Pertsonen beharrak, eskubideak, interesak gailendu dira. Edozelan be, kontziliazioa beti existitu izan da. Gure departamentuan denok genituen seme-alaba gazteak, txikiak… eta malgutasuna beti eduki dugu”
JMLO: Komertziala formatzea ez da samurra. Formakuntza eman zidaten, baina uste dut berezkoa ere badela. Askotan komertzialak bezeroaren kolpea jasotzen du; negoziazio gogorrak, gazi-gozo ugari, eta aldi berean, etxean eztabaida asko izaten ditugu, liskarrak nahi baino gehiago. Prezioan, errentagarritasunean, kontzezio gehiegi egin omen dugula… finean, askotariko momentuak eta proiektuak kudeatu behar izaten dira.
Erretiroa hartzeko sasoia iritsi zaizue.
ZBU: Abenduaren 31an erretiratu gara, Kidek 50 urte bete dituen urte berean. 31 urte daramatzat erabakiak hartzen eta beti Kide jarri dut aurretik. Oraingoan ez. Erretiroa erabaki irmoa izan da. Nire ikuspegitik, nire buruari begira eta nire beste familiari begira, hartu dut erabakia.
"Bost milioi pezeta saltzea sekulakoa zen, gaur 40 milioi euroren bueltan gabiltza"
Eta ordezkapena? Belaunaldien arteko ordezkapena ondo egin duzue zuenean?
JMLO: Iñakik ordezkatu nau, tailerretik dator, koordinatzailea izan da eta ezagutzen du ofizioa. Eta garrantzitsuena, ezagutzen du Kide. Lanean ondo aritzen da, proiektu handiak kudeatu ditu eta lan ona egingo du. Nire kasuan ordezkapen logikoa da. Antzeko profilekoa gainera. Hiru urte egin ditugu elkarrekin, lan-talde ona osatu dugu eta oraindik orain, noizbehinka deitzen dit proiektu konkretu batzuen inguruan galdezka. Mutil jatorra, argia, langilea. Belaunaldien arteko aldaketa bikain egin dugula uste dut. Ondo atera zaigu.
ZBU: Nire kasuan be ordezkapena egoki kudeatu dela esango nuke. Nik eszedentzia hartu nuenean be, hark ordezkatu ninduen. Modu naturalean eman da. Uzuri Lersundi arituko da, nirekin aritu da, parez pare eta oso ondo ezagutzen du proiektu sozio-enpresariala. Uste dut ezin zirela izan etorri berriak, edo gazteegiak. Esperientzia behar da. Ikuspegia behar da, Kideren idiosinkrasia ezagutzea ezinbestekoa dela diot.
Belaunaldien arteko ordezkapena gai arantzatsua da, ezta?
ZBU: Lan-mundua asko aldatu da. Pertsonen beharrak, eskubideak, interesak gailendu dira. Edozelan be, kontziliazioa beti existitu izan da. Gure departamentuan denok genituen seme-alaba gazteak, txikiak… eta malgutasuna beti eduki dugu. Sentsazioa dut gu hasi ginenean inplikazioa askoz handiagoa zela. Gu hasi ginenean inplikazioari, konpromisoari, dena emateari… ez genion mugarik jartzen. Gaurkoek beste joera eta izaera dute. Onak, baina ezberdinak.
Zuen kasuan. Lan ona, leialtasuna, konpromisoa, enpresarekiko kidetza, kultura kooperatiboa… erakusten saiatu zarete?
JMLO: Barruko talentua sustatu behar dugu. Harrobi lana bultzatu behar dugu. Kiden badira gazteak, lankide finak. Ezagutza dutenak eta euren egitekoetan onak direnak. Denetik dugu, baita oso inplikatuak ere. Ezin diegu etiketarik jarri. 1997an munduko Carrefour handiena muntatu genuen, Portugalen, hilabete asko egin nituen etxetik kanpo, eta izugarri ikasi nuen. Orain ere, badago nik orduan erakutsitako konpromisoa hartzeko prest dagoena. Hemen ez dago etenik, eta bai, saiatzen gara guk ikasitakoa eta bizitakoa transmititzen.
“Barruko talentua sustatu behar dugu. Harrobi lana bultzatu behar dugu. Kiden badira gazteak, lankide finak. Ezagutza dutenak eta euren egitekoetan onak direnak. Denetik dugu, baita oso inplikatuak ere. Ezin diegu etiketarik jarri”
Nola ikusten duzue Kide etorkizunean?
ZBU: Arrakasta handiegiak porrota ekarriko zuela pentsatu nuen momenturen baten baina orain oso ondo ikusten dut. Proiektua sendo eta etorkizun oparoarekin dago. Lan-talde ona, inplikatua, konprometitua dugu eta konfiantza handia daukat. Lider egokiak eta lan-talde bikaina ditugula uste dut.
Eta nola baloratzen duzue kooperatibaren bilakaera?
JMLO: Aurrerantzean ere panelekin eta hotzarekin negozioa ikusten da eta gure abantaila da ekipamendu osoa eskaintzen diogula; panelak, ateak eta ekipoak. Elikaduraren sektoreak beti beharko ditu kamerak, produktuen mantenua, hotelak, logistikako zentro handiak, beti behar izango dute hotza. Konpetentzia Itzela da eta lehiakorrak izan beharko gara, gerri jokoa erakutsi eta egokitu. Kooperatiba gara eta hori ere bada abantaila. Agian garestiagoak gara, baina produktu ona dugu eta zerbitzu ona eskaintzen dugu.
Zerbait gaineratzerik?
Erretiratuta egonda be, agendak bete-bete eginda ditugu oraindik. Edozein modutan be, itsaso inguruan pasiatzeko, olatuak apurtzen ikusteko eta entzuteko, edo eta hegaztien kantuekin gozatzeko aukera badugu, eta momentu horiek aprobetxatzea be, itzela da. Kide familia bat izan da guretzat, baina ohituko gara familiatik aldenduta bizitzera.