Irakurriena
- 1. LANA eta ETORKI kooperatibek bat egin dute
- 2. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
- 3. Jesús Latak jaso du 2026ko asmatzaile onenaren Galbahe Saria
- 4. Laboral Kutxa, Estatuko bost banku onenen artean
- 5. MONDRAGONek Remolonasen inbertitu du
- 6. Maria Jose Rodriguezek Lagun Aro Aseguruen zuzendaritza nagusiaren ardura hartu du
Ategiren I. Energia Foroa: Trantsizio energetikoa, lehiakortasun industrialaren erdigunean
Ategi kooperatibak bere I. Energia Foroa egin zuen maiatzaren 6an Arrasaten, industria eta energia arloko aditu ugari bilduz. Energia, Industria eta Lehiakortasuna Trantsizio Energetikoan izenburupean, jardunaldiak argi utzi zuen mezu nagusi bat: enpresa kooperatiboetan energia kostu soil bat izatetik, erabaki estrategikoak, jarduera produktiboa eta inbertsioak baldintzatzen dituen funtsezko lehiakortasun-faktore izatera igaro da.
Gaur egungo marko energetiko berriak —trantsizioak, araudiak eta merkatuen ezegonkortasunak markatua— eragin zuzena du lurraldean errotzeko bokazioa eta epe luzerako konpromisoa duten enpresetan.
Testuingurua eta energia-sistemaren bilakaera
Jardunaldiari Amaia Ramosek, Ategiko zuzendari nagusiak, eman zion hasiera, eta jarraian testuingurua finkatzeko bi ponentzia nagusi eskaini ziren:
-
Enrique Monasterio (CNMCko kontseilaria): Energia-sistemaren eboluzioa aztertu zuen, sarearen, malgutasunaren eta sistemaren funtzionamendu-kostuen garrantzia azpimarratuz.
-
Ignacio Cobo (AFRYko Senior Principal): Energia-merkatuaren ikuspegi globala eman zuen, energia berriztagarrien sarrera masiboak dakarzkien erronketan sakonduz.
Hizlariak adostasun batera iritsi ziren: deskarbonizazioa ezinbestekoa da, baina errealismoz egin behar da. Ehun industrialaren lehiakortasuna arriskuan ez jartzeko, ezinbestekoa da azpiegitura egokiak, ziurtasun erregulatzailea eta hornidura-egonkortasuna bermatzea.
Industriaren errealitatea mahai gainean
Jardunaldiaren azken txanpan, industriaren errealitatera hurbiltzeko mahai-inguru bat antolatu zen. Bertan izan ziren David Martinez (Iberdrola Energía España), Javier Vázquez (TotalEnergies-eko B2B Negozio zuzendaria), Ángel Crespo (MET Energía Españako CEOa) eta Jose Joaquin Ruiz (MAPSAko zuzendari nagusia).
Enpresa askorentzat, trantsizioa eskakizun, ziurgabetasun eta kostu berrien batura gisa ikusten da hasieran. Mahai-inguruan nabarmendu zenez, benetako erronka ez da aurrera egin ala ez, baizik eta nola egin oinarri industriala ahuldu gabe.
Norabide horretan, industriak eman beharreko urratsen inguruko adostasun argia atera zen forotik:
-
Eraginkortasun energetikoa: edozein estrategiatako ezinbesteko lehen urratsa.
-
Prozesuen elektrifikazioa: teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den kasu guztietan.
-
Molekula berriztagarrien erabilera: alternatiba heldurik ez dagoen prozesu zehatzetarako soilik.
Era berean, argi geratu zen prezioa negoziatzeaz gain, kontsumo energetikoa bera, malgutasuna eta erabilera-uneak hobeto kudeatzea ezinbestekoa izango dela aurrerantzean.
"Deskarbonizatzeak ez du desindustrializatzea esan behar"
Ideia horrekin borobildu zen foroa. Ategirentzat, argi dago energia bere bezeroen agenda estrategikoan errotuta dagoela jada, eta horren kudeaketa egokia gakoa izango dela epe luzera jarduera, enplegua eta lehiakortasuna bermatzeko.