Irakurriena
- 1. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
- 2. Etorki eta Lana kooperatibek Europa hegoaldeko zerrategirik eraginkorrena inauguratu dute
- 3. Abian da Harrobia: Mondragon Unibertsitateko ikasleek dagoeneko izena eman dezakete proiektuetan
- 4. MONDRAGONeko Lanbide Heziketa: talentua barneko kooperatibetan geratzen da
- 5. “Kooperatibara HURBILTZEN” formazioa eskainiko du estreinakoz LANKI Ikertegiak
- 6. Ategiren I. Energia Foroa: Trantsizio energetikoa, lehiakortasun industrialaren erdigunean
MONDRAGONeko Lanbide Heziketa: talentua barneko kooperatibetan geratzen da
Bost dira MONDRAGONen Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen dituzten zentroak: Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (Arrasaten), Oñati Gestio Heziketa (Oñatin), Arizmendi Ikastola (Arrasaten), Lea Artibai Ikastetxea (Markina-Xemeinen) eta Politeknika Txorierri (Derion). Guztion artean, urtero 1.000 ikasletik gora prestatzen dituzte Lanbide Heziketako 30 titulazioren bidez, batzuk erdi mailakoak, beste batzuk goi mailakoak. Horrez gain, badituzte LHren ondoren espezializatzen jarraitzeko programak, baita profesionalei LH moduluen bitartez gutxinaka lortzen joateko programa laburragoak ere.
Ikasgela, tailer eta laborategi horietan prestatzen diren ikasle asko, MONDRAGONeko kooperatibetan integratzen dira eta horietako batzuen testigantzak ezagutu nahi ditugu gaur.
MONDRAGONeko Lanbide Heziketako zentroak bisitatzeko eta hezkuntza programak ezagutzeko interesa izanez gero, ate irekien saioetara gerturatu zaitezke!
- Lea Artibai Ikastetxea (Markina-Xemein). Maiatzak 14, 17.00etan
- Oñati Gestio Heziketa (Oñati): Maiatzak 14 (18:00)
- Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (Arrasate). Maiatzak 9 (11.00).
- Arizmendi Ikastola. Bisita pertsonalizatuak ikasturte osoan zehar
- Politeknika Txorierri: Apirilaren 20tik 24ra (18:00)
IRATXE ASTIAZARAN (Matz Erreka)
Hamar urtez dietista izan ondoren, langabeziak Lanbide Heziketako ikasketetara hurbildu ninduen. Oñati Gestio Heziketan Administrazioa eta Finantzen Goi Mailako Heziketa Zikloa ikasteak ibilbide profesional berriak irekitzeko aukera eskaini zidan. Kontabilitatea, fakturazioa, finantza-kudeaketa eta giza baliabideak bezalako gaietan murgildu izanak, MONDRAGONeko ekosistemaren barruan gainera, eredu dualaren bitartez segituan izan nuen enpresa mundura inkorporatzeko aukera.
Nire kasuan, hasierako asmo guztiak bete dira eta Matz Errekan formazio dualarekin hasi zenak, uste baino urrunago iristea ahalbidetu dit. Harrotasun handiz esan dezaket bazkide izatera iristeak erabateko zentzua eman diola bidean egindako esfortzu guztiari.
Dietista izatetik, Lanbide Heziketako ikasle izatera, eta orain kooperatiba industrial bateko bazkidea naiz.
URKO AIARTZA (Soraluze)
Mekatronikako Heziketa zikloa ikasi nuen Mondragon Goi Eskola Politeknikoan. Motibazio handiz hasi nintzen eta esfortzuak bere fruituak eman zituen BBK-ko espediente onenaren saria jaso bainuen. Prestakuntza osatu eta arlo profesionalean ate berriak irekitzeko asmoz, ondoren Mekatronikako ingeniaritza gradua ere egitera animatu nintzen.
Praktikak Soraluce kooperatibako buruen departamenduan egin nituen, lehenik SAT tailerrean makinen buruak konpontzen eta gero produkzioan muntatzaile gisa. Egia da, bigarren departamentu honetan poliki poliki ardura berriak ere hartzen hasi nintzela (analisi dinamikoak, muntaiaren optimizazioa, makinen martxan jartzea etab). Gaur egun, Soraluzen jarraitzen dut eta buruen departamenduko produkzioko arduraduna naiz. Muntaia taldeko teknikoak koordinatzen ditut eta probetako bankuen kudeaketaz arduratzen naiz estandarizazioa eta hobekuntza sustatuz.
Lanbide heziketatik ingeniaritzara egin nuen salto, eta orain produkzio arduraduna naiz.
Etorkizunera begira, nire helburua argia da: departamendua sendo egituratu, estandarrak finkatu eta produkzioa handitzea. Soraluzen bertan badaude nire intereseko beste postu batzuk ere, beraz bertan gelditzeko asmoa dauka, nork daki beste saltoren bat emateko aukera irekiko ote zaidan.
AITOR ARKOTXA (Danobat)
Batxilergoa amaitu ondoren, nire prestakuntza Lea Artibai Ikastetxean jarraitzea erabaki nuen, teknologiarekin lotutako mundura modu praktikoan hurbiltzeko aukera ikusi nuelako. Nire helburua etorkizunerako oinarri sendoak eraikitzea izan zen, horregatik Goi Mailako bi ziklo egin nituen: Automatizazio eta Robotika Industriala eta Mekatronika Industriala.
Zikloetan ikasitakoa zuzenean aplikatzen dut nire eguneroko lanean, makina, sistema eta prozesu oso antzekoekin jardunez. Horrek trantsizioa asko erraztu zidan, eta lehen momentutik segurtasunez eta konfiantzaz aritzeko aukera eman zidan.
Nire ibilbide profesional osoa kooperatiba ingurunean garatu dut, eta gaur egun Danobat kooperatiban ari naiz lanean, bazkide gisa. Nire ustez, jasotako prestakuntzak oinarri sendoa eman dit profesionalki hazteko, eguneroko erronkei aurre egiteko eta talde-lanean nire ekarpena egiteko. Ikasketen eta lanaren arteko lotura zuzena izan da, zalantzarik gabe, nire ibilbidearen giltzarrietako bat.
Bi Heziketa Zikloetan ikasitakoak aukera eman dit ibilbide profesional osoa kooperatiba ingurunean garatzeko.
HARRISON FLOREZ (LKS)
Arizmendi Ikastolan Erdi Mailako Lanbide Heziketa egin nuen lehenengo Mikroinformatika Sistemak eta Sareen inguruan. Ondoren, Goi Mailako ziklora saltoa egitera animatu nintzen eta Sareko Informatika Sistemen Administrazioa ikasi nuen Mondragon Goi Eskola Politeknikoan. Ikasketa epealdi horretan LKSn egindako praktikei eta DUAL kontratuari esker, gaur egun bertan jarraitzen dut informatikari gisa.
Sektore informatikoa etengabeko hazkundean dago eta Lanbide Heziketak eman dit ibilbide profesionala sendotzeko aukera.
Informatikaren sektorea etengabeko hazkunde batean murgilduta dago eta beraz, aukera ona eskaintzen dit espezializatzen jarraitu eta ibilbide profesionala sendotzen joateko.
MONDRAGONeko Lanbide Heziketa da kooperatiben etorkizuna bultzatzen duen talenturako atea. Ezagutu aukera hau bertatik bertara ate irekietan, eta eman zure etorkizun profesionalerako lehen urratsa.