“Lehen emakumea naiz Mundukideko zuzendari gisa, baina terrenoan lanean dihardutenen erdiak emakumeak dira eta horrek izugarri poztu nau”

Itsaso Erretolatzak berrikuntza, nazioartekotzea eta hezkuntzan 30 urtetako lan esperientzia du eta azken urteotan Ederlan Taldeko Edertek kooperatiban aritu da Zerbitzu Teknologikoetako arduradun bezala. Arrasatearra, ingeniaria eta mendizalea. Itsasok 55 urte ditu eta bi semeren ama da. Urte honen hasieran heldu dio Mundukide Fundazioaren zuzendaritzari, 13 urtez gidaritzan egon den Josu Urrutiaren lekukoa hartuz.
Card image cap
2026/05/22

Mundukideren inguruan, kooperazio kooperatiboaren inguruan eta, oro har, munduaren gainean aritu gara Itsasorekin.

Kontaiguzu, nolakoa izan da zure iritsiera Mundukideren zuzendaritzara? 

Iritsieran, harrera gozoa egin didate. Talde jatorra eta profesionala aurkitu dut. Aurreko zuzendaria joan ostean ere arduraz lan egin dute ni heldu eta kokatu artean.

Nolakoa izaten ari da aterrizajea?

Oso gustura nago hartutako erabakiarekin. Aldaketa handia izan da niretzat baina egunetik egunera gero eta gusturago nago. Proiektuak ezagutzen ari naiz, gertutik eta bertatik bertara, bidaiatzen eta taldearekin ere konfiantzazko eremuak sortzen. Oso pozik nago.

Zer inpresio lehen aste hauetan?

Brasilen, Mozambiken edo eta gainerako herrialdeetan ditugun taldeek sekulako lana egiten dute eta proiektu izugarriak kudeatzen dituzte. Dimentsio handiko proiektuak dira eta, poliki-poliki guztiak ezagutzera gerturatuko naiz. Proiektu arduradunekin elkartu eta bertatik bertara gure proiektuak ezagutu nahi ditut.

Erakundea ezagutzen bazenuen ere, seguru badirela proiektu ugari zuretzat ezezagunak izango direnak.

Ni Fagor Ederlanetik nator, eta Fagor Ederlaneko presidentea Mundukideko presidente ere izan zenez, Mozambikeko programaren berri banuen, Marrupan egin zeneko argazkia ere oroitzen dut. Era berean, nire ahizpak Gehikoop programan parte hartu zuen Arizmendi Ikastolaren ordezkari gisa eta Lurrik Gabekoen Mugimenduaren (MST) berri berak eman zidan. Egia esan, sakonean eta bertatik bertara ezagutzeak beste ikuspegi bat eskaintzen du.

Lehen emakumea zara Mundukideren zuzendaritzan, ezta?

Lehen emakumea naiz zuzendari gisa eta espero ez izatea azkena. Hori bai, lekuan bertan emakumeen presentzia %50ekoa dela ikusteak asko poztu nau. Arrasateko lantaldean eta boluntarioen artean ere emakume asko gara.

Iritsi berria zara eta oraindik orain dena ezagutzen ari bazara ere, orain artekoa nola doa? Ondorioren bat?

Halaxe da, bai. Zuk diozun moduan terrenoa ezagutzen hasia naiz. Brasilen egon berri naiz eta oso abegikor hartu naute lankideek eta MSTko kideek ere. Programako koordinatzaile bakoitzak nik kudeatzen dudana baino lan-talde handiagoak kudeatzen dituela ikusi dut. Zein lan baliotsua egiten duten neurtzeko bertatik ikusteak asko balio izan dit. Martxoan Mozambikera joango naiz eta maiatzean Ekuador eta Kolonbiako programetara bidaiatuko dut. Ikuspegi osatua eskainiko didate bidaia horiek.

Sorreratik MONDRAGONetik izan duzuen babesagatik, zer esango zenieke korporazioan diharduten kooperatibei?

Kooperatibei eskertza besterik ez diegu, haien IPDK (COFIP) elkartasun funtsetatik gurera bideratzen dituzten sosak arduraz inbertitzen ditugula esango nieke. Patronatua osatzen duten erakundeen artean, 12 kooperatibak dira.. Nahi dutenean, parte hartu dezaketela Patronatuan zein bisita-bidaiaren batean. Guk transparentziaz lan egiten dugu, eta edozein zalantza argitzeko irekita gaudela badakite. Asanblea-Batzar Nagusietan edo eta Hitzaldi informatiboetan partekatzea proposatzen diegu.

Kooperatiben 10 printzipiotatik 3 dira oinarrian guk lantzeko ardura dauzkagunak: eraldaketa soziala, unibertsaltasuna eta lana. Gure balizko balio erantsia garapen ekonomikoa lanaren bidez sustatzea da.

Itsaso2.jpg

MUNDUKIDE, gaurko errealitatetik etorkizunera begira 

Hitz egin dezagun Mundukideren gaurko erronken inguruan. Zeintzuk dituzue esku artean?

Aurten erakunde gisa erronka dotorea dugu. Izan ere, ondorengo lau urteetarako plan estrategiko berria egitea dagokigu. Urte amaierarako espero dut hausnarketa eta bide orria definituta edukitzea.

Estrategia horretan identifikatuko dituzue zuen balio bereizgarriak. Zerk egiten du berezi Mundukide?

Herri pobretuetan lanaren bitartez gizartea eraldatzea da Mundukideren helburu nagusia. Bertakoekin batera garapen ekonomikoa sustatzea da egiten dakiguna, eta horretarako lan aukerak sortzen saiatzen gara, pertsonen bizi baldintzak hobetzeko. Ez ditugu eskolak eraikitzen zein mediku zentroak muntatzen, zuzenean lanaren esparruan eragiten dugu, bertako biztanleek egiten duten lanari etekin handiago atera diezaioten.

“Seguru nago tokian tokiko egoerak aztertuta eraldaketa sozialerako baliatu genezakeela kooperatibek munduan duten presentzia eta gure pertsonen konpromiso eta indarra”

Aldatzen ari da garapenaren kontzeptua azken urteotan edo bere horretan segitzen du?

Bai egia da kooperazioa aldatzen ari dela. Gogoan dut, 1990eko hamarkadan oso ezaguna egin zen esaldi bat. “Gutariko bakoitzak emango bagenu gure irabazien %0,7, munduko pobrezia amaituko da”. Hala errepikatzen zen, nonahi. Tamalez, urruti gaude kopuru horretatik. Eta estrategiak ere aldatzen ari dira, lankidetza eta kooperazio agentziatik aipatzen digutena zera da, kolaborazio laguntzak indartu gura dituztela. Horrek esan nahi duena da enpresekin eskutik joatea hobesten dutela.

Kooperatiben sarea sekulako babesa da zuentzat. Babesa, ardura, erantzukizuna… Dena batzen da kooperatiben sareari erantzuterako orduan.

Guk badugu ekosistema oso interesgarria, kooperatiba askoren babesa. Gainera, kooperatiba askok ere munduan zehar lantegiak dituzte. Seguru nago tokian tokiko egoerak aztertuta eraldaketa sozialerako baliatu genezakeela kooperatibek munduan duten presentzia eta gure pertsonen konpromisoa eta indarra.

Mundukide ezertaz ezagutzen ez duen bati, zer esango zenioke?

Mundukide ezertaz ezagutzen ez duen bati zera esango nioke, oraindik munduan badirela leku mordoska bat non egoera oso zaila den eta non oinarrizko baldintzak betetzen ez diren. Leku horietan dagoen giza sufrimendua galanta dela eta sarri ezusteko, ezegonkortasun eta gatazka gogorrenak bertan sortzen direla. Gure laguntza behar dutela eta Mundukide horretarako sortu zela orain 27 urte. Menpekotasunik sortuko ez duen laguntza, baina laguntza betiere. Bertan azpiegiturak eraiki ditzaten, hezkuntza eta osasun zerbitzuak hobeak izan ditzaten eta bizi baldintza duinagoak lortu.

Gazteei batipat esango nieke aukera paregabea dela experientzia jaso eta pertsona bezala garatzeko.

Mundukide interkooperazio ariketa itzela dela esan daiteke?

Dudarik gabe. Mundukideren misioa ahalik eta onuradun gehiagorengana iritsi ahal izateko interkooperazio ariketa sendoa sustatzea da; kooperatiba, erakunde eta bakarkakoak koordinatu eta elkarlanean jarriz. Zenbat eta agente gehiago elkartu, lan eraginkorragoa egin dezakegu.

Mundua gaur

Konplexua, ulergaitza, aldaketa zientifiko, teknologiko eta sozial itzelak gertatzen ari dira. Azkarregi doa mundua. Zein ikuspegi duzu?

Mundua azkar doa hausnarketa handirik egin gabe. 2012an Txinatik itzuli nintzenean esaten nuen gu lo gaudenean izugarri mugitzen ari zela mundua. Hau da, Itsaso Barean-Pazifikoan dago munduko komertzio handiena, eta guretako gaua da haientzat eguna denean.

Bestalde, azken urteotan, adineko agintariak ditugu munduko herrialde aberatsenen buruan, euren zilborrari begira, euren burua salbatu nahian, ez-hilkortasuna edo boterea dute helburu, baina inondik ez atzetik datozenen etorkizuna.

Gizarte talka izugarriaren aurrean gaude. Eskuin muturrak ertzak agerian jarri ditu eta gazteak erakartzeko ahalmena erakutsi du. Honek ertzen arteko talka bortitzagoa ekarriko duen susmoa daukat.

“Herri pobretuetan lanaren bitartez gizartea eraldatzea da Mundukideren helburu nagusia. Bertakoekin batera garapen ekonomikoa sustatzea da egiten dakiguna, eta horretarako lan aukerak sortzen saiatzen gara, pertsonen bizi baldintzak hobetzeko”

Gaurkotasun handiko beste gai bat, etorkinek bizi duten egoera da. Zelan ikusten duzue Mundukidetik migrazioaren kontua?

 Etorkinen gaia politikoa da, guk haien herrialdeetan egiten dugu lan bertakoekin batera lan aukerak sortzeko, nahi ez duen inor herrialdetik ihes egitera beharturik egon ez dadin.

Dena den, egia da, Mundukide sortu zenean baino herrialde gutxiago direla pobreziaren arrisku mugan daudenak. Nahiz herrialde askotan ezberdinkeriak eraginda, pertsona asko, bataz bestekotik oso behera bizi diren. Oro har, jende mordoa atera da pobrezia larritik, BAINA –letra larriz– oraindik mila miloi haur, emakume eta gizonek pairatzen dute pobrezia eta gu gara kontrako beste aldean gauden mila miloi aberatsenak. Fokua horietan jarri beharko genuke mundu justuago bat nahi badugu bederen.

Itsaso3.jpg

ITSASO ERRETOLATZA, GERTUTIK

“Gauza berriak egitea gustatzen zait, normalean prest nago gauzak probatzeko”

Nolakoa da Itsaso Erretolatza?

Ingeniaria, euskalduna eta kooperatiboa naizela esango nuke. Pasioa jartzen diot egiten dudanari. Eta Mundukiden egunetik egunera gusturago sentitzen naiz, dagoen gizatasunagatik bereziki.

Zer zaletasun dituzu?

Mendia eta idaztea ditut oso gustuko. Kafearen bizioa daukat, eta zorionez, Mundukiden kafe ederra daukagu, Ekuadorrekoa normalean.

Eta kafeaz harago… esan daitekeen besterik?

Nahiak eta pasioak asko, bizitza disfrutatzea gustuko dudalako. Ez naiz atzera geratzen den horietakoa eta gauza berriak egitea gustatzen zait, normalean prest nago gauzak probatzeko.

Aitortu daitekeen pasiorik?

Mendia da nire pasioa, uda zein negu eta lan ostean ere egin izan dudana, baina lesio batekin nabil azken hilabeteotan eta tamalez ezin naiz momentuz mendira joan. Arrasate Udalatx mendi lasterketan egon nintzen, semeetako batek parte hartu baitzuen, eta izugarri gozatu nuen semea lasterketan ikusita. Eskubaloian ere jokatzen dute eta gustatzen zait haien eskubaloi partiduetara joatea. Eta beste afiziotxo bat ere hartu dut azkenaldian, amarekin josten jardutea.

Beste zerbait erantsi nahiko bazenu…

Oso gustura nago Mundukiden, gero eta gusturago, eta horrek izugarri motibatzen nau etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Eta eskerrik asko kooperatibetako lagunei, haiei esker hamaika proiektu jarri ditzakegu-eta martxan.

Kooperazio kooperatiboa