Irakurriena
- 1. Enpresen lehiakortasun globalean Txinak duen eragina, MONDRAGONen Pertsonen Kudeaketarako XVI. Foroaren ardatza
- 2. BATZek WEC enpresa aeroespazialaren %60a erostea onartu du Ezohiko Batzarrean
- 3. Ategi, 2026ko Gipuzkoako Zerbitzu Enpresa gisa aitortua
- 4. Berdintasuna, MONDRAGONeko kooperatiben izatean
- 5. C'Mon Guys, BKI BOX eta NCLIC Shakespeare txapeldun FLL Euskadi-MONDRAGONen
- 6. Laboral Kutxak 305 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2025ean
Leire Mugerzak “Gipuzkoako enpresaburu onenaren” ASPEGI 2026 Saria jasoko du
Gipuzkoako Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (ASPEGIk) berriki jakinarazi ditu hamaikagarren edizioko sarituak, eta Leire Mugerza Garateri eman dio ASPEGI 2026 Saria, “Gipuzkoako enpresaburu onenaren” kategorian. Gipuzkoako enpresa-sarean berrikuntza eta lidergoa bultzatzen duten emakume erreferenteen talentua eta ibilbidea aitortzen ditu sari honek.
Leire Mugerza ingeniari tekniko industriala da eta enpresa kooperatiboen zuzendaritzako masterra (Otalora-Mondragon Unibertsitatea) du. Bere ibilbide sendoa, MONDRAGONi erabat lotuta egin du, eta erantzukizun karguak izan ditu hainbat kooperatibatan. 2022tik, MONDRAGONen Kongresuaren eta Batzorde Iraunkorraren presidente gisa funtsezko zeregina du, eta kargu horrekin batera, Eroskiren Kontseilu Errektorearen presidente ere bada 2012tik. Bere zuzendari profila Eika kooperatiba industrialean hasi zen garatzen, non hainbat ardura izan zituen, eta baita Lea Artibai ikastetxean ere, prestakuntza arloan.
“Aspegi Sariak Gipuzkoako enpresa-sarean berrikuntza eta lidergoa bultzatzen duten emakume erreferenteen talentua eta ibilbidea aitortzen ditu”
Balioak dituen lidergoa
Epaimahaiak bereziki nabarmendu du lidergo-eredu bat, lehiakortasuna eta berrikuntza ez ezik, balio kooperatiboetan sakon errotuta dagoena. Mugerza “sari honekin bereziki ilusionatuta” azaldu da, izan ere, MONDRAGONeko kooperatibetan berdintasuna ezaugarri izanik, “gure aurreko emakumeen ondarea balioan jartzen du. Duela 60 urte baino gehiago, haiek hezurmamitzen zituzten erakundeetan berdintasuna egitate bat zen, beren garaiari aurrea hartuz. Errekonozimendu hau guztiona dela sentitzen dut, nire ibilbidean gidatu nauten irakasleak izan direlako".
Mugerzarekin batera, ASPEGI Sarien hamaikagarren edizioak Eider Sanchez, Naru-ren zuzendari nagusi eta sortzaileetako bat ere saritu du Enpresari kategorian. Biak dira ekonomia-sektore garrantzitsuetan diharduten emakumeen arrakastaren isla, izan goi-mailako kudeaketa kooperatiboan edo osasunari aplikatutako teknologia aurreratuan ere.
Aitorpen horrek indartu egiten du erantzukizun handieneko postuetan emakumeek duten ikusgarritasuna, eta Leire Mugerza gizarte-ekonomiako pertsona nabarmen gisa sendotzen du, bai gure nazio mailan, baita nazioartean ere.