Klimatizazio eta ongizaterako irtenbideak
Ekintzailetasuna, dibertsifikazioa eta enpresa-jarduera berrien sorrera sustatzeko MONDRAGON Korporazioaren plataforma korporatiboa gara.
Irakurriena
- 1. Osasungintzaren sektoreko posizioa indartu du Fagor Taldeak, Fagor Healthcare kooperatibarekin
- 2. Orca, Orca Aero eta Lotto-Intermarché taldearen 2026ko bizikletak aurkeztu ditu Orbeak
- 3. Batzek, Velatiaren aeronautikako osagaien unitatea erosteko aurreakordioa itxi du
- 4. Fagor Ederbatt, Dakarreko historiako lehen kamioi hibridoaren bultzatzaile
- 5. Agur, Jose Antonio Ajuria
- 6. MONDRAGON Foroaren XIII. edizioa, TU Lankideren zenbaki berriko gai nagusia
Domusa Teknik-ek eta MONDRAGONek Hotta-n inbertitu dute, bero-hondarra konfort bihurtzeko
Hotta enpresa gazte bat da, azpiegitura bateratuarekin lan egiten duena: datu-zentroen unitate modularrak ditu, aldi bereko bi funtziotarako balio dutenak. Batetik, datu digitalak prozesatzen dituzte, eta, bestetik, zerbitzari horiek sortzen duten bero handia aprobetxatzen dute energia termikoa ekoizteko. Azken belaunaldiko ekipo horiek erraz instalatzen dira («plug-and play» eran), eta zuzenean konektatzen dira ura berotzeko sistemetara. Hala, bero-hondarra energia-iturri erabilgarri bihurtzen da, kostu txikikoa eta karbono isuri gutxikoa berogailu eta ur bero sanitariorako (UBS).
Dagoeneko Hotta-k badu presentzia merkatuan, eta lehenengo instalazioak arrakastaz burutu ditu. Soluzio berritzaile horiek Domusa Teknik-ek klimatizazioan eta UBSan gaur egun duen eskaintza osatzen dute. Gainera, bi enpresek fabrikazioari eta mantentze-lanei buruzko akordioak lortu dituzte, eta horrek aukera emango du elkarren eskutik proposamena sendotzeko.

Domusa Teknik-eko zuzendari nagusi Imanol Oleagaren esanetan, MONDRAGON Venturesek Hotta-ko inbertsioan MONDRAGON eta Fluidrarekin batera parte hartzea proposatu zienean, argi ikusi zuten interes handiko aukera zela: “Gure eskaintza osatzen du, hainbesteko presentziarik ez dugun merkatuetara sartzeko aukera ematen digu, eta, gainera, fabrikazioko eta mantentze-lanetarako akordioak eskaintzen dizkigu. Azken hilabeteotan ildo horretan ere buru-belarri ari gara lanean”.
MONDRAGON Ventures-eko Julian Gallardok operazioari buruz dio: “HOTTA bere hasiera-hasieratik ezagutzen genuen eta beti eutsi diogu gertutasun horri. Diseinatuta dituzten soluzio horiek merkaturatzeko gai zirela ikusi genuenean, berehala hitz egin genuen Domusa Teknikekin, hura baitzen egokiena eraginkortasunaren eta ingurunearekiko konpromisoaren ikuspuntutik berritzen duen proposamen baterako”.
Domusa Teknik-ez gain, Fluidrak ere Hotta-n inbertitzea erabaki du, igerileku klimatizatuen merkatutik ikuspegi eta aukera berri bat emango diolako. Izan ere, sektore horretan liderra da mundu mailan. Arrisku-kapitaleko hiru erakundek ere osatzen dute inbertsioa: MONDRAGON Promozio Funtsak, Faraday Venturesek eta Soria Emprendek.