'Etorkizuneko erronkei indartsu eusteko prest gaude'

Xabier Egibarrek 2019ko urtarrilean hartu zuen LABORAL Kutxako zuzendari orokor kargua. Etxeko pertsona da, aurretik beste kargu batzuk izan baititu erakundean.
Card image cap
2019/07/02
  • Zer moduz kargu berria? Hartu diozu neurria? Zer nolako sentsazioak dituzu? 

Oso ondo; estreinatu berri dudan karguaren eginkizun berrietan buru belarri sartuta jadanik, eskatzen duen erantzukizuna aurrean hartu eta gogotsu. 

Gazte gaztetatik interesatu zitzaidan kooperatiben mundua. Ikasbiden hasi nintzen, Orbideko eskualde taldean, eta geroztik LABORAL Kutxan egin dut lan. Beraz, guztiz identifikatuta sentitu arazten nauen proiektua kudeatzeko erantzukizuna erronka handia eta berezia dela onartu behar dudan arren, nire konpromisorik handienarekin eta ilusioz ekin diot bideari. Bestalde ia hamarkada batez Zuzendaritza Kontseiluko partaide izan eta gero, eta noski trantsizioa Juliorekin primeran partekatu eta gero, urte hasieran prest sentitzen nintzen ardura berriari aurre egiteko. 

Pertsonak ezinbestekoak gara, erronka berriei heltzeko, printzipio kooperatiboetan oinarrituta eta gure nortasuna indartuta. 

Eta lehen hilabeteak pasatu ondoren, sentsazio onak ditut, zuzendaritza talde bikaina dudalarik ondo-ondoan eta LABORAL Kutxa osatzen dugun gainerako lantaldea ere oso gertu sentitzen dut.  

  • Lehiakortasunaz mintzatuta, sarritan aipatzen da errentagarritasun mailari eustea dela bankaren erronka. 

Finantza-munduak oso ingurune makroekonomiko nahasiari egin behar dio aurre. Eta, zuk diozun bezala, gaur egungo errentagarritasun-maila urria handitzea baino gehiago, maila horri eustea izango da sektoreak osotasunean aurre egin beharko dion lehen erronka.  

Kanpoko hiru aldagaik baldintzatuko dute, batez ere, errentagarritasun hori: interes-tasek, kredituaren bilakaerak eta berankortasunak.  

Lehen aldagaiari dagokionez, sektorerako aurreikuspenak ez dira onak, ez baita ikusten epe labur edo ertainean interes-tasa igo egingo denik. Horregatik, gure etorkizuna diseinatzerakoan «japoniartzearen» ildoari jarraitu beharko diogu, iraganeko egoeretara itzultzeko aukerari begiratu beharrean.  

Eta, beste ezeren aurretik, errentagarritasunaren ikuspuntutik garrantzitsuak diren bi kontzeptu azpimarratu nahi ditut. Lehenengo eta behin, errentagarritasunari dagokionez oso-oso lehiakorrak garela, datuek argi uzten baitute merkatuko ROErik onenetakoa dugula. Eta, beste aldetik, irabazien iraunkortasunaren irizpidea erabiltzen dugula beti, gure ustez errentagarritasuna ez delako epe laburrerako helburua; guztiz bestela, epe ertainean irabazi iraunkorrak sortzeko dinamika finkatzea da gure estrategia. 

Hori esanda, diru-sarrerak sortzekotan, ezinbestekoa izango da negozio gehiago erakartzea, eta batez ere kreditu-emateak. Aldi berean, ordea, geure berankortasun-maila zaindu behar dugu, lehen ere esan dudan bezala sektoreko onenetakoa baita, eta hobetzen jarraitzeko asmoarekin, gainera. Eta, horrekin batera, negozio-eredua egokitzen jarraitu behar dugu, gero eta eraginkorragoa izan dadin; digitalizazioaren alorrean indarrez egin behar dugu aurrera, efizienteagoak eta lehiakorragoak izateko; eta kostuak zorrotz kontrolatu behar ditugu. Ziur nago guzti-guztia egitea lortuko dugula, gure erakundea osatzen dugun pertsona guztion inplikazioari esker.  

  • Likidezia, kaudimena, berankortasuna,… Nolako bilakaera espero duzue aurten? 

Diozun bezala, horiexek dira, errentagarritasunarekin batera, finantza-erakunde baten osasuna neurtzeko ratio nagusiak. 

Likidezia-egiturari erreparatuta ere, gure ratioak sektorearenak baino askoz handiagoak dira.

Kaudimenari dagokionez, % 18,76ko kaudimenarekin amaitu dugu 2018ko ekitaldia, eta urte amaierarako % 19tik gorakoa lortuko dugu, oso-osorik kalitate goreneko (CET1) baliabide propioekin. Espainiako Banku Zentralak (EBZk) zuzenean gainbegiratzen dituen Estatuko entitateen kaudimen-maila baino askoz handiagoa da hori, % 12 inguruko CET1 eta % 15 inguruko kaudimen ratioak baitituzte.  

Beraz, kaudimena da gure lehen indargunea, eta egoera makroekonomikoak nahiz arau-eskakizun berriek dakartzaten ziurgabetasunei aurre egiteko lehiarako abantaila ere bai. Horregatik, funtsezkoa izango da hori indartzen jarraitzea, gure sozietate-ereduaren etorkizuna, independentzia eta iraunkortasuna bermatzeko.  

Likidezia-egiturari erreparatuta ere, gure ratioak sektorearenak baino askoz handiagoak dira eta gure negozio-hazkundeko helburuak betetzeko baliabide likido nahikoak eta gehiago ere baditugula bermatzen digute epe laburreko proiekzioek. 

Berankortasuna dela eta, 2019aren amaieran Espainiako banka-sektorearen berankortasun-tasa % 5 ingurukoa izatea espero da. Bada, ekitaldia % 2,9ko ratioarekin amaitzea espero dugu guk.  

  • Eraldaketa digitalerako egokitzapena nahitaezkoa da. Nola ari zarete erronka horri aurre egiten? 

Gaur egun, eraldaketa digitala da gure jarduera-ardatz nagusietako bat, eta are garrantzitsuagoa izango da datozen urteetan. Ildo horretan, mugarri zehatzak jasotzen dituen bide-orria zehaztu dugu, prozesu berriak diseinatu ditugu eta baliabideen esleipena ere handitu dugu.  

Dena dela, eta krisiaren osteko lehia-ingurune berria aintzat hartuta, argi dugu geure baliabideak efizientziaz eta eraginkortasunez kudeatuz egin behar dugula aurrera, geure zerbitzu-maila eta lehiakortasun digitala etengabe ebaluatuz. 

Oro har esanda, helburu bikoitza lortzera bideratuko ditugu baliabideak: alde batetik, gure arkitektura teknologiaren oinarria eraldatzeko prozesuan aurrera egitea, epe luzerako ikuspegiz betiere, entitatearen etorkizun digitalerako oinarri sendoak finkatzeko; eta, beste alde batetik, epe laburreko errentagarritasunean inpaktu handia duten garapenetan eta bezeroaren esperientzia hobetzeko inbertitzea. 

Eraldaketa digitalerako lasterketan burua erabiliz lehiatzea da asmoa. 

4 jarduera-ardatz ditugu zehaztuta etorkizun digitalerako oinarri sendoak finkatzen joateko: 

  • Ingurune irekiko sisteman kokatuko gaituen arkitektura teknologiko berria ezartzea, garapenen arintasuna nabarmen hobetzeko, kostuak murriztuz informazioa kudeatzeko gaitasuna handitzeko, eta gure banku-plataformaren eta ekosistema berrien eta enpresen arteko interkonexiorako prestatzeko, eta, horrekin guztiarekin, bezeroei orotariko irtenbideak eskaintzeko. Azken buruan eta labur esanda, «Open Banking» esaten zaion hori erdiesteko. 
  • Datu-egitura berria ezartzea, bezeroaren ezagutza hobeto aprobetxatzeko eta negozio-erabakietan eraginkortasuna optimizatzeko. 
  • Zibersegurtasunari arreta berezia egitea eta hobetzen jarraitzea, funtsezkoa baita negozio-eredu berriak dakartzan arriskuak kontrolatzea, datuak, beraien kudeaketa eta zaintza hain kritikoak diren honetan.  
  • Eta bezeroentzako produktu eta zerbitzu digital berriak garatzeko plana egitea, banku-alorra ez ezik, aseguruen alorra ere aintzat hartuta, gure negozioaren eta emaitza-kontuaren oso atal garrantzitsua da eta. 

 

  • Zerk bereizten du gaur Laboral Kutxa besteengandik? Bada egiteko modu berezia, propioa? 

Egunerokoan beharbada ez gara jabetzen, baina gure izaera kooperatiboari lotutako gai batzuek argi eta garbi bereizten gaituzte sektoreko gainerako erakundeetatik: barne-harremanek oro har, hierarkiak, ordainsarien modeloak, gardentasunak, berdintasun-politikek… kontzeptu horietako batzuetan, bankuen mundutik oso urrun gaude.  

Bezeroekin dugun harremana, gure etika eta gardentasuna... hori ere ezberdina da gurean.

Eta horiek behin eta berriro islatzen dira bezeroen balorazioetan eta gainera lidergo postuetan kokatzen gaituzte. 

Beste berezitasun handia gizartearekiko dugun konpromisoa da, egiten dugun ekarpena kooperatibismoa sustatzeko, enpresa berriak sortzeko... eta kultura oro har eta euskara bereziki bultzatzeko egiten dugun ahaleginean.     

Horrez gain, pertsonak ezinbestekoak gara negozio honetan, erronka berriei heltzeko. Horregatik bereziki zaindu behar dugu eremu hau, motibazioa eta konpromisoa bultzatuz, gure nortasuna indartuz. 

 

Banketxea