Osasuna kooperatibaren motor gisa

Osarten-en Mar Cruz funtsezko erreferentea da. Mediku gisa duen eginkizunaz gain, laneko medikuntzarekiko duen grinak eta pertsonekiko duen konpromisoak kooperatibisten kolektiboaren osasunerako eta ongizaterako zutabe bihurtu dute, bere taldearekin batera. Osartenera iritsi zenetik, prebentzioa eta etengabeko hobekuntza bultzatu ditu lan esparruetan, erakutsiz pertsonen betebeharra izateaz gain, lan etorkizun seguruagoa eta gizatiarragoa eraikitzeko oinarria ere badela.
Card image cap
2025/08/14

50 urteko kordobarra, nahiz eta 2012tik Miñao Gutxian (Araba) bizi den. Laneko medikuntzan espezializatutako mediku honek 2020tik darama kooperatibisten osasuna eta ongizatea zaintzen. Bere historia eta nola laneko medikuntza –unibertsitatean oso ezaguna ez den diziplina bat- bere pasio eta eguneroko bizitzaren motor bihurtu den partekatu du Usoa Agirrerekin TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian.

“Medikuntza bukatu nuen eta ez neukan oso argi zer egin. Nire anaiak prebentzio ikastaro bat egin zuen, eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko masterra egitera animatu ninduen. Hor deskubritu nuen espezialitate hau eta izugarri gustatu zitzaidan. Barneko Mediku Egoiliarra prestatu nuen eta hemen nago”, azaldu du gogo biziz.

Kasualitatez iritsi zen Osartenera, baina kooperatibarekiko lotura berehalakoa izan zen. Pandemia piztu zenean hasi zen, hasiera zaila, baina baita erronkaz betea ere: “Hasieran gogorra izan zen, pandemiaren ziurgabetasunarekin, baina aurrera atera ginen”.

"Osartenen oinarrietako bat berrikuntza da, beste esparru batzuetan zer garatzen den aztertu eta Osartenen nola aplikatu ikertzea, pertsonen osasuna eta ongizatea sustatzeko helburuarekin"

Pertsonak erdigunean
Mar Cruzentzat kooperatiba bateko kide izateak lan bat edukitzea baino askoz gehiago da: “Kooperatiban garrantzitsuena pertsonak dira, eta nire postutik konpromisoa daukat haien osasunarekin eta ongizatearekin”. Bere burua zorionekotzat du pertsonen garapen profesionala oinarri duen ingurune batean lan egiteagatik. “Osartenen oinarrietako bat berrikuntza da, beste esparru batzuetan zer garatzen den aztertu eta Osartenen nola aplikatu ikertzea, pertsonen osasuna eta ongizatea sustatzeko helburuarekin. Adibidez, une honetan Gipuzkoako Onkologikoarekin batera lanean gabiltza prozesu onkologikoa izan duten pertsonei lanera itzultzean laguntzeko proiektu batean, pertsona horiek laneratzen laguntzeko zer behar dituzten jakiteko. Era berean, azterketa medikoetan eta kontsultetan jasotzen ditugun osasun datuetatik abiatuta azterketa epidemiologiko egokia egiteko aukera emango digun aplikazio bat garatzen ari gara; horrela, zaintza kolektiboa hobetu dezakegu, enpresa horren osasun egoera orokorra identifikatzeko eta prebentzioan non jardun behar dugun antzemateko”.

ARTL5595.jpg

Eguneroko malgua
Cruzen lanaldia aldatu egiten da enpresen beharren arabera. “Osasunaren zaintzaren barruan, nire jardueraren zati garrantzitsu bat azterketa medikoak dira, baina baita zaintza kolektiboa, bereziki sentikorrak diren langileen jarraipena, mugak dituzten pertsonei lanpostuak egokitzea eta istripu edo gaixotasunagatiko larrialdiko arreta ere”.

Gainera, Cruzek segurtasun eta osasun batzordeetan parte hartzen du. Batzorde horietan langileen, lan osasuneko eta zuzendaritzako ordezkariak biltzen dira. Batzordean, batetik, langileek jaso dituzten beharrak azaltzen dira; eta, bestetik, Laneko Osasunaren kontsultetan detektatu diren osasun arazoak. Identifikatu diren arazoei modu kolektiboan irtenbideak bilatzen dizkiete, eta pertsonen segurtasun eta osasun gaiak hobetzen eta konpontzen lagunduko duten jarduerak planifikatzen dituzte.

"Orain, alderdi emozionalari eta psikosozialari ere garrantzia handiagoa ematen zaio"

Osasun kolektiboaren zaintza, prebentziorako gakoa
Medikuak zaintza kolektiboaren garrantzia azaldu digu: “Langile guztien osasun azterketak egiten ditugu eta, horrela, enpresaren argazki orokorra ateratzen dugu. Adibidez, sekzio batean lanpostu bera betetzen duten hainbat pertsonak ukondo arazoak dituztela detektatzen badugu, aztertu eta neurriak proposatzen ditugu”. Lanaren alor hori funtsezkoa da enpresentzat: “Kooperatibak oso adi daude txosten horiekiko, horiekin pertsonen osasuna hobetzen eta prebentzio neurriak hartzen lagunduko duten erabakiak har baititzakete”.

Bere esperientzian, arazo ohikoenak sektorearen araberakoak dira. “Industrian arazo handia dago zarataren eta ergonomiaren eraginpean egoteagatik, kargak manipulatzeagatik edo mugimendu errepikatuak egiteagatik. Bulegoetan, ikusmen eta muskulu-eskeleto arazoak antzematen ditugu, batez ere lepoan eta sorbaldetan. Eta orain alderdi emozionalari eta psikosozialari ere garrantzia handiagoa ematen zaio”.

Alor psikosozialari dagokionez, Osartenen PSIKOOP programa eta garatzen dabiltzan barne protokoloa nabarmentzen dira: “Galdetegi eta elkarrizketen bidez, arazoak non dauden detektatzen dugu eta enpresei laguntzen diegu hobetzeko zer egin erabakitzen”.

Lan arriskuen prebentziorako zerbitzu komuna