Mondragon Unibertsitateak graduko eta graduondoko sei titulu berri eskainiko ditu

Ikasturte berriari begira, eskaintza akademiko berritzailea jarri du abian, gizartearen behar berriei erantzuten dieten profil berriekin.
Card image cap
2019/08/26

Mondragon Unibertsitateak graduko titulu bat eta graduondoko bost gradu berri jarriko ditu abian irailean. Hala, titulu berriak kontuan hartuta, graduko eta graduondoko 31 titulu (16 gradukoak eta 15 master) eskainiko ditu aurrerantzean, horietako 18 ibilbide dualean.

Honako hauek dira irailerako berrikuntza akademikoak: Euskadiko lehenengo Business data Analytics Gradua; Enpresa Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradua Bilbora eramatea, ibilbide dualean;  Ikaskuntza Errazteko eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterra, estatu osoan parekorik ez duena; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle gisa aritzeko gaitzen duen Unibertsitate Masterra; Robotikako eta Kontrol Sistemetako Masterra; eta, azkenik, Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Eragiketen Garapena Masterra, hori ere bakarra Euskadin.

Enpresagintza Fakultatea

Enpresagintza Fakultateak enpresen eta gizartearen beharrei lotutako titulu berriak jarriko ditu abian, gaur egun eskari handia eta, aldi berean, prestakuntza-gabezia handia duten profilei erreparatuta.

Zehazki, Busines Datta Analytics Gradua, Euskadin lehenengoa, jarriko da abian. Bilboko campusean emango da, modu presentzialean, datuak negozio bihurtzeko gai izango diren profesionalak trebatzeko. Gaur egun, datuen analisiari lotutako profesionalen eskari handia dago enpresetan, baina prestakuntza-gabezia nabarmena ikusten da, aldi berean, unibertsitateetan.

Gradu horretan, ikaslea enpresan sartu beharrean, enpresak hartzen du parte graduan, ikaskuntza-sistemaren barruan. Hala, enpresak benetako erronkak aurkezten dizkiete ikasleei, hezkuntza-prozesuaren barnean ebatz ditzaten. Izan ere, datuen, matematikaren eta IKTen bidez negozioari erantzuna ematera bideratuta dago gradua, negozioaren ikuspegi globalean oinarrituta. Datuak biltzeko eta biltegiratzeko, analizatzeko, bistaratzeko eta, azkenik, guzti horretan oinarritutako erabakiak hartzeko prozesuak ulertzeko gaituko du graduak.

Orobat, Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradua emango du Fakultate berak Bilbon lehen aldiz, ibilbide dualean eta formatu presentzialean. Gaur egun, lau urtetan (lehen ikasmailako bigarren seihilekotik hasi eta laugarren ikasmailaraino) ibilbide dualean, lana eta ikasketak txandakatuz, ematen den Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradu bakarra da Estatu Osoan. 

Goi Eskola Politeknikoa

Eskola Politeknikoan enpresen, erakundeen eta gizarte osoaren beharrei lotutako graduondoko bi titulu jarriko dira martxan.

Digitalizazioari, zibersegurtasunari eta industria-prozesuak eta robotak automatizatu, kontrolatu eta adimenez hornitzeko premiari lotutako profil teknikoak eskatzen ditu aspaldian lan-merkatuak. Hala, enpresen, erakundeen eta gizarte osoaren beharrei lotutako graduondoko bi titulu jarriko ditu abian unibertsitateak irailean: Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Garapena eta Eragiketak Unibertsitate Masterra, Euskadin aitzindaria, modalitate presentzialean eta ibilbide dualean; eta Robotika eta Kontrol Sistemak Unibertsitate Masterra, hori ere modalitate presentzialean eta ibilbide dualean. Bi tituluak lerrokatuta daude «Industria konektatua 4.0» esaten zaionaren harira Europan, Espainian eta Euskal Herrian jorratzen diren estrategiekin eta esparru horretako prestakuntza-beharrekin.

Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak emango ditu bi titulu ofizialok Arrasateko Campusean, modalitate presentzialean eta ibilbide dualean: bi egun ikasgelan emango ditu ikasleak, eta beste bi egun eta erdi ordaindutako praktikak egiten enpresan, ikasturtearen hasieratik bertatik.  Bi masterrek 18 hilabeteko iraupena izango dute.

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

Gizarte eraldaketa ahalbidetuko duten tituluak eskaintzea izango da helburu nagusia.

Irailetik aurrera, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eskaintza handitu egingo da, bi Unibertsitate Master gehiago izango ditu eta: alde batetik, Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan Masterra, TeamLabsekin batera diseinatutakoa, Bilbon eta Madrilen era erdi-presentzialean egingo dena. Ikaskuntzako eta Berrikuntzako prozesuak sustatzera zuzendutako titulazio bakarra da Estatu osoan. Helburua, hauxe: hezkuntza eraldatzeko prozesuak bultzatzeko, kudeatzeko eta ikertzeko gai izango diren tituludunak trebatzea, gizarte eraldaketa ahalbidetuko duten orotariko prestakuntza-testuinguruetan.

Eta, beste aldetik, DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle Gisa Aritzeko gaitzen duen Unibertsitate Masterra, ibilbide dualean eta modalitate erdi-presentzialean, Eskoriatzako campusean emango dena. Estatu osoan ibilbide dualean ematen den Bigarren Hezkuntzako Irakasleak gaitzeko Master bakarra da. Euskal Herriko hezkuntza-testuinguruan trebakuntza praktikoa eskaintzea da tituluaren helburua; hau da, jardun beharko duten ingurune aldakorra kudeatzeko gai izango diren pertsona kritikoak prestatzea. 

MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN GRADUAK. 16

  • INGENIARITZA. 9

Ingeniaritza mekanikoa (DUALA)

Industria Diseinuko eta Produktuaren Garapeneko Ingeniaritza (DUALA)

Industria Antolakuntzako Ingeniaritza  (DUALA)

Industria Elektronikako Ingeniaritza (DUALA)

Informatika Ingeniaritza (DUALA)

Energia Ingeniaritza (DUALA)

Prozesu Industrialetako Ekoteknologien Ingeniaritza (DUALA)

Ingeniaritza Biomedikoa (DUALA)

Ingeniaritza Mekatronikoa (DUALA)

  • ENPRESAGINTZA. 3

Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza – myGADE (DUALA)

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza - LEINN

Business Data Analytics (2019-2020)

  • HUMANITATE ZIENTZIAK. 3

Ikus-entzunezko Komunikazioa

Hau Hezkuntza

Lehen Hezkuntza

GASTRONOMIA. 1

Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak

Unibertsitate-masterrak. 15

  • GOI-ESKOLA POLITEKNIKOA. 8

Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterra (DUALA)

Enpresa Berrikuntzako eta Proiektu Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra (DUALA)

Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra (DUALA)

Sistema Txertatuetako Unibertsitate Masterra (DUALA)

Energia eta Potentzia Elektronikako Unibertsitate Masterra (DUALA)

Teknologia Biomedikoetako Masterra (DUALA)

Robotikako eta Kontrol Sistemetako Unibertsitate Masterra (DUALA)

Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Eragiketen Garapeneko Unibertsitate Masterra (DUALA)

  • ENPRESAGINTZA FAKULTATEA. 4

Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritza Unibertsitate Masterra

Marketin Digitaleko Unibertsitate Masterra

Erakundeen Nazioartekotzea Unibertsitate Masterra

Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoko Unibertsitate Masterra - MTalent

  • HUMANITATE ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEA. 2

DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle Gisa Aritzeko Gaitzen duen Unibertsitate Masterra (DUALA)

Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan Unibertsitate Masterra.

  • GASTRONOMIA ZIENTZIEN FAKULTATEA. 1

Gastronomia Zientzietako Unibertsitate Masterra

Irakaskuntza unibertsitate zentroa