Zerbitzu sektorean espezializatutako ikerketa zentroa
Ikerketa eta berrikuntzarako ekipamenduak
Finantza eta aseguru zerbitzuak.
Irakaskuntza unibertsitate zentroa
Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea
Irakurriena
- 1. Fagor Ederbatt, errendimendu handiko litiozko bateriak ekoizteko ekimen berria
- 2. Lehenengo ASETT foroa, ate joka
- 3. Udako Campusa antolatu du Mondragon Unibertsitateak
- 4. Asun Bastida: "Tokiko produktuak salmentetan duen partea %50 baino gehiago hazi da"
- 5. Ondarroako “Antiguako Ama” trainerua aurkeztu du Kidek
- 6. Ikerlanek 33 M€ko diru sarrerak lortu ditu, erdia baino gehiago enpresen I+G proiektuetatik
Sormenaren festa, Ikus-entzunezko Komunikazioko gradu amaierako lanen aurkezpenean

Bizi-bizi hasi da goizeko 9:00etan Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean, 2024-2025 ikasturteko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleen Gradu Bukaerako Lanen aurkezpen jaia (13 taldean egindakoak eta 5 banaka). Sormenaren bueltan eraikitako ekitaldia, graduko 4. mailako ikasleak bildu dituena -urduri batzuk- eta hainbat kooperatiba zein enpresatako arduradunak ere erakarri dituena.
Aurkezle, esan dutenez estreinakoz, Naroa Andres eta Eneko Eizagirre, 3. mailako ikasleak. Bientzat lehenengo aldia bai, baina azkena ez. Hori seguru. Hitz jarioa, txantxarako aldartea eta elkar ondo hartuta ibiltzeko gaitasuna erakutsi dute.
Hasieran, Vicente Atxak, Mondragon Unibertsitatearen errektoreak, bere hitzaldian heziketa dualaren balioa aipatu du eta horren isla dela Kimu Berri, azpimarratu: “Mondragon Unibertsitatearen hiru oinarriak ezagutza, ikerketa eta berrikuntza sustatzea dira, eta lan hori elkarlanean egiten du erakundeekin zein gizartearekin. Erreferente gara heziketa dualean, eta aitzindariak ikus-entzunezko graduan ikaskeko esperientzian praktikei leku esanguratsua ematen. Gaurko jaialdi hau ikasleak eta enpresak elkarrekin aritzearen adibide bikaina da. Dagoeneko 11 urtez ospatu dugun egitasmoa”. Eskerrak eman dizkie Gradu Bukaerako Lanen aurkezpen honetan, zein praktikak burutzeko programan, parte hartzen duten enpresei, eta bereziki Isea kooperatibari, hasiera-hasieratik lagun izan dutelako.
Taldean nahiz bakarka egin dituzten aurkezpenek, hainbat ikasgai utzi dituzte gazteek: Loreak bezalaxe, markak ere zaindu eta ureztatu egin behar direla. Musikak emozioetan eragiteko, algoritmoari ere entzun behar zaiola pixka bat. Batzuetan, dokumental bat egiten hasi eta espero ez zenituen bideak eta gaiak aurkitzen direla. Ikasi beharko dugula patata tortilla erakargarriak egiten: 200 gramo azpidatzi eta litro bat bertikaltasunekin. Pantailak batzuentzat horma direla, aniztasuna lantzen ez bada… eta nola ez, badagoela futbol amerikarra ‘kontakturik gabe’ jokatzea ere.
Begiak zabaltzeko balio izan du goizak, eta buruhausteren bat konpontzeko ere bai, markaren komunikazioa puzzle handi bat bezala ikusteko gai bagara behintzat. Aro digitalari lotuta makina bat lan egiteko dago, prentsa areto digitalak berritzea, esaterako. Aitor dezagun gauza batzuez asko jakin arren, dena ez dakigula, eta laguntza eskatu behar diegula bidelagunei gure hegoak nola erabili jakiteko. Lehengai onak eta esperientzia, borondate kolektiboa eta, batez ere, ausardia, osagai bikainak direla aldaketarako formula erreaktiboak sortzeko… eta dauzkagun formulak aldatzeko ere bai. A, eta gaur asko idatzi dugu hemen… nahiz jakin “kantuz esaten dena ez dela inoiz ahazten”. Kantuz… hurrengoan, beraz.
Enpresa eta erakunde hauekin elkarlanean egin dituzte ikasleek lanak: Peña Txuri Surf, Airaka-Mauka, Txikitxu Arrostaitz, Gautena, Biziraun, Rippers Agency, Coyotes de Santurtzi, Goiena, Anitzak, Galicia Ambiental, Arteman, Eibar S.D, Antiguako Ama, JMA, Laboral Kutxa, Sorland, AZK eta Athlon.
Epaimahaia hiru lagunek osatu dute: Mikel Orobengoak, ISEA Enpresako Zerbitzu Aurreratuetan Berrikuntzako zuzendariak, Idurre Albizuk, Garaia Parke Teknologikoko Negozio garapen eta Komunikazio arduradunak eta Iban Garatek, MONDRAGONeko Komunikazio taldeko kideak.
Ikasleen aurkezpenak pitching estilokoak izan dira. Saridunak erabakitzerako orduan, honako irizpideak hartu dituzte kontuan epaimahaikideek: aurkezpenaren argitasuna, interesa pizteko gaitasuna, aurkezpenaren erakargarritasuna eta originaltasuna, hizkuntza zuzentasuna eta, azkenik, erabilitako baliabideen egokitasuna eta denboraren kudeaketa. Behin aurkezpen publiko hauek eginda, hurrengo egunetan egingo dituzte ikasleek GBLn defentsa akademikoak tribunalen aurrean.
IdeiEnea, gune berria
IdeiEnea jaio berria den gune bat da Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusean. Etorkizuneko azpiegitura, emankorra izateko jaioa; dagoeneko badauden baliabide teknikoak punta-puntakoak direlako batetik, eta hemendik aurrera etorriko diren ideien eskutik bestalde. Nagore Ipiñak, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, halaxe azpimarratu du: “IdeiEnea ideien etxea da, izenak berak dio, eta gizartean eragin asmoz ekintzetara ideiak bideratzeko gunea. Aitzindaritzaren lekukoari gogor helduta, bide berriak esploratzeko tokia da denontzat, eta ate hau jo dezazuen gonbita luzatu nahi dizuet”.
2025eko irabazleak
1. saria.
Ikasleak: Irati Lizarralde, Oihan Loiti eta Ane Odriozola
Erakundea: Txikitxu Arrostaitz
2. saria.
Ikaslea: Deñe Garcia-Bravo
Erakundea: Athlon
3. saria.
Ikasleak: Haizea Bedialauneta
Erakundea: Sorland
Epaimahaiak gainera, aipamen berezia egin nahi izan die bi proiekturi: SD Eibar eta Goiena.