"Digitalizazioak izandako ondorioak ez dira esperotakoak izan zentzu guztietan"

Euskal Herriko Ikastolek pantailen erabilera murriztutko dute 12 urtera bitarteko ikasleen artean. Azken urteotako joerarekin alderatuta aldaketa sakona dirudi EHIk hartu duena. Hala, gaiaren sakontasuna aintzat hartuta, Beñat Irazabal eta Aritz Oinaguren Arizmendi Ikastolako IKT arduradunekin izan gara.
Card image cap
Beñat Irazabal eta Aritz Ojanguren, Arizmeni Ikastolaren Ferixalekuko egoitzan.
2026/10/30

Euskal Herriko Ikastolek hartutako erabakiaren inguruan zein iritzi du Arizmendi Ikastolak?

Guk geuk ere parte hartu dugu erabaki horretan, beraz, gurea ere bada. Euskal Herriko Ikastolen elkarteko kide moduan, 2024ko ekainean gauzatutako Ikastolen VII. Batzarrean hartutako norabideaz guztiz koherentea dela deritzogu. Gure egiten dugu aurkeztutako estrategia digitala bere osotasunean. Besteak beste, joan zen ikasturtean Arizmendi ikastolako IKTko kideok aktiboki parte hartu genuen Euskal Herriko Ikastolen “Marko teknopedagogikoaren” eta “Burujabetza digitalaren” kontraste foroetan. Hartutako norabideaz oso pozik gaude. Kontuan izan behar da, jada badirela urte batzuk Arizmendi ikastolan digitalizazioaren  eta hezkuntzan teknologien integrazioaren inguruan hausnarketa abiatu genuenetik. Oraindik bide luzea dugu aurretik, baina iparra finkatuta dugu eta taldean, komunitatean erronkari ondo erantzutea da gure nahia. 

Ez dago kontraesanik orain arte arlo horretan hartu diren erabakiekin?

Orain dela hamarkada bat baino gehiago hartu zen digitalizazioaren bideaz talka egiten duela badirudi ere, gure ustez, ez da guztiz horrela. Garai bakoitzean testuinguruari erantzunez, adin tarteak kontuan izanez eta ebidentzietan oinarrituz saiatu izan gara erabakiak hartzen. 12 urtetik beherako ikasleen kasuan, adibidez, sekula ez dugu ikasmateriala bere osotasunean digitalizatu, gehienez ere mixtoa izan da Ikastolon kasuan. Hala ere, autokritika egin beharra dugu, eta onartu beharra dugu, digitalizazioak izandako ondorioak ez direla esperotakoak izan zentzu guztietan. Gainera,  gaur egungo testuingurua ezberdina dela agerikoa da, gizarte mailan dugun erronka handienetako bat da digitalizazioarena, ez hezkuntza mailan bakarrik. Guzti honegatik, erabakia bera ez dugu inondik inora kontraesan moduan bizi.

Garai bakoitzean testuinguruari erantzunez, adin tarteak kontuan izanez eta ebidentzietan oinarrituz saiatu izan gara erabakiak hartzen. 12 urtetik beherako ikasleen kasuan, adibidez, sekula ez dugu ikasmateriala bere osotasunean digitalizatu, gehienez ere mixtoa izan da Ikastolon kasuan 

Ez genuen, eta ez dugu, kristalezko bolarik etorkizuna iragartzeko. Kontuan izan behar da, denbora aurrera joan ahala, gero eta  informazio gehiago dagoela, eta guk erdigunean ikasleen osasuna eta ikasprozesua jartzea nahi dugula; teknologia pedagogiaren zerbitzura jarrita. Bide honetan, ez dugu beti asmatzen, baina  erantzukizunez eta profesionaltasunez gure komunitatearekin eta komunitatearentzat ahalik eta erabaki onenak hartzen saiatzen gara. Gaur egun irizpide, baliabide (“Digicomp” markua, “Adimen digitala: euskal hezkuntza digitalerako eraldaketa plana” etb)  eta ebidentzia gehiago ditugu teknologien integrazioek izan ditzateken aldekotasun eta aurkakotasunen inguruan.

Oraindik bide luzea dugu egiteko, baina argi dugu hau prozesu bat dela. Pilatutako esperientzia baliatuz, gure asmoa, digitalizazioaren gaian ere, batipat ebidentzia zientifikoetan oinarritzea da.

Pantailen erabilera ona zela esan zeniguten gurasooi. Zergaitik neurri hau orain?

Pantailen erabilera ona edo txarra den erabilerari lotutako zerbait dela uste dugu. Testuingurua, heldutasuna, garapena, edukia, denbora, bidelaguntza, elkarrekintza... kontuan izan behar dira. Kontua da garai batean ezinbesteko moduan ikusten zela pantailen erabileran trebatzea eta gaur egun trebatze horri ñabardura batzuk gehitu zaizkiola esperientzian eta ebidentzietan oinarrituta.

kontuan izan behar dira. Kontua da garai batean ezinbesteko moduan ikusten zela pantailen erabileran trebatzea eta gaur egun trebatze horri ñabardura batzuk gehitu zaizkiola esperientzian eta ebidentzietan oinarrituta

Ikaslearen ongizatea erdigunean jarrita erreminta digitalak gure jardunaren, hau da, ikas-irakaskuntza prozesuaren mesedetan erabiltzea nahi dugu eta hori erabilera ona da.  Era berean, gure zeregina da ikasleak gaitasun digitalak ere eskuratzea. Dena dela, gure helburua haratago doa,  ikasleak ahalduntzea da, hau da, kurrikuluma betetzeaz gain, erabilera kritiko, arduratsu eta etiko bat egiteko gai izatea eta honekin batera gailu digitalak noiz ez erabili erabakitzeko ere gai izatea. Ahalduntze horretara heltzeko ikasleek  beraien garapen ebolutiboari lotutako ikaskuntza prozesu oso bat bizi behar dute, 3 fasetako prozesua da, bakoitza dagokion adinean garatuko dena: alfabetatze digitala - tresnen inplementazioa - ahalduntzea.

Fase bakoitza noiz eta nola aplikatuko den jasotzen du EHIren estrategia digitalak, eta hori da adituen ustez, Ikastolen Estrategia Digitalak duen indarguneetako bat. Digcomp-eko aditua den Stefano Klutzerrek asteleheneko aurkepeznean argi aipatu zuen, balidatutako markoa izateaz gain, inplemetazioa bideratuta egoteak berebiziko balio erantsia ematen diola tresnari. 

Alfabetatze digitala - tresnen inplementazioa eta ahalduntzea: fase bakoitza noiz eta nola aplikatuko den jasotzen du EHIren estrategia digitalak, eta hori da adituen ustez, Ikastolen Estrategia Digitalak duen indarguneetako bat

Zentzu honetan, beste esparru batzuetan moduan gure jardunarekin kritikoak izan behar dugu, eta moldaketak egin behar direnean, egin. 

12 urtera arteko neska-mutikoen kasuan aplikatuko da, momentuz... 

Ez da guztiz zuzena; hori Ikastolen Marko Teknopedagogikoa gailu digitalen erabilerara mugatzea izango litzateke. Egia da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan egingo den gailuen erabilera definitzen duela markoak baina horrekin batera konpetentzia digitala lantzen ere hasiko gara adin hauetan; modu deskonektatuan hasi eta progresiboki gailuetara zabalduz. Era berean, datorren ikasturterako prest egongo da konpetentzia digitala modu espezifikoan lantzeko ikasmateriala ere, baliabide digitalen erabilera etiko, arduratsu eta jasangarria sustatuko duena.

Guk ikastola moduan horrez gain, paraleloan gure kronogramaz aurrera jarraitzeko asmoa dugu. Digitalizazioaz lotutako erronka dexente ditugu esku artean: Besteak beste, aurtengoan Marko teknopedagogikoa ikastolako egitasmo guztietan aplikatzeko lehen pausuak emango ditugu, gailuen erosketa urtebete atzeratuko dugu, sistema eragile libreen pilotajeaz aurrera jarraituko dugu eta gurasoekin kontraste foro bat osatzeko asmoa ere badugu. 

12-16 urte bitartekoentzat ez da neurririk hartuko?

Aurrez esan bezala, DBHn hasiko da konpetentzia digitalaren berariazko lanketa. Edozein kasutan, EHIren helburuak orokorrak dira eta horregatik, gailu digitalen erabileraren murrizketa, adibidez, ikastola bakoitzak markoaren hausnarketa egiterakoan kontuan izan beharreko aspektu bat izango da. Gure kasuan, neurriak egitasmo edo adin tarte guztietan hartu ditugu eta erabakiek inpaktua izango dute maila guztietan.

Momentu honetan, gure Marko Teknopedagogikoaz gain, HUHEZIk eta EHIk garatutakoa izango da gure errefentzia nagusia. Honek ere adin tarte guztiei erantzuten die eta maila guztietan egin beharko dira moldaketak. “Ikasleen gaikuntza digitalaren mailakatzea” lortzeko edo beste era batera esanda, gure ikasleak ahalduntzeko erreminta, baliabide eta erabaki egokiak beharko ditugu.  

Momentu honetan, gure Marko Teknopedagogikoaz gain, HUHEZIk eta EHIk garatutakoa izango da gure errefentzia nagusia

Hau prozesu bat da eta guk bide horretan jarraitzeko asmoa dugu. 

Gaur Arizmendi Ikastolan zein da errealitatea?

Eraldaketa prozesu batean murgilduta gaude eta azken 3 urteetan Arizmendi ikastolan erabaki dezente hartu ditugu eta kronograma batetara eraman. Ekintza batzuk jadanik  bideratuta ditugu eta beste batzuk aurtengo ikasturtean bideratzekotan gaude. Zer egina badaukagun arren, ez gara zerotik hasten. Ondoren jasotzen ditugu honen adibide zehatzak:

  • Ikastolaren marko teknopedagogikoa egitea.

  • Profesionalen artean honen hedapena eta kontrastea.

  • Sistema eragile libreen pilotajea abiatzea irakasle batzuen artean, 

  • Maila guztietan gailuen erabileraren neurketa egitea, ikasgeketan gero doikuntzak proposatzeko.

  • Aldatu diren ikas materialetan eta sortzen ari garen berrietan analogiko-digital aukera hobestea: LH 5 eta 6ko hiru hizkuntzak, DBH 3ko ingelesa, LH 1-4ko euskara eta gaztelania… 

  • Teknologiek balio gehigarria ematen duten eremuen identifikazioa egitea: aniztasunari erantzuna, ikaskuntza pertsonalizatua, hizkuntzan zailtasunak dituzten haur eta familiei laguntza, simulazioak, gure errealitate hurbilean ez dauden gaien lanketa…

  • Email pertsonalen sorkuntzaren atzeratzea LH1etik LH4ra, 

  • Gailuen jabetzaren eta erosketaren adina atzeratze progresiboa zehaztea eta gailu kopurua jeistea.

  • Etxerako familien eskura guraso kontrol erreminta bat jartzea, 

  • Chromebook-ak ez diren gailuak erostea Ikastolarako, 

  • Datuen erabileraren inguruko informazio guztia familien eskura jartzea, 

  • Exerako lanen eta etxerako lan digitalen inguruko hausnarketa eta erabakia hartzea.

  • Familiei begirako formazioak abiatzea.  

  • EHIko “burujabetza digitala” eta “marko teknopedagogikoa” foroetan aktiboki parte hartzea eta datozen ikasturteetako estrategia digitala zehaztea.  

Gakoa ez dago gailuen erabilera hutsean, egiten den erabileran baizik, eta guk erabilera esanguratsu eta kontziente bat egin nahi dugu

Horrelako eraldaketa batek aurrez egoeraren azterketa egitea dakar eta aurrera begirako pausuak honen baitan antolatzea. Gure kasuan, gailu digitalen erabilera LH5etik aurrera hasten zen presentzia handiagoa hartzen eta hau da Ikastolen marko teknopedagogikoak proposatzen duena; baina aurrez aipatu moduan, gakoa ez dago gailuen erabilera hutsean, egiten den erabileran baizik, eta guk erabilera esanguratsu eta kontziente bat egin nahi dugu. Horregatik, ahalduntzen duen konpetentzia digitalaren lanketan sakontzea izango da gure erronka nagusia.

Bihar, Arizmendi Ikastolan, zein izango da jokabidea?

Ikastolen Estrategia Digitalak orain arte hartu ditugun erabakiak babesten eta indartzen ditu. Jadanik inplementatzen ari gara hauetariko asko eta beste batzuk kronogramatuak ditugu. 26-27 ikasturterako aurreikusitakoekin jarraituko dugu, eta inplementatutakoen ebaluazioa egingo dugu. 

Iparra argi dugu, beraz, helburu hori erdiesteko beharrezkoak diren pausuak ematen jarraituko dugu. Honetarako makulu ezberdinak beharko ditugu. Espero dugu bide hau gure komunitatearen bidelaguntzaz egitea. Klabea da, ikasleen ikaskuntza prozesuan familien partehartzea eta gai honetan ere bidea elkarrekin egin behar dugula argi daukagu. Eta horretan gu ere izango gara “makulu”. Familiei tresnak ematea ere badagokigu, seme-alabekin teknologia berrien aurrean zer eta nola jardun argiago izan dezaten. Gure haur eta nerabeak mundu hiperdigitalizatu batean bizi dira eta hor bizitzen jarraituko dute, hori ezingo dugu ekidin. Horrez gain, bide honetarako gurekin koherenteenak eta eskubideak errespetatzen dituzten erremintak erabiltzeko asmoa dugu. Zentzu honetan ere bide luzea dugu egiteko. 

Zerbait eransterik?

Zenbait gurasok gaur egungo testuinguruak eta Ikastolako digitalizazio prozesuaren eratorriak diren zenbait kezka helarazi izan dizkigute, baita ekarpenak ere. Eta asko eskertzen ditugu guztiak. Zintzotasunez eta erantzunkizunez ekarpen guzti hauei tokia egingo diegu, konpromisoa hartuta dugu. Elkarrekin egingo dugun bide hau denetzat da erronka bat, ikastolatik haratago, erronka sozial bat da. Erronka horren aurrean prozesu bat abiatu dugu ikastoletan eta prozesu orok bezala, bere denbora beharko du. Baina berri ona da ez gaudela bakarrik. Ikastolon elkarteaz gain, Euskal Herriko 115 ikastolek partekatzen dugun norabidea da, eta horrek inplementazioa, ebaluazioa eta hobekuntzetarako babes eta berme bat ematen digu. Gure bailaran ere espero dugu erronka guzti hauei komunitatean eta herri moduan erantzutea. 

Irakaskuntza