TUlankide MONDRAGON

Manifestu digitala

2019/06/06

Kalean da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko KoLaborategiak sortutako “Manifestu digitala”. Bertan, laborategiak digitalizazioari buruz duen ikuspegia azaldu du.
Manifestu digitala

“Manifestu digitala” argitaratu du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko KoLaborategiak, gizarte digitalerako hezkuntza eta komunikazioa laborategiak. Bertan, laborategiaren printzipio eta asmoak ageri dira, eta bereziki, digitalizazioari buruz duten ikuspegia mundura zabaltzeko sortu dute.

KoLaborategiko kideek argitaratu berri duten manifestuak biltzen dituen ideiak dira, azken finean, hezkuntzatik eta komunikaziotik digitalizazioaren inguruan lana egiteko eta jarduerak garatzeko dituzten printzipioak. Hainbat sail banatzen dira bertan, esate baterako: bizitza, balioak, inklusioa, genero berdintasuna, ingurumena edota euskara eta euskal kultura. 

Hona hemen “Manifestu digital” osoa:

0001 – Bizitza

Gizarte Digitala bizimodu erosoagoaren abagune izan daiteke, baina baditu bere arriskuak ere. Horiek kontuan hartuz, datozen belaunaldiei etorkizun duin eta ekitatiboa eskaintzeko digitalizazio jasangarria eta osasuntsua sustatuko dugu.

0010 – Balioak

Ziberespazioan pribatutasuna, segurtasuna, etika, deontologia… ezinbestekoak dira pertsona bakoitzaren nortasuna eta garapena babesteko. Guk kooperazioa, parte hartzea, erantzukizun soziala eta berrikuntza ere gehituko dizkiogu zerrendari.

0011 – Erabili eta ulertu

Gizarte Digitala ez da neutroa, eta eskaintzen dizkigun baliabideak zergatik, zertarako, nola eta non eraikitzen eta erabiltzen ditugun argi izan beharra dugu. Kultura digitala ulertzeko, adimen artifizialaren fikziotik errealitatera salto egingo dugu.

0100 – Ikasi eta ekin

Egin zaleak gara. Logika, sormena, iritzi kritikoa, jolasa… kultura digitalaren ardatzak dira eta, horietaz baliatuz, ikasleei beraien gaitasunak ezagutzeko eta garatzeko aukerak eman nahi dizkiegu. Amesten ez dena ezin da egin, egiten ez dena ezin da amestu.

0101 – Inklusioa

Baliabide teknologikoak erabili nahi ditugu gizarteen eta pertsonen artean dauden bereizketak (sozialak, ekonomikoak, teknologikoak, generokoak…) gainditzeko; konektibitatea izan daitekeelako inklusiorako eta gizarteratzeko bidea.

0110 – Genero berdintasuna

Agerian jarri behar ditugu hainbeste denboran ezkutuan egon diren emakumeen ekarpenak. Hezkuntzatik eta komunikaziotik pertsonen, eta, bereziki, generoen arteko berdintasuna, errespetua eta aitorpena bultzatuko dugu gizarte digitalean.

0111 – Ingurumena

Ingurumena errespetatuz, praktikatik, kontsumoa eta aztarna ekologikoa gutxituko ditugu eta baliabideen ustiaketari, zaharkitzapen programatuari, zein aldaketa klimatikoari aurre egingo diegu digitalizazioaren ikuspuntutik.

1000 – Gizarte kritikoa

Ateak irekiko ditugu teknologia ezagutu eta malgutasunez menderatzen ikasteko: tresna digitalen inguruko hausnarketa, ikuspegi kritikoa eta pertsonen eta gizarteen burujabetza bultzatuz, teknologiarekiko menpekotasuna gainditzeko.

1001 – Euskara eta euskal kultura

Hizkuntza gutxitu baten errealitatetik abiatuta, asko  eta aske izan nahi dugu aniztasun digitalaren bidez: munduarekin konektatuta, baina gure esentzia galdu gabe; influentzia berrietara irekita, baina herri tradizio  bati lotuta.

1010 – Mundura zabaldu

Gure komunitatetik mundu osora zabalduz, besteekin ikasi, lan egin, gozatu, bizi… nahi dugu. (Er)aldaketa digitaleko prozesuetan eten digitala saihestuko dugu baina, aldi berean, arnas-guneak edo detox digitala ahalbidetuz.

 

Eguraldia
Larunbata 14 Min: 15
Max: 30
Igandea 15 Min: 16
Max: 30
Astelehena 16 Min: 16
Max: 28
Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak