Kartoizko nukleoa duten surfeko oholak egin dituzte Mondragon Unibertsitatean

Prozesu osoan ingurumenaren aldetik produktu ahalik eta jasangarriena diseinatzea eta fabrikatzea zen ikasleen helburua.
Card image cap
2020/01/31

Flota ote dezake kartoizko nukleoa duen surfeko ohol batek? Bai, flota dezakeela frogatu dute Mondragon Unibertsitateko Ekoteknologia Industrialetako Ingeniaritza Graduko hirugarren mailako hamahiru ikaslek gaur goizeko 10:30ean, Donostiako Kontxa hondartzan. Hernaniko Orona Ideoko campusean ikasten dute hamahiru ikasleek, eta zortzi astez jardun dira proiektua garatzen, hots, kartoizko nukleoa duten surfeko oholak diseinatzen eta fabrikatzen. Donostiako Kontxako hondartzan erakutsi dute bideragarriak direla. Hiru ohol egin dituzte, diseinu eta modelo desberdinetakoak (Fish 5'5", Fish 6'4 eta Thruster 6'0).

Seihilekoaren amaierako proiekturako ekin dio ikasle-talde horrek surfeko oholen simulazioari eta fabrikazioari. Oholak bizikletan garraiatzeko sistema arin bat ere asmatu dute. Arazo errealak konpontzea xede duten PBL proiektuak (Project Based Learning) ditu oinarri ekimenak. Goi Eskola Politeknikoko ingeniaritzako ikasle guztiek baliatzen dute ikaskuntza-sistema hori. Seihilekoan zehar eskolan jasotako ezagutza aplikatzeko aukera izan dute ikasleek proiektu horretan, urte batzuk barru lantoki batean izan dezaketen ingurunearen oso antzekoan.

MU-Surf sostenible

Talde bakoitzak hamar minutu izan ditu ohola uretan probatzeko eta, Olatz Ruiz de Galarreta ikasleak adierazi duenez, “marka ezagunak saltzen dituen edozein dendatan erositako ohol batekin bezala egin daitekeela surfean” frogatzeko. Besteak beste, oholen alderdi hauek baloratu dituzte irakasleek: kalitatea (leuna den, parafinarik badaraman); uretan duen egonkortasuna; harekin surfean egin ondoren egitura behar bezala isolatuta dagoen eta urik sartu zaion; urik sartu bazaio, zenbat pisatzen zuen oholak uretara eraman aurretik eta ondoren; oholak gila finkoa ala desmuntagarria daukan; nolako egonkortasuna duen oholak ikasleek diseinatutako parrilaren gainean; parrilak beste erabilera batzuetarako balio duen, erraz desmunta daitekeen… Irakasleek, berriz, ohol estandar bat eraman dute, nahi duenak elkarrekin konpara ditzan hura eta ikasleek egindakoa. 

Launa edo bosna ikasleko hiru taldek egin dituzte kartoizko nukleodun surfeko oholak eta horiek bizikletan garraiatzeko sistema, zortzi astez lanean jardunda. Surfeko oholaren kartoi korrugatuko nukleoko piezak oinarri harturik, oholen simulazioa egin dute ingeniarigaiek, jakiteko zenbat beira-geruza ipini behar diren nukleoaren gainean irakasleen zehaztapenak bete eta, hartara, ahalik eta modurik jasangarrienean fabrikatzeko surfeko ohola. Bestalde, parrila bat ere diseinatu eta fabrikatu dute ikasleek (arina, korrosioarekiko erresistentea eta muntatzen zein desmuntatzen erraza), surflariek erraz eta seguru garraia dezaten ohola hirian zehar.

MU-Surf sostenible

Jasangarritasuna

Gaur egun, edozein produkturen fabrikazio-prozesu osoak ahalik eta jasangarriena izan behar du ingurumenaren aldetik. Urtean milioi bat surf-ohol (gutxi asko) egiten dira munduan, poliestireno estrusionatua edo poliuretanoa erabiliz, eta 200.000 tona karbono dioxidoren emisioa eragiten du fabrikazio-prozesuak.  

Baina azken urteotan beste material batzuk hasi dira erabiltzen zenbait diseinatzaile amateur (zura, kortxoa, paper birziklatua edo kartoia) oholak fabrikatzeko, oraingo eta etorkizuneko ingurumen-erronkak direla eta.

Horren adibide dugu ikasle-talde horren asmo handiko proiektua, hots, kartoizko nukleoa duten surfeko oholak egitea.  “Hau zen ikasle-talde horren helburua: hirugarren ikasturtean izan dituzten ikasgaietako jakintzaz baliatzea. Eta proiektu horrek eman die horretarako aukera, materialei eta fabrikazio-prozesu ez-alternatiboei, bizi-zikloaren azterketari eta gas kutsatzaileen emisioari buruz ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute eta. Gauza bat oso argi daukagu Mondragon Unibertsitatean gabiltzanok: alde batera utzi behar da ‘ikasgelan ikasitakoak ez du ezertarako balio’ dioen ustea”, adierazi digu proiektuaren arduradunak, Ángel Gallo irakasleak.

 “Surfeko ohol bat diseinatzea eta fabrikatzea egokitu zaidan arte uste dut ez nintzela ondo jabetzen zenbateko lana dagoen nire zaletasun handienetako baten atzean. Asko ikasten da proiektuetan oinarritzen den ikaskuntzaren bidez, eta honetaz ohartzeko balio du: kalkuluetan eta diseinuan  akatsen bat eginez gero zenbait egunetako lana alferrikakoa gertatzen dela. Kasu honetan, adibidez, guk diseinatu eta fabrikatutako oholak behar baino gehiago pisatzea eragin zezakeen akatsak. Hori dela eta, ardura handiagoz jarduten duzu lanean”, diosku ingeniaritzako ikaslea eta surflaria den Asier Iriondok.

PBL, proiektuak oinarri dituen ikaskuntza

Seihileko bakoitzaren amaieran proiektuak aurkeztea funtsezko ardatza du Mondragon Unibertsitatearen hezkuntza-ereduak. “Aitzindaria izan da Mondragon Unibertsitatea ingeniaritzaren alorrean proiektuetan oinarritzen den ikaskuntza erabiltzen, eta Orona Ideo campuseko bi ingeniaritza-graduetan ere eredu hori erabiltzen dugu, Arrasateko graduetan horrenbesteko arrakasta izaten ari den berbera, alegia”, azaldu digu Ekoteknologia Industrialetako Ingeniaritza Graduaren arduradun Asier Arostegik. “Hamar urte luzez metatutako esperientziak erakutsi digunez, horrelako proiektuak lagungarri zaizkie ikasleei enpresek geroz eta gehiago balioesten dituzten beste trebetasun batzuk eskuratzeko; adibidez, talde-lanean jarduteko gaitasuna, ekimena, sormena, lidergoa, autogestioa, planifikazioa, komunikazioa eta abar. Horrez gain, lagungarri dira ikasleak motibatzeko ere, beren bokazioaren hurbileko jardueren bidez, eta seihilekoan zehar jasotako ezagutzak sendotzeko”, dio Aristegik.

Aerosorgailu eramangarri eta txiki bat fabrikatzea, banbuzko bizikleta bat egitea, prozesu industrialetan alferrik galtzen den beroa berreskuratzea…, horra Mondragon Unibertsitateko Ekoteknologia Industrialetako Ingeniaritza Graduko Donostialdeko ikasleek egindako proiektuetako batzuk, betiere etorkizun hobea irudikatzeko eta eraikitzeko ahaleginean.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa