Irakurriena
- 1. MONDRAGONen Berdintasun Jardunaldiak aldaketa kulturala sustatuko duten lidergoak lantzeko deia egin du
- 2. MONDRAGON Hospitalityra batu da Orkli
- 3. Automozio Dibisioetako kooperatibek bazkide laguntzaile izateko akordioa sinatu dute MGEPekin
- 4. Domusa Teknik-ek eta MONDRAGONek Hotta-n inbertitu dute, bero-hondarra konfort bihurtzeko
- 5. Leire Mugerzak “Gipuzkoako enpresaburu onenaren” ASPEGI 2026 Saria jasoko du
- 6. Belaunaldi-erreleborik ezak eta kanpo-talentuaren hazkundeak eragin zuzena dute euskal enpresen ordainsari-politiketan
Sormena, ezagutza eta zorroztasuna ingeniaritzaren zerbitzura
Mondragon Unibertsitateak 11. PBL Day jardunaldia antolatu du, eta Goi Eskola Politeknikoko ingeniaritzako lehen, bigarren eta hirugarren mailetako 136 ikaslek hartu dute parte. Topaketa Galarretako Eko Campusean (Orona Ideon) egin da, eta ikasturteko lehen seihilekoan PBL (Project Based Learning) metodologiarekin gauzatutako proiektu eta maketak erakutsi dituzte ikasleek. Aurten, guztira 1.641 ikaslek hartu dute parte prozesuan, eta 360 proiektu baino gehiago garatu dituzte. Azkenik, 27 proiektu aukeratu dira aurtengo PBL Day jardunaldirako.
Mondragon Unibertsitateak ematen dituen hamar ingeniaritzetako lantaldeak lehiatu dira PBL Day eguneko edizio honetan. Irabazlearen saria 1.000 eurokoa da, bigarren saria 500 eurokoa, hirugarrena 300 eurokoa eta laugarrena 200 eurokoa. Hauek dira ingeniaritzak: elektronika industriala, mekanika, energia, biomedikuntza, mekatronika, informatika, ekoteknologiak prozesu industrialetan, industria-diseinua, industria-antolamendua eta industriara aplikatutako fisika.
Benetako arazoak konpontzean oinarritzen den ikaskuntza-metodoa da PBL, eta Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan eredu hori erabiltzen
Proiektu onenak hautzeko bi fasetan ebaluatu dira. Lehendabizi, Mondragon Unibertsitateko ingeniako irakasleek 27 proiektu aurkeztuak ebaluatu dituzte, eta 4 onenak aukeratu. Ondoren, enpresetako ordezkariek osatutako epaimahaiak 4 finalistak ebaluatu ditu, sarituen hurrenkera erabakitzeko.
Hauek izan dira lau proiektu finalistak: lehen haurtzaroan emozioak erregulatzeko tresna sentsoriala; trenbideko eta eskaladako istripu-etektorea; piezen tamainaren araberako sailkatzaile automatizatua, Arduino bidezkoa; mendiko patinete jasangarria eta erraz garraiatzeko modukoa garatzea; eta Ezpeleta markako Eolo Pureti eguzkitakoaren birdiseinua, unibertsitate-testuingururako.
Hitzaldi magistralak
Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza guztietako 1. mailako 563 ikasle joan dira ekitaldira, baita batxilergoko 150 ikasle ere. Entzunaretoan hitzaldiak eta tailerrak antolatu dira batxilergoko ikasleentzat, ingeniaritza ikasteak zer esan nahi duen gertutik ezagutu dezaten, eta balioetan eta gizarte-ekarpenean oinarritutako benetako proiektuen inguruko inspirazioa jaso dezaten ere. Hauek arduratu dira hitzaldiak emateaz: LUP startupeko kideak, euskal enpresa txiki hori martxan nola jarri duten erakutsi dutenak —enpresak teknologia aurreratua erabiltzen du irakurketa lagunduko irtenbideak eskaintzeko, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei autonomia eskaini eta egunerokotasuna errazte aldera—; eta NDANK NDANK, Senegalgo eta Euskal Herriko pertsonek osatutako elkartea, bi komunitateen arteko lankidetza sustatzen dutenena.
PBL metodologia
Benetako arazoak konpontzean oinarritzen den ikaskuntza-metodoa da PBL, eta Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan eredu hori erabiltzen. Ezagutzak etorkizunean egingo duten modu berean aplikatzea da hezkuntza-eredu horren xedea: arazoak aztertu eta konpontzeko ikasturtean zehar landu dituzten ezagutza-eremuak integratuta.
Zeharkako gaitasunak jorratzeko aukera ere ematen du ereduak, hala nola talde-lana, komunikazioa, lidergoa eta abar. Benetako arazoak konpontzea abiapuntutzat hartuta, eginez ikastea eta trebatzen ikastea da PBL metodoaren funtsa. Esperientzia horrek aberastu egiten du ikasleen eta enpresen jarrera profesionala.
Mondragon Unibertsitateak 15 urtetik gora daramatza benetako arazoak konpontzean oinarritutako ikaskuntza-metodo hori erabiltzen, hainbat arlotako ezagutzak txertatuz.

Irabazleak
- postua: EGGZEN: lehen haurtzaroan emozioak erregulatzeko tresna sentsoriala (1.000 euro)
- Titulazioa: Diseinu Industrialeko Ingeniaritza
- Kurtsoa: 3. kurtsoa
- Partaideak: Ainhoa Alonso, Uxue Etxebeste, Aitor Iñurrita, Unax Zanguitu eta Alazne Guerra
Proiektu honek EGGZEN aurkezten du, 3 eta 4 urte bitarteko haurrentzat ikasgelan erregulazio emozionala eta trantsizioa bultzatzeko diseinatutako tresna sentsorial berritzailea. Gainestimulazio digitalak markatutako hezkuntza-testuinguruan, EGGZENek alternatiba ukigarri eta ez-zuzentzaile bat eskaintzen du, fluidoen dinamikan eta Montessori printzipioetan oinarritua. Zenbait biskositate eta flotagarritasun kontrolatuko likidoen interakzioaren bidez, gailuak erritmo bisual aurresangarria eta lasaigarria sortzen du. Ikuspegi jasangarriarekin garatua, oinarri biologikoa eta tokiko fabrikazioa duten materialak erabiltzen ditu, eta haurren autonomia eta ongizatea sustatzen ditu, zentzumen-esplorazioaren bidez.

- Bigarren postua: Trenbideko eta eskaladako istripu-etektorea (500 euro)
- Titulazioa: Elektronika Industrialeko Ingeniaritza
- Kurtsoa: 1. kurtsoa
- Partaideak: Iñaki Escoriaza, Ekain Santa Cruz, Liher Nogueiras, Markel Zabalo eta Markel Errasti.

- Hirugarren postua: Piezen tamainaren araberako sailkatzaile automatizatua, Arduino bidezkoa (300 euro)
- Titulazioa: Mekatronika Industrialeko Ingeniaritzako Gradua
- Kurtsoa: 1. kurtsoa
- Partaideak: Julio Arriaga, Alejo Corengia, Jon Gestido, Jon Mena eta Marcos Zubillaga
Piezak altueraren arabera sailkatzeko sistema automatizatu baten prototipoa (maketa) diseinatzea eta garatzea.

- Laugarren postua: Mendiko patinete jasangarria eta erraz garraiatzeko modukoa garatzea (200 euro)
- Titulazioa: Prozesu Industrialetako Ekoteknologiako Ingeniaritza
- Kurtsoa: 3. kurtsoa
- Partaideak: Oier Angulo, Paula Romero eta Danel Martin
Proiektu honek mendirako taula tolesgarri eta jasangarri baten garapena zehazten du, erabiltzaile afizionatu eta ertainentzat diseinatua, eramangarritasunean eta ingurumen arduran zentratua. Oholak sandwich-erako estalki hibridoa du, liho-zuntzez eta kortxoz egina, eta malgukidun esekidurako ardatz berritzaileak, termikoki tratatutako aluminioz eginak. Fabrikazio-simulazio aurreratuak integratuz eta bizi-zikloa ebaluatuz (LCA), proiektuak arrakastaz balioztatzen du errendimendu handiko diseinu bat, ohiko merkataritza-ereduekin alderatuta ingurumen-inpaktua nabarmen murrizten duena.
- Finalista: Ezpeleta markako Eolo Pureti eguzkitakoaren birdiseinua, unibertsitate-testuingururako
- Titulazioa: Diseinu Industrialeko Ingeniaritza
- Kurtsoa: 2. kurtsoa
- Partaideak: Oier Aristeguieta, Elur Lazpita, Maren Liste, Nerea Orbegozo eta Yone Varo
Proiektuan Ezpeleta markako Eolo Pureti parasola birdiseinatu da, unibertsitateko testuinguru batera egokitzeko. Proiektuaren helburua eguzkitakoaren diseinua berrikustea eta hobetzea izan da, ingurune akademikoetan dauden baldintza eta beharretara egokitzeko: erabilera intentsiboa, campus barruko mugikortasuna, iraunkortasun irizpideak eta mantentzeko erraztasuna, besteak beste.