Irakurriena
- 1. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 2. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 3. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 4. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 5. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 6. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 7. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 8. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 9. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 10. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
Gradu-amaierako euskarazko proiektu onenak saritu dituzte
Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak euskaraz egindako Gradu-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete gaur MONDRAGONek Arrasaten duen egoitza nagusian. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira. Lehen sariaren irabazlea Zuriñe Muneta Ganuza izan da, Galbaianentzat egindako “Galbainanen jabetza industrial eta intelektualaren kudeaketa zerbitzuaren birdiseinua" lanagatik eta 1.500 euroko saria jaso du. Bigarren sariaren irabazlea Amaiur Mendi Altube izan da, Ikerlanentzat egindako proiektuarekin: “Indukzio bidezko berokuntza sistema bat diseinatzea, abiaraztea eta balioztatzea". Kasu honetan, 500 euroko saria eman diote.
Euskarazko proiektu onenen saria duela hamar urte sortu zen, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez
Euskarazko proiektu onenen saria duela hamar urte sortu zen, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.
Guztira 876 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 251 euskaraz egin dira, alegia, %28,6
Guztira 876 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 251 euskaraz egin dira, alegia, %28,6. MONDRAGONeko kooperatibetan 299 proiektu landu dira, horietatik 60 euskaraz. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.
Epaimahaia irakasle eta MONDRAGONeko ordezkariek osatzen dute
Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.
Saridunak
Lehen saria: Zuriñe Muneta Ganuza (Goi Eskola Politeknikoa)
Proiektuaren izena: Galbaianen jabetza industrial eta intelektualaren kudeaketa zerbitzuaren birdiseinua.
Laburpena:
Jabetza Industrial eta Intelektuala (JI) enpresek edota erakundeek modu aktiboan kudeatu eta ustiatu behar dituzten aktibo ukiezinen artean garrantzitsuenetarikoa den arren, Euskal Herriko enpresa-errealitatetik oso urrun dago. Enpresei beren enpresa-estrategian integratutako JIko estrategia koherentea edukitzen laguntzeko asmoz sortu da master bukaerako proiektu hau. Zehazki, Galbaian S. Coop. enpresaren JIaren kudeaketa zerbitzuaren berdiseinua burutzea du helburu. Enpresa horretako lantaldearen eta unibertsitateko hiru diseinatzaileren arteko elkarlanari esker, hainbat ko-kreazio saiotan bezeroa zentroan jartzen duen zerbitzuen diseinurako metodologia aplikatu eta bi programa sortu ditugu: “Bidaide” eta “Sokalagun”.
Programa horietan integratutako zerbitzuak direla medio, enpresek JIa soilik administratzetik aktiboki kudeatzera pasatzea lortuko dute eta desberdintze posizionamendua zein abantaila lehiakorra emango die. Gainera, orokorrean, proiektuari esker Galbaianeko taldeak diseinu estrategikorako gaitasunak barneratzea eta pertsonak berrikuntzaren zentroan jartzea lortu du.
Bigarren saria: Amaiur Mendi Altubek (Goi Eskola Politeknikoa)
Proiektuaren izena: Indukzio bidezko berokuntza sistema bat diseinatzea, abiaraztea eta balioztatzea.
Laburpena:
Master bukaerako lan hau kokatzen da Potentzia Elektronika azken urteotan sakontzen ari den alorretako batean, hain zuzen, indukzio bidezko berokuntzan. Indukzio bidezko berokuntzak ahalbidetzen du material eroaleak berotzea inolako kontaktu fisikorik gabe. Halaber, hiru ezaugarrik nabarmentzen dute berotzeko teknika hori: azkarra, iraunkorra eta kontrolatzeko erraza.
Proiektu hau, zehazki, altzairuzko barrak indukzio bidez tenplatzean oinarritzen da; eta helburua da prozesu hori ahalbidetuko duen sistema bat diseinatzea. Helburura iristeko, baina, zenbait eginkizunetan banatu da garapena. Lehendabizi, indukzio bidezko berokuntza zertan datzan ikertu da, oinarrizko kontzeptuak barneratu. Gero, aurretik egindako analisiak aztertu eta balioztatu dira; batetik, FLUX bidez (azterketa elektromagnetikoa), eta, bestetik, PLECS softwarea erabiliz (simulazio elektrikoa). Analisi horiek baliozkotzat hartzean gauzatu da diseinua.
Ikerlan zentro teknologikoko (Arrasate) Potentzia Elektronika sailean burutu da lana. Zentroan bertan martxan jarri nahi den erakusle baten potentzia elektronikaren zatia landuko da txosten honetan.