Irakurriena
- 1. AMETS Power Electronics sortu dute MONDRAGONek eta Artechek potentzia-elektronika sustatzeko
- 2. BGAEentzako fiskalitate berria. Nola eragingo dio zure pentsioari?
- 3. LKS Nextek Aitor Moreno batu du taldera, adimen artifizialean eta teknologia kuantikoetan erreferentea
- 4. Joxe Azurmendi hil da, “El hombre Cooperativo” lanaren egilea
- 5. Kooperatibetako barne komunikazioa irauliz
- 6. “Kooperatibismoak enpresen arazo bertsuei, soluzio desberdinak ematen dizkie, pertsona erdigunean jartzen duelako”
Joxe Azurmendi hil da, “El hombre Cooperativo” lanaren egilea

Joan den uztailaren 1ean hil zen Donostian Joxe Azurmendi Otaegi euskal filosofo, saiogile, poeta eta pentsalaria, 84 urte zituela. 1941eko martxoaren 19an Zegaman jaioa, euskal pentsamendu sakon, kritiko eta anitza eraikitzen eman zuen bere bizitza.
Azurmendiren ibilbide profesionala aberatsa bezain anitza izan zen, betiere pentsamendu kritikoarekiko, euskararekiko eta eraldaketa sozialarekiko zeukan konpromiso sakonak markatua.
Halaber, Esperientzia Kooperatiboaren ikerlari handia izan zen. Doktore-tesia (1984) eta saiakera enblematikoena José María Arizmendiarrietaren azterketa filosofikoari eskaini zizkion, eta, zalantzarik gabe, funtsezko ekarpena izan zen eredu kooperatiboaren sustrai etiko eta sozialak ulertzeko. Tesi horren ondoren, “El hombre Cooperativo” liburua argitaratu zen, MONDRAGONen eredu kooperatiboaren ideologo eta sustatzailearen pentsamenduaren azterketan oinarritua.
2014an, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearen (ALE) Batzar Nagusian eman zuen hitzaldia hemen ikusi dezakezu.
Era berean, gaztetatik, Jakin aldizkarian figura nabarmena izan zen, eta hura, euskarazko pentsamendu kritikorako plataforma bilakatu zuen. Azurmendi Filosofia Modernoko katedraduna izan zen EHUn (Euskal Herriko Unibertsitatean) 2011n erretiroa hartu zuen arte, eta ibilbide akademiko oparoa burutu zuen.
Ikaragarria da bere ekoizpena: 40 liburutik eta 500 artikulutik gora, euskaraz zein gaztelaniaz, etikatik hasi eta hizkuntzaren historiara arteko gaiak jorratuz. Ospe handiko sariak jaso zituen, besteak beste, Euskadi Saiakera saria (2006), Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria (2009) eta Irun Hiria saria birritan.
Gugan bego, Joxe Azurmendi!