Goi Eskola Politeknikoak bikoiztu egin du ikasle berrien kopurua

Ingeniaritzako ikasle berri gehien dituen Estatuko unibertsitate pribatua da Mondragon Unibertsitatea.
Card image cap
2019/06/27

Estatuan ingeniaritzako ikasle berri gehien dituen unibertsitate pribatua da Mondragon Unibertsitatea,  Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak zabaldu dituen datuen arabera.Azken zortzi urteotan, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak bikoiztu egun du ikasle sartu berrien kopurua: 2010-11 ikasturtean 226 ikasle matrikulatu ziren eta aurtengo ikasturtearen hasieran 461 ikasle. Oso ratio handiak dira, eta horien osagarri dira enplegagarritasun-tasa handia eta langabezia-tasa txiki-txikia, % 3 besterik ez. Datu horiek zerikusia dute unibertsitate honen berezko ezaugarri batzuekin, esaterako ikasketak eta lana uztartzen dituzten ikasleen ehunekoarekin, modalitate dualean ikastea aukeratzen duten ikasleen kopuruarekin eta Mondragon Unibertsitatea aitzindaria den irakatsi eta ikasteko metodologia aktiboekin.

Ikasketak eta lana txandakatzea, eskaintza duala eta metodologia aktiboak

Ingeniaritzako graduko ikasleen argazkiak erakutsi duenez, 2. mailako ikasleen % 22k ikasketak eta lana bateratzen ditu; ehuneko hori ia erdiraino, % 45eraino, iristen da 3. mailako ikasleen artean; eta 4. urtean, berriz, ikasleen % 100ek egiten du enpresako proiektu bat. Masterretan, oraindik handiagoak dira ratioak: 1. mailako ikasleen % 60k eta 2. mailako % 100ek bateratzen ditu ikasketak eta lana.

Hori izan daiteke unibertsitate horretako egresatuen enplegagarritasun-tasa handiaren arrazoietako bat. Izan ere, 2016-2017 ikasturteko ingeniaritzako ikasleen artean iaz egindako ikerketaren arabera, belaunaldi horretako ikasleen % 3 bakarrik zegoen langabezian.

Eredu dualaren aldeko eta irakatsi eta ikasteko metodologien aldeko apustuak ere zerikusi zuzena du enplegagarritasun-maila handi horiekin.

Goi Eskola Politeknikoak ziurtagiri duala du ingeniaritzako gradu guztietan, Mondragon Unibertsitatea aitzindaria izan baitzen modalitate horretan duela 50 urtetik, eta Euskadiko liderra da horrelako ziurtapenetan: 15 titulu ditu akreditaturik, eta, horrenbestez, bere eskaintzan titulazio dual genien dituen euskal unibertsitatea da. Unibertsitateak modalitate duala eskaini duen 50 urteotan, emaitzek agerian jarri dute ereduaren arrakasta.

Goi Eskola Politeknikoaren berezko beste ezaugarri bat ikasteko metodologia da: benetako arazoen ebazpenean oinarritzen da, irtenbiderik onena bilatzeko proiektuen diseinuaren eta garapenaren bidez —Learning by doing—. Mondragon Unibertsitatea aitzindaria da Estatuan metodo horretan. Europa iparraldeko eta Estatu Batuetako unibertsitateetakoekin parekagarria den eredu horren bitartez, ikasleek ikasturtean bereganatutako ezagutzak erabili eta ezagutza berriak identifikatu eta garatu behar dituzte, baita ikasgelan eta banaka lantzea zailak diren gaitasunak eskuratu ere.

2016-17 belaunaldiko egresatuak

Ikerfelek 2016-2017ko belaunaldiko 618 ikasleen artean egindako enplegagarritasun-ikerketak emaitza bikainak eman ditu, bai kuantitatiboak bai kualitatiboak, ingeniaritza-fakultateko ikasleentzat. Daturik esanguratsuenetako bat ikasleen langabeziari buruzkoa da: ingeniaritzaren bat egin zuten belaunaldi horretako ikasleen % 3 bakarrik ari da lan bila.

Datuak datu: ikasleen % 55 lanean dago, % 24 lanean eta ikasten aldi berean; % 14 ikasten; % 3 doktorego-tesia egiten eta % 1 autonomoa da.

Ikerketaren beste datu interesgarri bat egindako ikasketekin bat datorren enpleguari dagokiona da: ikasleen % 87k uste du bere ikasketekin bat datorren lanpostua duela. Lantokiari buruzko datuak ere eman ditu ikerketak. Hala, lanean dauden graduko egresatuen % 87 Euskadin ari da lanean, Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresetan; % 5 atzerrian ari da lanean, eta gainerako 6ak Euskaditik kanpoko Estatuko enpresetan dihardu. Lan egiten duten enpresei dagokienez (ikasten ere aritu ala ez), % 41 korporazioko enpresa batean ari da lanean eta gainerako % 59ak Mondragon Taldekoak ez diren enpresetan lan egiten du.

Enplegua errazteko bidea izan da ikerketak agerian jarri duen beste datu interesgarri bat. Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateak eginkizun garrantzitsua betetzen du tituluak diseinatu eta sortzeko (enpresan egin beharreko gradu-amaierako edo master-amaierako lana barne hartuta), enpresekin dituen harreman eta lankidetzari eta haiekin sinatu dituen hitzarmen ugariei esker. Hala, egresatuen % 40k onartu du lana aurkitu duela gradu edo master-amaierako lana egin zueneko enpresari esker.   

Euskadiko errendimendurik handieneko unibertsitatea

Bestalde Hezkuntza Ministerioak unibertsitate pribatuetako ingeniaritza-tituluei buruz emandako datuen arabera, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa ikasle berri gehien dituen unibertsitate pribatua da Estatuan. Izan ere, 2017-28 ikasturtean 535 ikasle berri zituen unibertsitateak ingeniaritzako graduetan; hurrengo postuan Nafarroako Unibertsitatea dago, 317 ikaslerekin.

Conocimiento y Desarrollo Fundazioaren sailkapenaren arabera, berriz, errendimendu orokorrik handiena duten Estatuko unibertsitateen artean dago Mondragon Unibertsitatea, seigarren postuan, hain zuzen. Beheragoko postuetan Deustuko Unibertsitatea (12.a) eta Euskal Herriko Unibertsitatea (20.a) daude. Sailkapen horretan, beraz, MU errendimendurik handieneko unibertsitatea da Euskadin.

Conocimiento y Desarrollo (CyD) Fundazioak egindako sailkapenaren seigarren edizioa da hori. CyDk 23 ezagutza-eremu eta 73 unibertsitatetako 2.522 titulazio aztertu ditu horretarako. 

Errendimendurik handieneko unibertsitateak ez ezik, STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) eremuko errendimendurik handieneko karrerak ere neurtu ditu. Bada, sailkapen horretan, Mondragon Unibertsitateko Industria Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Mekanikoko graduak hirugarren eta bosgarren posizioetan daude, hurrenez hurren.

Era berean, unibertsitateek eskualde-garapenari egiten dioten ekarpena neurtzen du sailkapenak, eta, irizpide horretan, Mondragon Unibertsitatea oso posizio onean dago, eta ezagutzaren transmisioan egiten duen lana aitortzen zaio.

Mondragon Unibertsitateko ingenieritza fakultatea