Euskal familiek konfiantza galtzen jarraitzen dute

LABORAL Kutxaren Ikerketa sailak adierazi duenez, EAEko familien konfiantza 4 puntu okerragotu da.
Card image cap
2020/01/15

Zein da euskal familiek datozen hamabi hilabeteetako bilakaera sozio-ekonomiko orokorrari dagokionez duten iritzia?

Urteko laugarren hiruhilekoan, EAEko familiek aurreko hiruhilekoan agertu zuten joera mesfidatia (-9, -4 puntu) bere horretan mantendu da. Zuhurtzia hori bat dator Estatuko (-10) eta EB-28ko (-7) zein Frantziako (-6), Erresuma Batuko (-10) eta Alemaniako (-3) familiek agertutakoarekin (haiek ere haien mesfidantza mantendu dute). Hala, urte osoko datuari dagokionez, hiru urtetan izan duen balio okerrena jaso du.

Zer faktorek osatzen dute euskal familien konfiantza eta bilakaera?

  • EAEko kontsumitzaileen ustez, hurrengo hamabi hilabeteotan okertu egingo dira ekonomia orokorra (-17, -7 puntu) eta enplegua (-22, -15 puntu).
  • Era berean, EAEko familiek beren familiako ekonomiaren inguruan dituzten igurikimenek izandako okerragotzea mantendu egin da (-7, -5 puntu); aldiz, aurrezki-igurikimenak handitu egin dira (6, +6 puntu).
  • Bestalde, EAEko familien ustez, prezioak bizkorrago igoko dira hurrengo hamabi hilabeteotan (-31) eta inflazioaren gorakada hori prezioen bilakaeran ere hauteman daiteke (KPI, urrikoa, % +0,5).
  • Hitz gutxitan esanda, eta 2019. urte osoari dagokionez, hurrengo hamabi hilabeteotarako egoera sozioekonomikoarekin lotuta EAEko familiek duten konfiantza okerragotu egin da. Igurikimen hori 2019ko hirugarren hiruhilekora arteko (Eustat) hazkunde ekonomikoaren (% 2,1) eta enpleguaren (% 1,6) urtetik urterako bilakaerari kontrajarrita dago. Gauza bera gertatzen da Gizarte Segurantzaren afiliazioak (azaroko datua) izandako bilakaerarekin (979.910; urtetik urterako % +2,1) eta langabeziarekin (113.777; urtetik urterako % -6,4).

Nola eragiten du familietako konfiantzak gastuaren eta inbertsioaren erabakietan?

  • EAEko familien kasuan, erosteko unearen inguruko balorazioa okerragotu egin da (-8,-2 puntu), baina zertxobait hobetu dira erosketa handiak egitearekin lotutako igurikimenak (0, +2 puntu). Hori guztia kontuan hartuta, urte osoari dagokionez, erosteko unearen balorazio negatiboa da (-5, +4 puntu) eta erosketa handiak egitearekin lotutako igurikimena, aldiz, neutroa (0, +6 puntu).
  • EAEko familien % 0,8k adierazi du etxebizitza erosi nahi duela, eta % 6,8k ibilgailua erosi nahi duela. Urte osorako ratio horiek, hurrenez hurren, % 2,1 eta % 6,4koak dira (bi balio horiek 2017koaren eta 2018koaren gainetik daude).
  • Amaitzeko, ibilgailuen matrikulazioa % 5 gutxitu da urteko datu osoari (urtarrila-azaroa) dagokionez. Aldiz, etxebizitzen salerosketa % 1,1 handitu da (urtarrila-iraila metatua).

Laburbilduz, EAEko familiek konfiantza galdu eta balio negatiboak izan dituzte honako hauekin lotutako haien igurikimenak okerragotu egin direlako: ekonomia orokorra, familiako ekonomia eta enplegua. Aldiz, familiek aurrezteko gaitasunarekin lotuta dituzten igurikimenak positiboak dira. Erosketa eta inbertsio handien kasuan, EAEko familiek etxebizitza erosteko asmo txikiagoa erakutsi dute, eta ibilgailua erostearekin lotutako igurikimenak, aldiz, antzeko baliotan daude.

Banketxea