Irakurriena
- 1. Berrikuntza eta Teknologiako Bilkura egin du aurten ere MONDRAGONek
- 2. MONDRAGON Hospitality Summit: sektore soziosanitarioa hizpide
- 3. Nerea Aranguren: “Konfidantza sortu, nor garen egiaz kontatu eta gazteei egitasmo humanistak eskaini behar dizkiegu”
- 4. Aliantza estrategikoa egin du Fagor Ederlan Groupek Duoli Automotive Technology txinatarrarekin
- 5. AMETS Power Electronics sortu dute MONDRAGONek eta Artechek potentzia-elektronika sustatzeko
- 6. Coprecik bere identitate korporatiboa berritu du
Gaztenpresa Fundazioak 348 enpresa sortzen lagundu du 2024an

LABORAL Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak 348 enpresa sortzen lagundu du 2024an, eta enpresa horiek 696 lanpostu berri sorrarazi dituzte. 1994an sortu zenetik, Fundazioak 7.246 enpresari lagundu die abian jartzen, eta horiek 13.371 laguni eman diete lana.
Datuok Gaztenpresaren 2024ko txostena aurkezteko ekitaldian ezagutarazi dituzte, LABORAL Kutxak Bilbon duen lurralde-egoitzan. Gaztenpresako lehendakari Ibon Urgoitipozik azaldu da enpresen eta lanpostuen sorreran izan dituzten lorpenekin. Halaber, Gaztenpresa bereizten duten ezaugarri batzuk nabarmendu ditu: “Pertsonak ezinbesteko elementuak dira proiektuak bide onetik joan daitezen eta denborarekin finka daitezen; horregatik, Gaztenpresan ahalegin handiak egiten ditugu, pertsonei euren bidean laguntzeko, negozioa abian jarri ondoren ere”. Eta, adibide gisa, datu adierazgarri bat nabarmendu du Urgoitik: “Gure Fundazioak babestutako enpresen biziraupen-tasa % 77tik gorakoa da 5 urte igarotakoan; orokorrean, ordea, batez besteko tasa ez da % 50era iristen”.
2024an 1.521 eskaera jaso ziren guztira
Proiektuak sortzeko eta finkatzeko laguntza osoa
Prozesua hasteko, ekintzaileak bere ideia aurkezten du —2024an 1.521 eskaera jaso ziren guztira-. Ondoren, ideia hori benetako negozio-aukera den aztertzen du Gaztenpresako lantaldeak. Azterketa horren ondorioz, ezetsi egiten dira bideraezintzat jotzen diren proiektuak, eta bertan behera uztea gomendatzen zaio ideiaren sustatzaileari. Puntu horretan, garrantzi berezia hartzen du Negozio Plan deritzonak, funtsezko tresna baita enpresa bat abian jartzeak dituen inplikazioak ulertzeko.
Bideragarritzat jotzen diren proiektuak finantza-egitura egokia bilatzeko etapara igaroko dira. Finantzaketa funtsezko elementua da. Proiektu bakoitzeko batez besteko inbertsioa 104.070 eurokoa da, eta, premisatzat harturik ideia baliagarri bat bera ere ez dadila gauzatu gabe gelditu finantzaketarik ez duelako, iaz sortutako 348 enpresetatik 275ek banku-finantzaketa behar izan dute, modalitateren batean. Emandako maileguen batez besteko zenbatekoa 53.904 eurokoa izan da. Ikuspegi historikoarekin begiratuta, 216 milioi eurokoa izan da 1994az geroztik emandako maileguen zenbateko agregatua.
Ondoren, enpresa ireki eta abiarazteko fasean, Gaztenpresak beharrezko tramiteak egiten laguntzen du, hala nola baimenak, errentamendu-kontratuak, hornitzaileen kudeaketa eta abar. Era berean, aholku ematen du dirulaguntzak jasotzeko dauden aukera desberdinei buruz.
Enpresa abian dagoenean, finkatze-fasera iristen da ekintzailetza-zikloa. Negozio baten lehen pausoak kontuz eman beharrekoak dira; izan ere, proiektuak porrot egiteko arrisku handia dago lehen urteetan. Hori dela eta, Gaztenpresak lan-ildo berezi bat du, enpresa berriei jasangarritasuna bermatuko dien oinarri sendoaren gainean finkatzen laguntzeko. Horri esker, enpresen biziraupen-tasa %77tik gorakoa da 5 urte igarotakoan; orokorrean, ordea, batez besteko tasa ez da %50era iristen, EUSTATen datuen arabera.
Enpresak finkatzeko programaren barruan daude, era berean, enpresa-gestioko tailerrak, kontsultak egiteko kanala (Consulting Pro) eta pertsonalizatutako mentoring-programa, ekintzaileei urtebetez laguntza ematen diena. Guztira 1.100 bat lagunek hartu dute parte enpresak finkatzeko 2024an zehar gauzatutako ekintzetan.
Gizonezkoa, batez beste 39 urtekoa eta goi mailako ikasketarik gabea; hori da Gaztenpresara jotzen duen ekintzailearen profil estandarra
Ekintzailearen profila Gaztenpresan
Sortzen diren enpresen %80 zerbitzuen sektorekoa da. Hauxe da Gaztenpresara jotzen duen ekintzailearen profil estandarra: gizonezkoa (%56), batez beste 39 urtekoa eta goi-mailako ikasketarik gabea (%77). Enpresa berrien forma juridikoari dagokionez, %72 enpresaburu indibidualak dira eta %28 sozietateak —%85 sozietate mugatuak, eta %15, kooperatibak-.
Legado eta Transforma
Gaztenpresak asmo handiko Legado programa jarri du abian, titularrek laster erretiroa hartuko dutelako eta belaunaldi-errelebu jakinik ez dutelako ixtear dauden negozioen transmisioan eta jarraitutasunean laguntzeko. Helburu hau du Legadok: programan parte hartzeko interesa duten negozioak identifikatuta, proiektuen ardura hartu nahi duten pertsona egokiak aurkitzea.
Horrela, negozio bideragarriak ixtea saihestu nahi da, eta, aldi berean, nahi duten pertsonei aukera egokia eskaintzea, abian dauden eta funtzionamendu historiko ona izan duten negozioak eskuratzeko. Prozesua modu ordenatu eta planifikatuan gauzatzen laguntzen zaie bi aldeei. Era berean, Legado programaren osagarri, Transforma programa ere jarri du martxan Gaztenpresak. Horren bidez, kooperatibaz bestelako forma juridikoa duten enpresei gizarte-ekonomiako formulak hartzen laguntzen zaie, enpresen erantzukizuna mugatzeko, finantza-egitura hobetzeko eta eredu kooperatiboak hedatzeko.